«Nahastu samar». Halaxe dago Alex Txikon, urtarrilaren 6an Manasluko tontorra (Nepal, Himalaia, 8.163 metro) zapaldu ostean. Baina «oso gustura» egindakoarekin. «Inoiz ez genuen hain azkar igo, eta, orain, hutsune moduko bat gelditu zait». Tontorra zapaldu zuenean «oso nekatuta» zeudela adierazi zuen, eta hala daude oraindik. «Ordubeteko edo ordu eta erdiko lo saioak egiten ari naiz egunero. Lagun askok bisitatu gaituzte, elkarrizketa asko ematen ari naiz... Oso polita da jendearen babesa jasotzea».
Dioenez, iazko ahaleginarekin konparatuz, hau izan da desberdintasun nagusia: «Laku baten ondoan, 3.700 metrora, beste kanpaleku nagusi bat jarri genuen, eta iruditzen zait asmatu genuela». Urtarrilaren 1ean egin zuten plangintza osoa, Simone Mororekin, kontuan hartuz eguraldi ona zetorrela urtarrilaren 6rako. «Baina bagenekien zaila izango zela, oraindik ez baikeunden oso egokituta. Baina lehen saiakera hura aprobetxatu behar genuen. Hala esaten zigun Morok». Urtarrilaren 3an abiatu ziren gorantz. «Oso baldintza gogorretan ibili behar izan dugu. Ez dugu hainbeste elur topatu, baina izotz gogor asko zegoen. Espedizio oso gogorra izan da teknikoki».
Gailurra zapaldu zuenean, «hotza eta beldur handia» sentitu zituen. «Ahalik eta azkarrena jaitsi nahi genuen. Lainoa sartuko zen beldur ginen. Kontu handiz jaitsi ginen». Kanpaleku nagusira iritsita hasi ziren min guztiak azaltzen. Ez du baztertzen datorren neguan beste ahaleginen bat egitea. Everest? «Arantza txiki bat geratu zitzaidan, baina neguan oso gustura sentitzen naiz, eta presatuta nago horrelako erronka baterako. Gustura joango nintzateke. Nahiz eta psikologikoki eta ekonomikoki oso gogorra den halako espedizio bat prestatzea».