Aldeari eutsi behar dio

Gaur jokatuko du Bidasoak Europako Ligara sailkatzeko azken neurketa. Joanekoan 30-27 irabazi zuten irundarrek Artalekun

Bidasoako jokalariak, joaneko partidan, Magnus Langelanden jaurtiketa oztopatu nahian . JON URBE / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Trondheimetik (Norvegia) igaroko da Europako Ligara sailkatzeko trena. Han jokatuko du Bidasoak gaur, (20:45 Eitb.eus) bigarren kanporaketako itzulerako neurketa. Etxeko taldea izango dute aurrean: Kolstad. Joanekoan 30-27 nagusitu ziren horiak Artalekun, eta alde horri eutsi beharko diote ligaxkan egon nahi badute.

Asobal ligan kolpe gogorra hartu ostean, irundarrek pentsaera aldatu beharko dute. Bartzelonak hanka artean erabili zuen Irungo taldea, eta aise gailendu zenetxean (39-28). Orain, erronka handiari egin beharko diete aurre. Bigarren urtez jarraian egon nahi du Bidasoak Europako Ligako multzo fasean, eta asteburukoa azkar ahaztu beharko dute horretarako.

Joanekoan lan zaila izan zuen Bidasoak. Norvegiako taldea indartsu irten zen, eta aurretik izan zen markagailuan denbora luzez. Hala ere, 16-13 aurretik joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian, asko estutu zuten zaleek Artalekuko harmailetan, eta, Bidasoak sei golen aldea lortu bazuen ere, azkenerako hiru golekoarekin amaitu zen neurketa.

Gaurko neurketari begira, Jacobo Cuetara entrenatzaileak argi dauka «aurkari gogorra» izango dutela aurrean. «Lanaren erdia egin dugu, eta oso pozik gaude; baina haiek, etxean jokatuta, betebehar batzuk dituzte».

Jokalari batzuk min hartuta izan arren, Cuetarak «ondo» ikusten du bere taldea. Hala ere, jakitun da etxetik kanpo jokatuta zailtasuna areagotzen dela: «Sailkatzeko, gure onena eman beharko dugu, eta horretan dihardugu», adierazi du.

Jon Azkue kapitainak azpimarratu du «neurketa irabaztera» irten behar direla: «Hobe da hiru golen aldea izatea, alderik ez izatea baino, baina irabazten saiatu behar dugu, etxean egin genuen moduan». Oriokoaren ustez, «defentsan» egongo da kanporaketarako giltza: «Aurreneko jokaldi zuzenak gelditu behar ditugu, eta haien jokoa luzatu. Zailtasun gehiago dituzte taldean jokatzen», ohartarazi du.

Inbertsioan itxaropena

Norvegiako taldeak inbertsio handia egin du udan. Babesle indartsuari esker, ospe handiko fitxaketak egin dituzte, eta entrenatzaile berria ere ez da nolanahikoa. Christian Berge Norvegiako hautatzaile ohia da, eta Trondheimeko taldearen euskarririk nagusietako bat.

Kanporaketa honetara iristeko, Drammen HK kaleratu zuen, horiek ere Norvegiakoak. Drammen bigarren gelditu zen aurreko sasoian ligan, eta Kolstad, berriz, laugarren. Bederatzi punturen aldea egon zen bi taldeen artean, baina Kolstaden udako inbertsioak dena aldatu du.

Oraingoan, ondo baino hobeto hasi du Bidasoaren aurkariak sasoi berria. Jokatu dituen lau neurketak irabazi ditu, eta Norvegiako ligako lidergoan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.