Aldarrikapenaren neurketa

Euskal Herriak Eslovakiaren aurka jokatuko du gaur, Anoeta estadioan (16:30); egun osoko festa prestatu dute antolatzaileekGarbiñe Etxeberriak eta Iñigo Juaristik 22 jokalari sartu dituzte deialdian

Euskal Herriko selekzioko jokalariak eta arduradun teknikoak, partida aurreko lehen entrenamendu saioan, joan den asteartean, Anoetan. JUAN CARLOS RUIZ/ ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Ekainaren 23a San Joan bezpera dela dio egutegiak. Egun berezia, zalantzarik gabe. Are eta bereziagoa izango da 2012ko ekainaren 23a. Azkenaldian adi ibili denak jakingo du Euskal Herriko selekzioak Eslovakiaren aurkako neurketa jokatuko duela gaur, Anoetako estadioan izango dela eta 16:30ean hasiko dela. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak eta Euskal Herria Kirolak antolatu dute «egun historiko» hori.

Hamaika gara lelopean, festa eta kirola uztartu dituzte. Baina, batez ere, aldarrikapen bat egin nahi izan dute. Maite Inda Kontseiluko kidearen arabera, «futbol partida bat baino gehiago» izango da gaurkoa. «Gure selekzioaren neurketa historiko honek aukera emango digulako herri gisa garen bezala agertzeko». Egun guztiko ekitaldietatik garrantzitsuena, halere, 16:30ean jokatuko den partida izango da. Jon Esturo Euskal Herria Kirola erakundeko kidearen arabera, partida irabazi beharra dago. «Datozen urteetan selekzio hobe baten kontra aritzeko eta Euskal Herriko emakumezkoen selekzioak munduan lekua izateko».

Emakumezkoen futbol selekzioa Euskal Herria izenarekinariko den lehen aldia izango da, eta nazioartean duen maila neurtzeko balioko du. Eslovakia FIFA sailkapeneko 39. postuan dago egun, eta, Mikel Troitiño Euskal Herria Kirola erakundeko kidearen arabera, aurkari eta teknika aldetik «gehiago» izaten ahaleginduko da Euskal Herria. «Garrantzitsua izango da emaitza on bat lortzea».

Antolatzaileek ahalegin berezia egin dute Anoeta estadioa betetzeko, eta egitarau zabala antolatu dute egun guztirako. Azken asteetan selekzioari babesa eman diotenak ere asko izan dira. Kirol arloko, kulturako eta euskalgintzako pertsona ezagunek beren atxikimendua eman diote taldeari. Bittor Alkiza, Jesus Mari Zamora, Mikel Labaka, Manix Mandiola, Juan Mari Etxabe, Patxi Zeberio, Martxelo Otamendi eta Anjel Mari Peñagarikano izan dira, beste batzuen artean, selekzioari babesa eman diotenak.

Bereziagoa Lucasentzat

Euskal Herriko selekzioarekin jokatzea lehendik berezia bada, are eta bereziagoa izango da Larraitz Lucasentzat. Realarekin denboraldia amaitu berritan futbola uztera zihoala esan zuen. Zortzi urte pasatu ditu goi mailan jokatzen, eta inoiz ez du bere taldearen estadio nagusian jokatzeko «ohorerik» izan. «Ametsik onenean ere imajinatuko ez nuen agurra izango da gaurkoa», adierazi du donostiarrak aste honetan.

Lucasekin batera beste 21 jokalari ariko dira Euskal Herriko selekzioaren elastikoarekin. Garbiñe Etxeberria eta Iñigo Juaristi hautatzaileek euren ustetan «Euskal Herriko jokalari onenak» direnak aukeratu dituzte. Realeko eta Athleticeko jokalariak dira gehienak, eta denek ere «oso pozik eta gustura» erantzun zioten hautatzaileen deiari. Denei jokatzeko aukera ematea da euren asmoa.

Berezietan bereziena, aspaldiko albisterik onena jaso zuten 22 hautatuek. Izan ere, Esti Aizpurua Realeko jokalariarentzat «ohore izugarria» da halako partida bat jokatzeko aukera izatea. «Poz handia sentitzen du batek deialdiaren barruan dagoela jakitean». Aldarrikapenaren ideia horretan, Aintzane Encinasentzat ere «ohorea eta aurrerapausoa» da Euskal Herriak bere selekzioa izatea.

Denak elkarrekin jokatuko duten lehen aldia izango da. Jokalariek, entrenatzaileek eta antolatzaileek ahalik eta jende gehien joateko nahia azaldu dute. Denen helburua hori baita, Anoetako harmailak betetzea. Aizpuruak badaki «zaila» izango dela hori lortzea. «Azkenean, emakumezkoen partida batek ez du gizonezkoen oihartzun berdina. Baina uste dut egun guztian egongo den giroarekin harmailak nahikoa beteko direla». 20.000 zale inguru espero dituzte aldarrikapenaren neurketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.