TXIRRINDULARITZA. Azken metroetan zuen indarra baliatu, eta garaipen baliotsua lortu zuen atzo Alex Aranburuk (Caja Rural), Getxoko zirkuituan. Movistar ezustean harrapatu zuen, eta esprintean bera izan bizkorrena. Carlos Barberori (Movistar), Jon Aberasturiri (Euskadi Murias) eta Jesus Ezkerrari (Burgos BH) nagusitu zitzaien.
Espero bezala, Txomintxuko aldapa (%5 eta %14 arteko pendiza) erabakigarria izan zen. Hamar aldiz igaro behar zuten bertatik. Lasterketako azken itzulian Movistarrek kontrolpean zuen lasterketa. Bera zen UCI World Tour mailako talde bakarra, eta, iaz bezala, irabazi egin nahi zuen Carlos Barberoren eskutik. Bost txirrindulari zituen tropelaren buruan. Baina Caja Rural oldarkor aritu zen, eta ausardiak saria ekarri zuen. Izan ere, Aranbururen azken metroetako eraso horretatik harago, aurretik Fabricio Ferrari eta Miguel Angel Benito ere ahalegindu ziren Movistar estu hartzen.
Eguneko ihesaldian, gainera, Justin Oien sartu zuten. Hori izan zen garaipenerako lehen pausoa. 25 kilometroren faltan harrapatu zituzten iheslariak. Bost izan ziren guztira, tartean Juan Antonio Lopez Cozar Euskadi fundaziokoa.
Aranburu pozik mintzatu zen amaieran. «Pedal kolpe onarekin nengoen, eta gaurkoa bezalako amaierak oso aproposak dira niretzat. Garaipen honek denboraldi amaiera indarrez hartzeko balio dit. Taldekideek egin duten lana ere nabarmendu nahiko nuke».
Txirrindularitza
Alex Aranburu nagusitu da Getxoko Zirkuituan
Movistar ezustean harrapatu, eta esprintean gailendu zaie Carlos Barberori, Jon Aberasturiri eta Jesus Ezkerrari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu