Aldea txikitu egin da

AEBek zazpigarren bukatu dute Munduko Saskibaloi Txapelketan eta galdu egin dute Europako selekzio handien aurka. Espainiak bigarrenez irabazi du titulua, behetik gora eginda, eta talde lanari esker.

Espainiako saskibaloi selekzioko jokalariak, munduko txapelketako trofeoarekin. ROMAN PILIPEY / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Espainiakbigarrenez irabazi du Munduko Saskibaloi Txapelketa. Merezitako txapeldun izan da Txinan. Arlo taktikoan Sergio Scariolo hautatzaileak erakustaldia eman du, eta Ricky Rubio eta Marc Gasol izan dira gidari pistan. Halere, haien arrakastak adina zeresan eman du AEBen porrotak. Munduko jokalari onenak ditu, baina beste selekzioekiko aldea gero eta txikiagoa da.

AEB

Onenak behar dituzte

Zazpigarren izan da, jokalari profesionalak deitzen hasi zenetik Olinpiar Jokoetan eta Munduko Txapelketa batean inoiz izandako emaitzarik txarrena. Hamahiru urte ziren bi txapelketa horietan partidarik galtzen ez zuela. Txinan, ordea, bi galdu ditu, Frantzia (79-89) eta Serbiaren (94-89) aurka, hurrenez hurren, eta ozta-ozta irabazi dio Turkiari (93-92). Munduko Txapelketara, baina, ez dira jokalari onenak joan. Esaterako, iragan sasoiko NBAko Izarren Partidan egoniko bi baino ez zeuden deialdian. Selekzioak itzalaldi larriak izan ditu erasoan, buruz buruko jokoa gehiegi erabiltzeagatik, eta agerian gelditu da jokalari onenak eraman ezean ez dela garaiezina. Hala ere, Olinpiar Jokoetarako sailkatu da, eta Tokiora talde oso ahaltsua eramatea espero da.

ESPAINIA

Aukeraren zain

Espainiako saskibaloiak bere historiako arorik onena bizi du azken bi hamarkadetan. Pau Gasol eta Juan Carlos Navarro buru zituen belaunaldia joana da ia,2006an munduko txapeldun izan zena, baina haien lekukoa sendo hartu dute gazteek. Azken hiru Olinpiar Jokoetan AEBek kanporatu dituzte, birritan finalean eta behin finalerdietan, baina mamu beltzak kale egin duen horretan burua agertu dute. Rubio antolatzailea izan da jokalari onena.

ARGENTINA

Ezusteko erraldoia

Inork espero baino urrunago iritsi da. NBAko jokalari bakar bat ere izan ez arren, txapeldunorde izan da. Taldeak banakakotasunen gainetik egon dira Txinan, eta hor nabarmendu da Argentina. Defentsa, adorea, partiden kudeaketa... Serbia eta Frantzia kanporatu zituen, baina finalean ezin izan zuen Espainiarekin. Talentua falta izan zitzaion. Ginobili, Nocioni, Prigioni eta enparauak iragana dira, baina Campazzok, Laprovittolak... haien izaera lehiakorra heredatu dute. Eta, guztien gainetik, Luis Scola dago. Baskoniako ikur izandakoak txapelketa bikaina egin du 39 urterekin. Bosteko onenerako hautatu dute, eta bere ibilbidea urtebetez luzatuko du Olinpiar Jokoetan egoteko.

AFRIKA ETA ASIA

Oraindik urrun

Txapelketa hau Txinan izan da, eta hurrengoa Filipinetan eta Japonian jokatuko da. Tartean Tokioko Jokoak daude... Baina saskibaloia Europako eta Amerikako kirola da oraindik. Afrikan talentu handiak daude, baina selekzioek ez dute pausoa ematen. Afrikako selekzio onena Nigeria izan da, 17.a, eta Asiakoa, Iran, 23.a. Ez bata ez bestea ez zen kanporaketetan sartu, baina Jokoetan egongo dira euren kontinentetako selekzio onenak izateagatik.

OLINPIAR JOKOAK

Lehia estua

Zortzi talde daude sailkatuta dagoeneko: Espainia, Argentina, Frantzia, AEB, Australia, Iran, Nigeria eta Japonia. Lau toki gelditzen dira eta 24 selekziok hartuko dute parte 2020ko atariko lau torneoetan: Serbia, Eslovenia, Lituania, Italia, Grezia, Brasil, Alemania, Kanada, Turkia, Letonia... ez dira denak sartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.