Alfonbra gorria eta ate itxia

ESAIT ezkor agertu da egoera ikusita, eta ez du uste aurten ere euskal selekzioaren partidarik jokatuko denik

Bilbo
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Euskal selekzioaren egungo egoerari buruzko hausnarketa egin zuen atzo ESAITek, eta Egoitz Askasibar iritzi taldeko kideak jakitera eman zuenez, litekeena da aurten ere norgehiagokarik ez jokatzea, hori guztiz erabakita ez badago ere: «ESAITek dituen datu eta informazioen arabera, segur aski euskal selekzioak ez du partidarik jokatuko». Federazioaren eta jokalarien arteko negoziazioei buruz ezer gutxi dakitela aitortu arren, ezkor agertu zen. «Eztabaiden berri hedabideen bitartez jakindugu. Ez gaude negoziazioetan, eta ez dakigu emaitza zein izango den. Ez dakigu zehazki abenduan zer gertatuko den».

«Partidaren bat jokatzekotan ezin dugu jakin zein kutsu izango duen. Jokatzeko erabakia federazioari eta jokalariei dagokie. Guk jokalariek hartzen duten erabakia errespetatuko dugu, jakinda orain arte argi adierazi dutela ofizialtasunaren aldeko bidea segitu nahi dutela. Jokatzea erabakitzen badute, horretarako beharrezkoak diren baldintzak badaudela pentsatzen dutelako izango da», esan zuen Martxel Toledok, ESAITeko bozeramaileak.

Dena den, eta jokatuz gero, agian duela urte batzuetako ofizialtasunaren aldeko aldarri garbirik gabeko partida izan daitekeela zehaztu zuen Toledok: «2007ko argazki hura ez da, tamalez, errepikatuko, gizartearen zati handi batek, futbol jokalariek eta ESAITek nahi duten bezala». Urte hartan euskal selekzioa Kataluniaren aurka aritu zen, eta biek egin zuten bat ofizialtasunaren aldeko aldarrikapenean. «Euskal futbol federazioak eta Eusko Jaurlaritzak borondaterik ez dute ofizialtasunaren bidean urratsak egiteko, eta, horregatik, abenduan partidarik jokatuko ez dela uste dugu», esan zuen bozeramaileak. Euskal Futbol Federazioak, Eusko Jaurlaritzak eta zenbait hedabidek «Espainiako Selekzioari alfonbra gorria jarri eta euskal selekzioari ateak itxi» dizkiotela gaineratu zuen.

Gogor salatu zuen, halaber, Santiago Arostegi euskal futbol federazioko presidenteak ordutik hona izan duen jarrera: «Federazioarekin biltzea eskatu dugu behin baino gehiagotan, 2007tik hona, baina Arostegi jaunak ez gaitu ordezkari gisa hartzen eta ez gaitu aurrean nahi». Askasibarrek ere «borondate falta» dagoela salatu zuen: «Ezin dugu gure selekzioa nazioartean lehiatzen ikusi, eta, gainera, ofizialtasunaren bidean ez dira pauso sinbolikoak ematen. Euskal federazioak Espainiako selekzioa babesten du». Halere, egoerari konponbidea jartzeko prest azaldu zen. «Batzorde ireki bat eskatzen dugu, solaskide guztiekin jarraitu beharreko estrategia bateratua zehazteko».

Izenaren inguruko auziari dagokionez, Euskal Herria izena duen selekzioak zazpi lurraldeak ordezkatzen dituela azaldu zuen Askasibarrek, «Euskaltzaindiak erabiltzen duen izena da, inongo kutsu politikorik gabe». Toledok, bestalde, garrantzizkoena ez dela izena esan zuen, «garrantzitsuena ofizialtasunaren aldeko pausoak ematea da».

Toledok 2007an egindako «aurrerapausoa» ekarri zuen gogora: «Ofizialtasunaren bidean pauso garrantzitsua eman zen, eta babesa ez zen nolanahikoa izan. San Mames beteta egon zen, 42.000 pertsonarekin. Giro aparta izan zen, ofizialtasuna bultzatzeko prest. Horretaz gain, manifestazioan ere 25.000 lagunetik gora egin zuten euskal selekzioaren aldeko aldarrikapena». Askasibarrek ere egun horretan bizitakoa izan zuen hizpide: «Kirol kutsua duen jende gehien bildu duen manifestazioa izan da. Areatzan ere giro aparta zegoen, 20.000 lagun udaltzaingoaren datuen arabera».

Alabaina, «egoera horrekin eroso sentitzen ez zirenak» bazeudela argitu zuen Toledok. Ofizialtasunaren bidean Euskal Futbol Federazioa eta Jaurlaritza oztopoak jartzen aritu direla gehitu zuen. «Ez gara inori gauzak leporatzen hasiko, hori segitu duenak badakielako ofizialtasunaren aldeko urratsik egiten ez dutenen eta 2007ko egoerarekin eroso ez daudenen asmoa zein den. Baina ESAIT ez dago egungo egoerarekin eroso. Horregatik, inongo presio edo bitartekaritzarik gabe egiten ditu adierazpenok».

Iritzi taldeko ordezkariek Jaurlaritzaren jarreraren adibidetzat jo zituzten Euskal Herrian jokatu diren hainbat Espainiako Txapelketa, Vuelta hurrengo urtean Euskal Herritik igarotzea eta Euskaltel-Euskadi taldeko autobusean Espainiako ikurrak jartzera behartu izana. Keinu horiek, «espainiartasuna bultzatzeko» estrategia batean sartu zituzten. «Espainiako selekzioaren aldeko jarrera garbia dute federazioak eta Jaurlaritzak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.