Aldatuz gero, balio dezala zerbaiterako

Velimir Perasovicek Gasteizera itzuli zenetik lehenbiziko aldiz zuzenduko du Baskonia Euroligan, gaur, Milanen. Bikain ari da Armani: zazpi partidetatik bost irabazi ditu

Velimir Perasovic, aginduak ematen. SEDAT SUNA / EFE.
Julen Etxeberria.
2018ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Josean Kerejetak makina bat urte egin du Euroligako agintariak limurtzen Lauko Finala Gasteizen joka zedin. Helburua lortuta, Kirolbet Baskonia han egon dadin nahi du, kosta ahala kosta. Arrazoi horregatik besterik ezin da ulertu azken egunetan gertatutakoa: taldeak Euroligan bide eskasa zeramala ikusita —zazpi partidetatik bi bakarrik irabazi zituen—, klubak kargutik kendu du Pedro Martinez, eta Velimir Perasovic jarri du haren tokian.

Perasovicek jada zuzendu dio partida bat Baskoniari taldean entrenatzaile lanetan ari den hirugarren aroan. Joan den igandean izan zen, ACB ligan, Buesa Arenan, Kanaria Handiaren kontra. Estreinako ona izan zen, Baskoniak irabazi egin baitzuen. Baina Kerejetak ez du fitxatu duela bi urte Turkiara joateko atearekin muturrean eman zion entrenatzailea taldeak ligan partidak irabaz ditzan. Ez zuen horren beharrik, Pedro Martinez aulkian zela, ligako aurreko zortzi partidetatik seietan nagusitu baitzen Baskonia. Euroligan orain arte egindako lan eskasa hobetzeko ekarri du Kerejetak Perasovic. Horixe da denboraldi honetarako presidenteak egin duen apustua. Guztia jarri du horretan. ACB ligan edo Espainiako Kopan balentriaren bat egin ezean, Euroligan egindakoaren arabera neurtuko da ea sasoia balekoa edo ez izan den. Apustu ausarta da, ausartegia, Europako lau onenen artean muturra sartu beharra baitago. Behin bakarrik izan da Lauko Finalean Baskonia azken hamar urteetan. Duela bi urte izan zen, Perasovicek taldea zuzendu zuen azken denboraldian. Hain zuzen, Berlinen jokatutako Lauko Finala amaitutakoan jakinarazi zion kroaziarrak Kerejetari kontratua etengo zuela, Anadolu Efesera joateko.

Gaur, bi urte eta erdi geroago, berriro eseriko da Perasovic Baskoniaren aulkian Euroligan. Milanen (Italia) egingo du estreinakoa, Armani Exchange Olimpia Milanen aurka (20:45, Movistar Deportes 2). Aste honetan gasteiztarrek Euroligan jokatu beharreko bi partidetako lehena da, etzi Panathinaikos hartuko baitute Buesa Arenan. Aste aproposa izan daiteke susperraldia hasteko, betiere bi partidak irabaziz gero. Ez da egiteko samurra, bi aurkariak baitaude gasteiztarren gainetik sailkapenean.

Ezustean, ez da Panathiniakos hiruren artean koska gorenean dagoena, Armani Milan baizik. Italiako taldea zabuka ibili da azken urteetan. Dirua barra-barra xahutu du, baina ezertarako ez, 2014tik ez baita sailkatu final-laurdenetarako. Sasoi honetan, ordea, badirudi gorago egon daitekeela. Oso lan ona egiten ari da: zazpi partidetatik bost irabazi ditu, eta bi bakarrik galdu, Real Madril eta CSKA Moskuren aurka, aurreneko bi sailkatuen aurka, hain zuzen ere. Ligan ere bide bikaina darama, irabazi egin baititu jokatu dituen zazpi norgehiagokak.

Bi jokalari nabarmendu dira Armanin orain arte Euroligan, eta biak Baskonian aritutakoak dira: Mike James joko-antolatzaile estatubatuarra —2014-2015eko eta 2015-2016ko sasoietan jokatu zuen Gasteizen— eta Vladimir Micov hegaleko serbiarra —2009-2010eko sasoiko lehen hiru hilabeteetan aritu zen Baskonian—. James eta Micov bigarren eta hirugarren dira Euroligan gehien baloraturiko jokalarien sailkapenean. Khimkiko Alexei Xved errusiarra bakarrik dute aurretik. Estatubatuarrak hemeretzi puntu eta zazpi asistentzia lortu ditu batez beste partidako, eta serbiarrak hamazazpi puntu partidako. Horiez gain, ondo ari dira ere Nemanja Denovic joko-antolatzaile eta eskolta serbiarra —hamalau puntu— eta Arturas Gudaitis pibot lituaniarra —hamabi puntu eta zazpi errebote—. Nedovic min hartuta dago, baina, hala ere, aspaldiko talderik onena du bere aginduetara Simone Pianigniani entrenatzaile italiarrak.

2012tik ez du irabazi Milanen

Armani Milanek izandako gorakada nahikoa erronka ez, eta Mediolanum Forumean jokatuko du Baskoniak. Oroitzapen onik ez du han jokatutako azken partidez, galdu egin baititu azken bostak. 2012an irabazi zuen, azkenekoz, Milanen.

Gaurko lehiaren zailtasunaren jakitun da Perasovic. «Azken urteetako talderik onena egin du Milanek. Eskarmentu handiko jokalariak dauzka», esan zuen atzo.

Aitortu zuenez, «oso denbora gutxi» pasatu da taldean aldaketak egiteko, eta,horregatik, «garrantzitsuena» aldaketa horiek «pixkana-pixkana» egitea da. «Taldea ondo ari da entrenatzen. Ahal fisikoa eta talentua du. Beraz, oldarkorrago jokatu behar dugu. Partidaz partida joan behar dugu. Lehia bakoitza final bat da, Euroligak ez baitu barkatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.