Aldaketari zentzua

Gaur hasiko da Italiako Giroa. Euskal ziklista bakarra ariko da: Eukene Larrarte tolosarra. Lehen aldia du: «Hau nahi nuen Bizkaia-Durangora etorri nintzenean, eta lortu dut».

Aldaketari zentzua.
Julen Etxeberria.
2022ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Eukene Larrarte (Tolosa, Gipuzkoa, 1998) oso gustura aritu zen iaz Laboral Kutxa taldean. Baina erdizka geratu zen: «Gustatuko zitzaidan gehiago lehiatzea, batez ere nazioarteko probetan», aitortu du. Horregatik onartu zuen denboraldi amaieran Bizkaia-Durango taldeak egin zion eskaintza: «Egutegi zabalagoa dut, eta aukera gehiago nazioartean lehiatzeko». Dezenteko jauzia zen, baina «prest» ikusi zuen bere burua «beste pauso bat» emateko. «Gauzak ongi egin nahi nituen, eta sentitu nuen momentua zela».

Orduan hartutako erabakiari zentzua eman dio orain artekoak. Gehiago lehiatu nahi zuen nazioartean, eta gehiago lehiatu da: besteak beste, bi aldiz aritu da Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren (UCI) maila goreneko probetan, World Tourrean: otsailean, Ronde van Drenthe klasikoan, Herbehereetan, eta, maiatzean, Burgosko Itzulian, Espainian. «Denetarik» bizi izan du. «Klasikoan konturatu nintzen iritsi berria naizela, eta halako lasterketetan esperientzia pixka falta zaidala. Burgosen, berriz, oso ondo aritu nintzen». Tartean, Euskal Herriko Itzulian aritzekoa zen, baina positibo eman zuen COVID-19a atzemateko proba batean. «Kolpe gogorra izan zen. Ilusio handia egiten zidan etxeko lasterketa garrantzitsuenean parte hartzeak».

Hilabete eta erdi geroago arinduko zaio mina. Italiako Giroa hasiko da gaur, Cagliarin (Sardinia), eta han dago bera, lehiari ekiteko irrikan. «Ilusio handia egiten dit Giroan parte hartzeak. Hau nahi nuen Bizkaia-Durangora etorrita, eta lortu dut. Denboraldiko helburua bete dut». Egin duen lanaren «saria» dela dio: «Nahiko erregular aritu naiz. Oso eskertuta nago Agurtzaneri [Elorriaga, taldeko zuzendaria], nigan izan duen konfiantzarengatik».

Helburua, bukatzea

Hura izango da lehiatuko den euskal herritar bakarra. «Harro» dago hori hala izateaz, baina aitortu du «pena» dela gehiago ez egotea. Haren ustez, kopuruak ez du islatzen Euskal Herriko txirrindularitzaren maila. «Oso handia da», aldarrikatu du, eta, hori argudiatzeko, jokatu berri den Espainiako Txapelketari erreparatu dio. «Idoiak [Eraso] eta Nahiak [Amondarain] sekulako maila eman zuten». Erasok urrezko domina irabazi zuen 23 urtez azpiko erlojupekoan eta errepidekoan, eta Amondarainek zilarra maila bereko errepidekoan.

Lehen aldia izanik, argi du helburua: bukatzea. «Esperientzia osoa bizi nahi dut: hamar egunak. «Sasoiko» egonagatik ere, «errespetu pixka bat» ematen dio erronkak. «Inoiz ez dut parte hartu hamar eguneko proba batean; gehienez, bost egunez lehiatu naiz. Hamar egunetan, gorputzak eta hankek ez ezik, buruak ere zerikusi handia izaten du: jakin behar da noiz indarrak gastatu, eta noiz gorde». Bukatzeaz gain, gustatuko litzaioke ihesaldi edo esprinten batean sartzea. «Hemen aritzeko gonbidatu gaituzte; beraz, maillota erakutsi beharko dugu; gerra eman behar dugu». Taldeburua dute: Aileen Schweikart alemaniarra. Hari ere lagundu beharko diote. «Igotzaile ona da, eta Alemaniako Txapelketan oso ondo aritu da [seigarren izan da errepidekoan]. Hura lehiatuko da sailkapen nagusian».

Aztertua du ibilbidea, eta gustatzen zaio. «Orekatua da: denetarik du. Teknikoa ere bada; polita eta erakargarria da». Eskertu egin du lehen etapak ez izatea bereziki gogorrak: «Aurreneko etapa bost kilometro eskaseko erlojupekoa da, eta hurrengo bietan esprint edo ihesaldiren bat egon daiteke. Lehenbiziko hiru etapak ondo egokitzen dira nire ezaugarrietara. Baten bat begiz joa dudan? Ez. Baina eskertu egingo dut zazpigarren egunera arte ez egotea etapa menditsurik; lasterketari neurria hartuz joateko balioko dit».

Zazpigarrena, zortzigarrena eta bederatzigarrena izango dira etapa nagusiak, gogorrenak. Larrarteren ustez, gerta liteke ordu arte ez egotea alderik txirrindulari nagusien artean. «Ez litzateke harritzekoa izango zazpigarren etapa jokatu arte ez egotea lider faboritoetakoren bat». Faboritoak aipatuta, hiru izen bota ditu: «Annemiek van Vleutenek [Movistar] buru-belarri prestatu du Giroa; horrenbeste, ez da aritu Herbehereetako Txapelketan. Marta Cavalli da beste faboritoa [FDJ]. Oso ona da, eta talde puska izango du laguntzen. Mavi Garcia ere aurrean ibiliko da [UAE]. Oso polita izango da haien ondoan aritzea. Hasteko irrikan nago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.