Errugbia

Alfonso Feijoo donostiarrak, Espainiako federazioko presidenteak, dimisioa eman du

Espainiako gizonezkoen selekzioa Munduko Txapelketetatik kaleratzeak hainbat kontu astindu ditzake ligan, eta eragina izan Ordiziarengan eta Gernikarengan.

jarraia212739.jpg
Iñaki Berastegi.
2022ko apirilaren 29a
16:50
Entzun

Ez da giro Espainia aldeko errugbian. Munduko Txapelketerako sailkatu bazen ere gizonezkoen selekzioa, Nazioarteko Federazioak kaleratu egin du, Hegoafrikako jokalari bat erabiltzeagatik espainiar bezala, horrela ez denean. Gavin van den Berg da jokalari hori, eta Alcobendasen jokatzen du. Nola ligan ari den, ondorioak izan ditzake lehiaketan. Eta bertan ari diren Euskal Herriko taldeei eragin diezaioke erabaki sortak, Ordiziari eta Gernikari. Momentuz, gauza bakarra da ziurra: Alfonso Feijoo Espainiako federazioko presidenteak dimisioa iragarri du. Donostiarrak esan du auzia amaitzean utziko duela kargua. Dena dela, helegitea iragarri du Nazioarteko Federazioaren epaiaren aurka.

Alcobendas zuzenean jaisten badute, igoerako finala jokatzen duten bi taldeak igoko lirateke. Hori dio araudiak. Getxo igoerako kanporaketa hasiko da jokatzen asteburu honetan, eta finalera helduko balitz, zuzenean igoko litzateke. Baina, Espainiako Federazioak Nazioarteko Federazioaren ildoa jarraitu, eta taldea zuzenean jaitsi beharrean, iruzur egin duen partidetako puntuak kentzen badizkio, sailkapena berrantolatuko litzateke. Hori horrela balitz, Gernikak aukera izan lezake jaitsierako playoffa jokatzeko, Alcobendas izango bailitzateke azkena. Eta ikusi beharko da Ordiziari ere eragiten ote dion, sailkapenean puntu gehiago pilatuz edo ez. Garrantzi handiko erabakia da, eta azkar hartu beharrekoa. Momentuz, asteburuan ez da jokatuko Alcobendas eta El Salvadorren arteko kopako finala, kautelazko neurri gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.