Koteto Ezkurra. Erremontista

«Alkohola bezalakoa naiz, iraungitze datarik gabea»

Uztailean 25 urte beteko ditu profesionaletan, eta, adinaren ajeak nabaritzen hasia den arren, Koteto Ezkurrak ez du bidearen amaieran pentsatzen. Erremontea garai zailean dagoela badaki; «gure pilotaleku mundu hura galtzen ari da» dio, baina ez du itsasontzia uzteko asmorik, zorretan dagoela sentitzen duelako.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2015eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Hilabete pasa darama min hartuta Koteto Ezkurrak, baina, hobera egin ahala, jokatzeko gogoa itzultzen zaio. Gero eta okerrago darama geldirik egotea: «oso lehiakorra naiz, eta harra sentitzen dut dagoeneko». Erremonteak, baina, aspaldi utzi zion bizibide izateari, eta, egun, lanarekin tartekatzen du.

Zer moduz gorputz hori?

Ongi. Orain dudan lesioa pixka bat kronikoa da. Ez da zaintiratu bat edo. Pubiseko osteopatia dut, eta kronikoa da. Egun batzuetan gogorrago ematen dit, beste batzuetan arinago... Ea egun gutxi barru berriz irteten naizen.

Adina nabarituko duzu hor ere.

Bai, ez direlako unean-uneko minak, kronikoak dira, eta maila igotzen baduzu, gorputza pixka bat gehiago estutu behar duzu, eta orduan bidaltzen dizu abisua.

Orain lan egiten duzu jokatzeaz gain. Zaila al da uztartzea?

Ez, moldatzen naiz. Urteak pasatzen dira, eta burua ez dago bakarrik pilota munduan. Guk badakigu gure azken pausoak ematen ari garela eta bizi berri bat hasi behar dugula. Baina niri erremontea oso ondo datorkit lanetik deskonektatzeko —enpresa txiki bat du— eta oso zoriontsu nago.

Enpresa bat aurrera ateratzeak 11 txapel irabazteak baino meritu handiagoa du.

Bai, ia. Hau beste mundu bat da. Aurreko mundua, pilotarena, guretzat behintzat, oso erraza zen. Gustura joaten ginen, urte onak harrapatu genituen. Orain, aldiz, kalera irtenda, dena oso ezberdina da, eta dena gehiago landu behar dugu.

Erremontearen urte onak ezagutu izan zenituela esan duzu. Horren berri debutari bati ematen diozunean sinesten al dizu?

Ez zait gustatzen hor hatza sartzea. Jende gazteak galdetzen dizu ea nolakoak ziren. Nik gehiago kontatzen diet zer giro genuen: jende gehiago, apustuengatik presio handiagoa zegoela... Orain beste modu batera begiratzen zaio pilotalekuari. Egoera hobea edo okerragoa den, oso ezberdina bai behintzat. Lehen pilotalekua modu sakonago batean bizi zen. Gure mundu hori galtzen ari da, eta ez bakarrik erremintan. Belaunaldi berriek gure produktua ez dute bizi guk gure garaian bizi zen bezala.

Euskal kiroletan pasatzen ari da.

Arrauna kanpo utziko nuke, herri mailan bizi delako. Baina plaza kirolak: esku pilota, herri kirolak... Belaunaldi berriek beste modu batean bizi dituzte, oso ezberdin. Orain, pilota festa moduan bizi dute, eta guk benetako pilotaleku giro gisa bizi genuen.

Erremonte profesionala bukatu da. Jada ez da bizibide.

Egia da: bukatuta dago. Egun erremontetik bizitzea ezinezkoa da, egoera asko aldatu ezean behintzat. Lehen apustua zegoen, sarrerak... Orain amaitzen ari da, eta ohitura horiek zituen jendea desagertu egin da. Batetik, adinarengatik, eta bestetik, egoera ekonomikoarengatik. Produktua jota dago, modatik pasatzen ari da. Zuzeneko ikuskizun guztiak, oro har, garai txarrak pasatzen ari dira. Jendeak beste bide batzuk ditu: Internet, telebista...

Patxi Zeberiok eta zuk uko egin diozue ordainsariari. Keinu polita da, zergatik?

Oriamendik proiektu oso polita eratu zuen, eta sartu egin ginen. Urteekin gauzak okertu egin dira, eta nik aunitz zor diot erremonteari. Gauza polit asko, eta enpresari eskertu egin behar zaio lana. Nik nire esku dagoena emango diot. Erremonte munduan niretzat dirua ez da dena.

Enpresarekin lotura oso estua duzue.

Oso harreman ona. Nire laguntza eskaini nien, eta proiektuan bete-betean sartu nintzen. Azken bi urteak nola ari diren pasatzen, eta, hala ere, egiten ari den lana ikustea... Emaitzak ez dira iristen, baina euren jarduna txalotzekoa da. Nik esan nien nik ez nuela erremontean diruarengatik jokatzen. Proiektua oso polita zen, baina toki guztietan gauzak asko okertu dira. Laguntzak landu eta bilatu, baina ez dira iristen, eta zer egingo diogu.

Ba al du irteerarik?

Zaila. Nik ez dut atea ixten, baina zaila. Hainbeste lan egin, eta, hala ere, ez lortu, eta beti jendearen atzetik zabiltzanean... Indarrak ere bukatu egiten dira. Baina, tira, ahal dugun bitartean jarraituko dugu, eta ea noiz arte iraun dezakegun. Gauden bitartean gure onena eman behar dugu, ikuskizun ona, eta nahiz eta dirurik ez irabazi, jokatzen duenak bere onena eman behar du.

Zeberio eta zu eredu al zarete? Zergatik jarraitu?

Guztiarengatik. Nik sekulako afizioa dut; zoriontsu naiz jokatzen. Bizitza osoa egin du saskia jantzita, eta bihotzean daramat erremontea, pilotalekua, bertako jendea... Eta, beste aldetik, nik harrotasun hori dut, oso lehiakorra naiz. Gazteek eta nik elkar xaxatzen dugu. Egoera ona ez izan arren, zure onena eman behar duzu berdin-berdin. Eredu bat? Ez dakit, agian bai. Hori bai gauzak ez dira berdin ikusten 22 edo 42 urterekin.

Ze harreman duzu gazteekin? Zuk debutatu zenuenean zure aurkari asko jaio gabe zeuden.

Adarra jotzen didate, «Hi, aitona! Gaur larri ibili haiz hor zabal aldera eta!»... Polita da, eta gauden garaian nik uste dut horrelako gauzak behar direla aurrera egiteko. Klasismo moduko bat balego, gaizki. Mundu guztia bere onena ematen ari denean, multzoa egin behar dugu gure artean. Talde polit eta sendoa dugu. Nik ulertzen dut gazteei ilusio handia egiten diela gurekin jokatzea. Hasieran batzuek beldurrez begiratzen dizutela dirudi, baina handik bi egunera ikusten dute zuk eskua luzatzen diezula eta eskertzen dute.

Zuk 16 urterekin debutatu zenuen, hori legezkoa al zen?

Bai, 1990ean. Ez dakit! [barrez] Guardia Zibila ez zen etortzen niregana. Baietz uste dut, sekula ez dut horretan pentsatu. Bai, 25 urte pasatu dira jada, eta ibilbide polita izan dudala uste dut.

Eta seme edo alaba batek, 16 urterekin, hori esango balizu?

Hala nahi badu, bada ongi. Nik ordu asko pasatzen ditut semeekin pilotalekuan eta gustatzen zaie. Txikiak, Kotetok, pilota bihotzean darama, maite du. Pilotan aritu nahi badu, nik lagunduko diot. Badakizu, orain munduan zerbait lortzeko asko egin behar da borroka, eta bide onetik badoa, lagunduko diot.

Oroitzen zara zertan gastatu zenuen lehen soldata?

Ez dakit, baina erran behar dizut: 18 urterekin, nire arrebak kreditu txartelak kendu zizkidan; ez nekien zertan gastatzen nuen, baina dena gastatzen nuen.

Binakako azken txapelketa irabazi duzu. Motibazioa hor dago.

Noski! Begira, orain min hartuta nago, bi hilabete jokatu gabe, hondoa jota... Baina apurka ondo jartzen ari naizenez, harra sartzen zait. Ni zezenak bezalakoa naiz: gero eta gehiago xaxatu, are indartsuago jotzen duela; bada, berdin. Eta azken txapelketarena... lesio batetik irten berri nengoen, eta apurka erritmoa hartuz joan nintzen. Horrek asko motibatu ninduen.

Galtzeak min ematen al dizu?

Handia. Min handia ematen dit galtzeak. Galtzaile ona naiz, baina barrutik min ematen du.

Zu dominatzaile bat izan zinen, eta orain estu hartzen zaituzte. Nola bizi izan duzu aldaketa?

Ni urte askoan, 10-12 bat, egon nintzen abantailak ematen, partidak eta partidak, txapelketak... Nire onena ematen nuen eta ondo sentitzen nintzen. Gero gauzak pixka bat aldatu ziren: txinparta galtzen duzu... eta ondo aritzen zara, baina ez lehen bezala. Besteak hurbilduz doaz, eta, azkenean, pasatzen zaituzte, eta onartu egin behar duzu. Gero zure harrotasuna sartzen da jokoan, aldeko abantailarik ez duzu nahi, baina... Bizilegea da. Zu iritsi zinen bezala, beste batzuk etorri dira. Nik badakit nire egungo maila eta duela hamar urtekoa oso ezberdina dela. Errealista izan behar duzu.

Errealista izanda, noiz arte?

Nik ikusten badut sobera nagoela, edo irudi txarra ematen dudala, joango naiz, argi daukat. Orain, dena den, uste dut ondo ari naizela. Jokoa ematen diot erremonteari. Oraindik ez dut erretiroan pentsatzen.

Iraungitze datarik ez, beraz? Ez zara jogurtak bezalakoa.

Ez. Ni asko irauten duten produktu arraro horietako bat naiz. Alkohola bezalakoa naiz, ez dut iraungitze datarik.

Zer-nolako maila dago egun?

Maila polita dago. Baina kontuan hartu behar da jende gutxiago dagoela eskoletan, eta, hala ere, irteten dira pilotari politak. Duela gutxi lauk debutatu zuten, eta ondo ari dira. Baina egia da kopurutik irteten dela kalitatea.

Lehen profesionalak zineten, orain militanteak. Nabaritu al da jokoan?

Ez gara erremontetik bizi, baina profesionalak gara. Zuk militante deitu gaituzu; bada, militante talde bat izateko maila oso ona dago.

Zer iruditzen zaizu San Miguelen kasua? —Enpresak kontratua eten zion—.

Guretzat gauza desatsegina izan zen. Gure munduan zurrumurru eta halakoak garesti ordaintzen dira. Gu gure onena ematen ari gara, eta horrelako egoera bat sortzea bizkarreko bat izan zen. Pena ematen du, halako pilotari bat eta giro hori sortzea pilotalekuan... Zaila da hori bizitzea.

Buruz burukorako bai?

Ez dakit. Oraindik hilabete batzuk gelditzen dira. Ea nola ailegatzen garen. Azken unean erabakiko dut; hori gogorra da eta ondo pentsatu behar dut. Pilotalekua oso luzea da.

Buruak zer dio? Eta gorputzak?

Nik gauza on bat dut, joko sasoia oso bizkor hartzen dut, baina hartzen dut nire gorputzak eutsi dezakedanetik haratago. Sasoiko egotera gerturatzen ari naizela ikustean, ez dakit gelditzen. Gehiago eta gehiago nahi duzu, eta gorputzak une batean zera esaten du: «Honaino». Auto bat bezalakoa da, orduko 180 kilometroko abiaduran joan daiteke, baina 190era igotzen baduzu, gelditu egiten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.