Martxoarekin batera iritsi ohi da, urtero, Lilatoia. Bihar egingo da, martxoaren 3an, eta 34. aldia izango da aurtengoa. Urtez urte gertatu ohi den bezala, aurten ere markak hobetuko dituzte lasterketan. Inoiz baino korrikalari gehiago elkartuko dira Donostiako Atletico kirol klubak antolatutako proban: 6.200. Iaz, adibidez, 6.000 izan ziren, eta, duela bi urte, berriz, 5.000.
Donostiako erdialdea jendez lepo beteko da bihar, jai giroan Lilatoia ospatzeko. Lehiaketarako tartea ere badauka lasterketak, baina askoz gehiago du aldarrikapenetik. Donostiako Bulebarrean izango ditu hasiera eta helmuga bost kilometro luze den lasterketa horrek. 1990ean lehen aldia egin zenetik, lasterketa handitu eta handitu egin da: izan ere, 160 emakumek abiatu zuten egitasmo hark 6.200 parte hartzaile izango ditu aurten.
Probaren aurretik, taldean egingo dituzte beroketa lanak, 09:40an. Proba, berriz, 10:25ean izango da; esku bizikletako modalitatekoak aterako dira lehenengo, eta bost minutu geroago izango da korrika ariko direnen txanda. Horiek amaitutakoan banatuko dira sariak, eta, horren ostean, festan murgilduko dira Donostiako Alde Zaharrean, ohiko Lilapotean. Dortsala eskuratzeagatik hamalau euro ordaindu ditu partaide bakoitzak, eta aurtengo euro solidarioa Zaporeak proiektuari emango diote.