Joseba Agirre. Athleticeko entrenatzailea

«Aldaketei heltzeko ondoen dagoen taldea gara, aurretik goazelako»

Denboraldi amaieran bukatuko zaio kontratua Joseba Agirreri. Zuzendaritzarekin ez du bere geroaz hitz egin oraindik, baina «lasai» dago. «Denbora dago horretaz hitz egiteko». Dena den, «gustura» dago, eta segitzeko «indarra eta ilusioa» du.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
ainara arratibel gascon
Lezama
2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Joseba Agirre (Ortuella, Bizkaia, 1964) pozik dago taldea egiten ari den lanarekin: «Ondo lehiatu gara partida guztietan, eta aurkari duina izan gara beti».

Espanyol hartuko duzue gaur eguerdian, Lezaman. Nola dago taldea?

Igandean Granadillaren zelaian galdu eta gero, sentipen onak berreskuratu eta hiru puntuak batzeko gogoz gaude. Zaleei partida on bat eskaini nahi diegu.

Espanyol gorabeheratsu dabil. Aukera aproposa da irabazteko?

Hala da. Baina uste dut hobera egin dutela Salvador Jaspe aulkian dagoenetik, eta, lo hartu ezin dezaketen arren, jaisteko postuetatik aldendu dira. Horrek lasaiago jokatzen lagunduko die. Intentsitate handiz jokatzen dute, eta, irabazteko, alor horretanirabazi beharko diegu. Funtsezkoa izango da bakarkako jokaldietan hobeak izatea, baita gola sartzeko aukerak gehiago baliatzea ere.

Azken partidetan taldeari kosta egin zaio irabaztea. Zergatik?

Txikikeriengatik ez dugu irabazi. Liga azken txanpan dago, talde guztiak helburu batengatik ari gara borrokan, eta lehia eta parekotasuna handiak dira. Ondorioz, uneren batean arreta galtzen baduzu, edo, besoak jaisten badituzu, ordaindu egiten duzu.

Sei jardunaldi falta dira liga amaitzeko. Zein helbururekin helduko diezue, kontuan hartuta sasoi honetan ez dagoela Espainiako Kopa jokatzeko pizgarria?

Zaila da. Kopa hor egotea motibazio bat zen. Gure helburua laugarren postu horri eustea da. Mailari eusteko lehian dauden aurkari askoren kontra jokatu behar dugu: Malaga, Madril, Sevilla... Haiek labana hortzetan dutela aterako dira, eta, bete-betean lehiatzen ez bagara, zailtasunak izango ditugu talde horiek mendean hartzeko. Sufritu egingo dugu laugarren postuan amaitzeko, Atletico Madrilen, Bartzelonaren eta Levanteren atzetik. Postu horretan amaitzea bukaera on, polit eta duin bat litzateke. Uste dut lor dezakegula.

Levante, hirugarren sailkatua, 11 puntura duzue. Urrutiegi ikusten duzue?

Bai, nahiz eta datorren igandean haien aurka jokatuko dugun. Partidaz partidaz joan nahi dugu, ahalik eta puntu gehien bildu, eta amaieran ikusiko dugu aukeraren bat ote dugun.

San Mamesen jokatu duzue Levanteren kontra. Ilusioa egiten dizue berriz bertan jokatzeak? Azkeneko aldian, jendetza izan zen harmailan.

Ilusio handia egiten digu San Mamesen jokatzeak. Gainera, uste dut zaleek berriro ere primeran erantzungo dutela. Oso polita da han jokatzea, eta motibazio berezia dugu. Dena den, Lezaman jokatzea ere ederra da, eta Lezama betetzea lortu behar dugu. Pausoz pauso joan behar dugu.

Lezamara datozen zale kopuruari dagokionez, igoera nabaritu duzue aurreko sasoiekin alderatuta?

Urtero ikusten ari gara gero eta jende gehiago datorrela gure partidak ikustera. Dena den, kopuruari baino gehiago, kalitateari ematen diot garrantzia, eta egiten diren urratsak sendoak izatea. Uste dut hori lortzen ari garela. Izan ere, gero eta zale gehiago etortzen dira gure norgehiagokak ikustera.

Zaila al da jokalariak azken lehia hauei begira motibatzea?

Jokalariek oso argi dituzte gauzak, eta badakite zer ardura dituzten. Argi dago etxetik kanpo jokatzen ditugun partidetan zailagoa dela. Baina nahikoa pizgarri ditugu, eta handiena da Athleticeko elastikoarekin jokatzea. Hor izango dugu ere San Mamesen jokatzeko aukera. Gainera, ez dugu nahi amaiera txar batek egiten ari garen denboraldi ona zipriztintzea. Parekotasuna handia dago, eta aldea dago laugarren geratu edo zazpigarren. Denboraldi on bat dena denboraldi txar bilaka daiteke. Jendea, gainera, azkenekoarekin geratzen da beti.

Zein balorazio egingo zenuke orain arte egiten ari zareten denboraldiaz?

Uste dut denboraldi ona egiten ari garela; batez ere, galdu edo irabazi, aurkari duinak izan garelako beti, eta guztietan jakin dugulako lehiatzen. Alde horretatik, ezin zaie ezer leporatu jokalariei, eta, niretzat, hori da gauzarik onena, gehien asebetetzen nauena.

Eta zer gustatu zaizu gutxien sasoi honetatik?

Sortu ditugun aukeretarako gol gutxi sartu ditugula. Denboraldia amaitu bitarte hori hobetu nahiko nuke.

Nola eragin dizue horretan Maite Oroz eta Yulema Corres jokalariak denbora luzerako min hartuta egoteak?

Asko. Maite gure erasoko jokoaren sortzailea baita, eta Yulema, golegile petoa. Eskarmentu handia duten jokalariak dira, gainera. Gure taldean ez daude jokalari asko, eta, hori dela eta, aukera gutxiago izan ditugu txandakatzeak egiteko. Horren ondorioz,jokalari batzuek neke handiagoa izan dute, eta denboraldia aurrera joan ahala, hori nabaritu egiten da; are gehiago, sasoi amaieran Koparen helburua eta motibazioa ez edukita. Dena den, bi jokalari horiek ez egoteak ere beste batzuei eman die jokatzeko aukera, eta duten maila erakutsi ahal izan dute. Oso pozik nago haien lanarekin eta jarrerarekin.

Logroñoren aurka Ane Azkonak sartu zuen garaipenaren gola. Pozik zaude bigarren taldetik igotako jokalariak egiten ari diren lanarekin?

Oso pozik. Esan bezala, talde txikia dugu, eta, haien beharra izan dugunean, primeran erantzun dute. Gainera, entrenamenduetan intentsitate handia jartzen dute, eta horrek balio digu eskarmentu handiena dutenek ez lo hartzeko. Lan isila da, zaleek ikusten ez dutena, baina nik balio handia ematen diot. Erakutsi didate konfiantza osoa izan dezakedala haiengan, eta horrek gure filosofia indartzen du. Lasaitasun eta poz handia ematen dit.

Lehen denboraldia da egunero goizez entrenatzen zaretela. Jokalariak oso pozik daude aldaketa horrekin. Entrenatzaile ikuspegitik zertan egin dizue mesede?

Erabateko profesionalizazioari begira urrats erabakigarria izan da. Baliabide gehiago ditugu partidak prestatzeko eta lasaiago egiten dugu; horrek entrenamenduak hobeak izatea dakar. Txikikeria dirudi, baina oso inportantea da argi naturalarekin entrenatzea. Gainera, halako aldaketak ere ondo datoz, egunerokotasunean ez erortzeko. Nire laugarren sasoia izanda, uste dut halako aldaketa bat mesedegarria izan dela.

Zure ustez, nolakoa izaten ari da denboraldia?

Polita eta ona. Oroitzapen ona dut hemen egin ditudan sasoiez, denetan ikasi dudalako asko. Beharbada, gogorrena liga irabazi ostekoa izan zen, hor hasi baitzen aldaketa ligan.Telebista sartu zen,eta Bartzelonaren eta Atletico Madrilen morrontza hasi. Gu ohituta geunden tituluak irabazteko borrokan egotera, eta kosta egiten da hala ez izatea, helburuak aldatu behar dituzulako. Gainera, hainbat jokalari garrantzitsuk utzi zuten taldea.

Zer moduz Aitor Elizegi presidente berriarekin? Hartu-eman handia al dago zuen artean?

Bai. Komunikazio ona eta etengabea dugu. Harremana oso ona da. Etxean edo kanpoan jokatu, beti dator partidak ikustera, eta jokalariekin ere bilerak izan ditu, haien iritziak jaso, eta zertan hobetu daitekeen ikusteko.

Bilera horietan zer esan die?

Behar duten guztirako hor dagoela. Egia esan, ditugun baliabideak zoragarriak dira, primeran zaintzen gaituzte, eta oso eskertuta daude. Gauzak beti hobetu daitezke, baina pribilegiatuak gara.

Josu Urrutiarekin alderatuta, oso desberdina da Elizegi?

Bakoitza den modukoa da, eta ez zait alderaketak egitea gustatzen. Josu Urrutia taldekide izan nuen Athleticen, eta presidente moduan oso harreman gertukoa izan nuen. Aitorrekin ere gertuko harremana dut.

Sasoi amaieran bukatuko zaizukontratua. Hitz egin duzu presidentearekin zure etorkizunaz?

Esan bezala, harremana egunerokoa da. Baina oraintxe buruan dugun gauza bakarra denboraldia ahalik eta ondoen amaitzea da. Nik, behintzat, horretan dut arreta osoa. Nahikoa lan eta buruhauste ematen dizkit horrek: lan saioak prestatu, aurkariak aztertu... Gainera, liga ohi baino lehenago amaituko da, maiatzaren 6an, Munduko Kopa baitago aurten. Beraz, izango dugu denborahorretaz hitz egiteko. Lasai nago, gauza bakoitzak baitu bere momentua. Joango banintz, gainera, entrenatzaile hobea izanda joango nintzateke. Asko ikasi dut laguntzaile izan ditudanengandik eta jokalariengandik.

Gustatuko litzaizuke jarraitzea?

Bai, oso gustura nago. Lau urte hauek oso onak dira, eta, nahiko balute, ilusioz eta indarrez ikusten dut neure burua segitzeko.

Nola ikusten duzu Espainiako Federazioak egin duen liga berri baterako proposamena?

Ikuskizun gaude, baina ez dugu horretan pentsatu nahi, arreta osoa liga amaieran dugulako jarrita. Garrantzitsuena da guk argi dugula nortzuk garen eta non egon nahi dugun, eta berdin jarraitu nahi dugula, nahiz eta horrek gero eta zailtasun gehiago jartzen dizkigun lehiatzeko orduan. Baina uste dut indartsuago egiten gaituzten gauzak ere badirela. Gainera, klubaren aldetik oso babestuta gaude, eta une oro ikusten ari gara apustu handia egiten dutela emakumezkoen futbolaren alde.

Ez al dago arriskurik halako proposamenekin ahalmen ekonomiko txikiagoa izateko, eta bere garaian emakumeen futbolaren alde egin zuten zenbait talde desagertzeko?

Espero dut ezetz. Uste dut badutela modua gauzak ondo egiteko.

Lan hitzarmenaren negoziazioaren berri baduzu?

Bai. Oso garrantzitsua da jokalariek lan hitzarmen bat izatea. Gizonezkoena lortzea asko kostatu zen; asko borrokatu behar izan genuen. Espero dugu emakumezkoena ahalik eta azkarren adostea, eta indarrean jartzea. Denentzat izango litzateke ona. Garrantzitsuena da jokalariak lasai daudela, eta gauzak argi dituztela. Mantso doa negoziazioa, baina ziurtasunez, eta hori erabakigarria da akordio on bat lortzeko garaian.

Bi gai horiek agerian utzi dute emakumezkoen futbola aldaketa garai batean dagoela. Athletic behar bezala dago aldaketa horiei heltzeko?

Bai. Athletic beti egon da ondo kokatuta aldaketak gertatu diren aldiro. Aitzindariak izan gara emakumezkoen futbolean, eta gauza askotan erakutsi dugu aurretik goazela. Uste dut ondoen dagoen taldea garela, alde handiz. Prest gaude horretarako, eta aldaketak gutxien antzemango ditugun taldea gara, aurretik goazelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.