Aldaketak zailak izaten dira. Batez ere, atzean garai zoriontsuak uzten badira. Osasunak goia jo zuen Jagoba Arrasaterekin. Zinez egonkorrak eta emankorrak izan ziren teknikari bizkaitarrak Iruñean igarotako sei urteak. Haren irteera enigmatikoak, ordea, apurtu egin zuen harmonia. Nafarrak, halabeharrez, beste lemazain bat aurkitu beharrean ziren. Vicente Moreno ez zen, hasieran, agintarien lehen aukera, baina hura hautatu zuten azkenean. Valentziarrak oso erronka zaila du esku artean, alderaketen zamarekin egin behar baitu lan. Taldea aldaketari neurria hartu nahian dabil, baina, ertzak biribildu bitartean, puntuak sarri ari da biltzen: 11 lortu ditu lehen zazpi partidetan. Zakua handitzen saiatuko da gaur, Sadarren, Bartzelonaren aurka (21:00, Movistar).
Menderaezina etxean
Txalo asko, txistu batzuk
Puntuak dira proiektuen zimendua. Emaitzak lortu ezean, taldeak zimeldu egiten dira. Alde horretatik, zutabe sendoak ari da ezartzen Osasuna. 40 puntuko langa jarri ohi da salbazioa lortzeko erreferentzia bezala, eta kopuru horren laurdenera jada iritsi da. Meritu handia du, denboraldia duela hilabete eskas hasi baitzen. Lehen zazpi partidetatik lau Sadarren jokatu ditu, eta etekin handia atera dio zaleen bultzadari: hiru garaipen lortu ditu, hirurak erreskadan, Mallorca, Celta eta Las Palmasen kontra. Leganesen aurka, berriz, berdindu egin zuen, estreinakoan. Lehen zati oso txarra osatu zuen lehia horretan, baina, ordutik, txalo asko entzun da Sadarren. Las Palmasen aurka txistu batzuk ere aditu ziren, taldea atezuan egon zen minutuetan. Arrasateren itzala oso luzea da, eta, garaipenak garaipen, Morenok oraindik ez ditu zalantzak guztiz uxatu.
Bisitari beldurtia
Puntu bakarra etxetik at
Aurreko entrenatzailearen arrakasta ez ezik, etxetik kanpoko emaitzak ere zama handia dira Morenorentzat. Bi garaipen besterik ez du lortu Lehen Mailan etxetik kanpo zuzendu dituen azken 43 partidetan, eta Osasunan, oraingoz, ez du bakar bat ere irabazi. Egindako jokoaren ondorio zuzena izan da hori. Osasuna uzkur eta ikarati aritu zen Gironaren eta Rayoren aurka, eta zazpi gol sartu zizkioten bi lehia horietan. Lerroak Sadarren baino askoz ere atzerago paratu zituen, eta muzin egin zion baloia eduki eta erasora jotzeari. Bere zelaian gotortzeak ez zion ezertarako balio izan, area barruan itogin ugari izan baitzituen. Valentziaren aurka ere distira gutxiko jokoa egin zuten nafarrek, baina, bere txarrean, sarriago iritsi ziren aurkariaren areara, eta sendo jardun zuten beren atearen defentsan. Atea hutsean utzita, denboraldiko lehen puntua eskuratu zuen bisitari moduan.
Ez da hutsetik hasi
Ñabardurak jokamoldean
Estiloa zehaztu eta finkatu nahian dabil prestatzaile berria. Teknikari bakoitzak bere eskuliburua darabil, baina taldearen eta jokalarien ezaugarrietara egokitu behar du. Eta hori ez da egun batetik bestera gertatzen. Dena den, Morenok ez du asmorik taldearen jokoa goitik behera aldatzeko. Horren ordez, aintzat hartu nahi du azken urteetan erabili den formula arrakastatsua. Sasoi honetako minuturik distiratsuenetan, Osasunak zuzen, zorrotz eta bizi jokatu du, lerroak nahiko aurrean paratuta, eta hegaletatik erdiraketa ugari eginez. Zaharrak berri, alde horretatik.
Haatik, Morenok bere zigilua ere jarri nahi dio taldeari, eta zenbait ñabardura txertatu nahian dabil. Horiek horrela, Osasuna apur bat atzerago ari zaie itxaroten aurkariei. Presioa ez da lehen bezain aurreratua eta oldarkorra. Era berean, ezberdina da orain hegaleko jokalarien jarrera: atzelariak ez dira hainbeste igotzen, eta sakontasuna erdilariek bilatzen dute. Hala, gutxiagotan ari da iristen hondoko marra, eta ez da guztiz zukutzen ari Bretones eta Aresoren ahalmen fisikoa. Hala ere, erdiraketen bidez arrisku dezente sortzen die aurkariei. Geldikako jokoari dagokionez, arbelean lan handia ari da egiten Moreno. Prestatutako jokaldien zalea da. Defentsan, berriz, oraindik ez du lortu taldea guztiz irmotzerik. Komeriak izan ditu arean giltzapetu denetan.
Hamaikako finkoa
Buruz esan daiteke ia
Oinarrizko eskema taktikoa ez da aldatu. Atzean lau jokalari dabiltza; zelai erdian bost, horietako bat atzerago, euskarrian; eta, aurrean, bakarra. Leganesen kontra bi euskarrirekin egin zuen proba Morenok, denboraldiaurrean plan hori landu ondoren, baina taldea ez zen ondo egokitu, eta ordutik euskarri bakarrarekin ari dira gorritxoak. Postu hori Torrorena da, modu esklusiboan, bere maila onenetik urrun egon arren. Iker Muñoz min hartuta egonik, ez dago beste alternatibarik. Torrok soilik bost minutu galdu ditu orain arte. Herrerak, berriz, osorik jokatu ditu orain arteko partida guztiak.
Gainontzeko postuek ere jabe nahiko garbia dute. Hamaikako bera atera zalea dela erakutsi du Morenok. Beraz, atzean finko bihurtu dira Areso, Catena, Boyomo eta Bretones, zelai erdian Aimar Oroz eta Moncayola bezala. Hegaletan, berriz, Bryan Zaragoza eta Ruben Garcia ari dira gehien jokatzen. Eta golaren ardura Budimirrena da. Hark huts eginez gero, aulkian aukerak aprobetxatzeko zain dago Raul Garcia de Haro. Ederki zukutu ditu orain arte jokatutako minutuak.
Harrobikoak, zain
Aulkian ia beti
David Garcia Osasunatik atera ostean, Areso, Moncayola eta Aimar dira harrobiaren ordezkariak gorritxoen hasierako hamaikakoan. Gaur, hala ere, Moncayola ez da ariko, min hartuta baitago. Aimar taldearen giltzarri eta itsasargia da. 2029ra arte luzatu du kontratua berriki, eta denboraldi hasieran zitalago dabil aurkarien arean. Herrandok, ordea, atzerako urratsa egin du. Funtsezkoen sailean sartu zen iaz, baina Boyomo fitxatu orduko, harrobikoa aulkian utzi du Morenok. Pablo Ibañez, berriz, oraindik ez da aritu hasieratik. Iker Benito eta Javi Martinez apenas agertu diren, eta Unai Garciak oraindik ez du jokatu sasoi honetan.