Euskal Herriko Itzulia

Garaipen argigarria lortu du Almeidak

Aise nagusitu da Itzuliko laugarren etapan, eta bere egin du lidergoa. Bakarrik iritsi da helmugara, Izuan bizi abiatu ondoren. 28 segundo atera dizkie aurkariei. Bigarren Del Toro izan da; hirugarren, Schachmann, eta Aranburuk bosgarren egin du.

Joao Almeida garaipena ospatzen. MIGUEL TOÑA / EFE
Joao Almeida garaipena ospatzen. MIGUEL TOÑA / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko apirilaren 10a
17:42
Entzun 00:00:0000:00:00

Joao Almeida (UAE) garaipenen ingurumarian zebilen Itzulian. Erlojupekoan, segundo ehunen eskas batzuk falta izan zitzaizkion irabazteko. Beasaingo (Gipuzkoa) etapan, ordea, huts baten ondorioz ihes egin zion Alex Aranburuk (Cofidis). Bada, onena izan da gaur, Markina-Xemeinen (Bizkaia) amaitu den etapan. Hamahiru kilometroren faltan egin du alde, Izuako malda bortitzetan, eta bakarrik egin du hortik helmugara artekoa. Aranburu gogor saiatu da hura harrapatzen, aldapan gora zein behera, baina Almeida ukiezina izan da gaur. 50 urte geroago, portugaldar batek irabazi du Itzuliko etapa bat —Fernando Dias Ferreira hirugarren etapan gailendu zen 1975ean—.

Horretaz landa, Almeidak urrats garrantzitsua egin du lasterketa irabazteko. Argi geratu da hura dela hautagaien artean indartsuena. Izuan erritmo itogarria ipini, eta apurka tartea zabaldu du, helmugan 28 segundoko abantaila lortzeraino. Saldoan iritsi dira beste faboritoak, eta Isaac Del Torok (UAE) irabazi du esprinta, Maximilian Schachmannen (Soudal) aurretik. Alemaniarra maila harrigarria ari da ematen, eta, Izuan sufritu egin duen arren, duin defendatu du lidergoa. Almeidaren erakustaldia, ordea, gehiegizkoa izan da harentzat. Sailkapen nagusian bigarren gelditu da, 30 segundoko atzerapenarekin. Hirugarren, berriz, Florian Lipowitz (Red Bull) dago, 38 segundora. Eta Aranburuk gora egiten jarraitzen du: zazpigarren da orain, 1.37ra.

Eztabaida eta nahasmen handia izan zen atzoko etaparen ostean. Aranburuk lehen postuan igaro zuen Beasaingo helmuga, baina antiklimaxa etorri zen gero: ezkiotarrak azken biribilgunean egindako ustezko akatsa zigortu zuten komisarioek. Gero, lasterketa liburuari erreparatuta, eta Cofidis taldearen argudioak aintzat harturik, Aranburu irabazletzat jo zuten berriro. Etapa bukatu eta bi ordura hartu zuten azken erabakia. «Oso arratsalde txarra pasatu nuen», aitortu du gaur Aranburuk. Nola edo hala ospatu du garaipena, Beasainen bertan podiumera igota, etapa hasi aurretik.

Berriz ere gora eta behera ibili dira txirrindulariak, zerra itxurako ibilbidean. 170 kilometro eta 3.500 metroko desnibela pilatu dute hanketan, zazpi mendate puntuagarri igota. Horietatik bigarrenean, Muniketaganen, bederatzi laguneko multzo bat sortu da lasterketa buruan. Iheslarien artean, Leo Bisiaux (Decathlon) zen mehatxurik handiena sailkapen nagusian, liderrarengandik hiru minutura egonik. Sona handiko ziklistak izan ditu inguruan: Marc Soler (UAE), Finn Fisher Black (Red Bull), Sepp Kuss (Visma), Mauro Schmid (Jayco), Ben Healy (Education) —Alex Baudin taldekidearekin batera— eta Andrea Bagioli eta Quinn Simmons (Lidl). Nekez zabaldu dute tropelarekiko aldea; Solerrek, bien bitartean, mendiko puntuen bilduma handitu du. Lider ipini da sailkapen horretan.

Ihesaldian ez da euskal txirrindularirik sartu, harik eta Txomin Juaristik (Euskaltel) eta Ander Okamikak (Burgos) atzetik aurrera egin, eta Lekoitzeganen —eguneko bosgarren mendatea— lasterketa burukoak harrapatu dituzten arte, helmugatik 70 kilometrora. Tropeletik garai egokian egin dute hanka, ihesaldiaren tartea artean murritza zenean. Gero handitzera egin du, baina ez askorik: aurrekoek bi minuturen errenta izan dute asko jota. Bahrain tropelaren lehen postuetan agertu ahala, behera egin du aldeak. Erritmo bizia ipini dute Pello Bilbaoren taldekideek Izuara iristeko tarte leun eta luzean.

Hamasei kilometroren faltan irentsi dituzte iheslariak, azken mendatea abiatzear zirela. Abiada bizian iritsi dira bertara, eta berehala, hanka altxa du Bilbaok. Kontrara, sua piztu du haren taldekide batek: Santiago Buitragok. Gutxi iraun dio joak. Almeidaren erasoa, baina, erabakigarria izan da. Tontorretik 2,6 kilometrora eta helmugatik 13,5era abiatu da; eserita, erritmo aldaketa bortitzik egin gabe, baina pedalei gogor eraginez. Lipowitzek eta Clement Champoussinek (Astana) eutsi diote gehien, eta Aranburu laster batu zaie, atzetik aurrera eginda. Almeida gero eta urrunago ikusi dute; 28 segundo atera dizkie mendate gainean. 11 kilometrora zegoen helmuga. Portugaldarrak ez du hutsik egin jaitsieran, eta aurkariak ez zaizkio batere gerturatu. Gauzak oso alde jarri zaizkio Eibarko podiumean txapela janzteko.

Apur bat samurragoa

Azken bi etapetan zazpina igoera izan dituzte; bihar, ordea, lau mendateri egin beharko diete aurre Gernikara bidean. Hirugarren mailakoak dira denak: Campanas, Sarasola, Aretxabaleta eta Errigoiti. Bilbaoren jaioterrian bukatuko da etapa; ibilbidea diseinatzen lagundu zien antolatzaileei. Hasiera nahiko leuna izango da, baina azken 85 kilometroetan apenas egongo den atseden hartzeko zatirik. Mendiko sailkapenerako balio ez duten aldapa ugari gainditu beharko dute ziklistek. Horietatik luzeenetako bat helmugatik 20 kilometrora igoko dute. Azken bost kilometroetan, berriz, %10etik gorako zenbait malda izango da. Jaitsiera labur baten ostean, ordekan iritsiko dira helmugara.

Faboritoen artean ez da alde handirik espero, baina bestela izan daiteke urrutitik erasoka hasten badira. Segada usaina dario ibilbideari. Ondo kokatuta egoteak garrantzi handia izango du. Etapa ehiztarientzat etapa aproposa izan liteke. Norbaitek garaipena bakarka lortzen ez badu, multzo murritz baten esprintean erabakiko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.