Alemaniak azkar egin du lehen egitekoa etxean jokatzen ari den Eurokopa honetan. Julian Nagelsmannek entrenatutako selekzioa gaur bertan sailkatu da final-zortzirenetarako. A multzoko ligaxkan bigarrenez irabazita lortu du helburua: 2-0 hartu du mendean Hungaria. Joan den ostiralean lortu zuen lehen garaipena: 5-1 irabazi zion Eskoziari, Eurokopako estreinako norgehiagokan.
Orduan baino zailtasun gehiago izan ditu gaur Hungariari gailentzeko, baina, hala ere, nagusi izan da. Musialak sartu du lehen gola, 22. minutuan, eta Guendoganek bigarrena, 67.ean.
Albaniak Kroaziarekin berdindu du
Albaniak ezustekoa eman du, bina berdindu baitu Kroaziarekin, B multzoko bigarren jardunaldiko lehen partidan. Albaniarrek estu hartu zuten Italia aurreneko neurketan: gola sartu zuten hasi eta berehala, baina italiarrek emaitza irauli zuten gero (2-1). Gaur ere haiek sartu dute lehen gola, Lacik, 11. minutuan, baina Kroaziak buelta eman dio emaitzari bigarren zatian: Kramaricek sartu du aurreneko gola, 74. minutuan, eta Gjasulak bere atean sartu du bigarren gola, bi minutu eskas geroago. Itxura zuen Albania berriro esku hutsik geratuko zela, baina Gjasulak egindako hutsa konpondu du, 95. minutuan binakoa sartuta.
Bihar, hiru partida jokatuko dituzte: Eslovenia-Serbia (15:00), Danimarka-Ingalaterra (18:00) eta Espainia-Italia (21:00).