PALA

Aldaketaren finala

Iñaki Urrutia eta Roman Maldonado palistek banakako txapela izango dute jokoan gaur, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Biak aurreneko aldiz ariko dira finalean.

(ID_13549184) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2024-01-30, Bilbo. Pala, Buruz Buruko finalerako material aukeraketa: Iñaki Urrutia eta  Ro...
Iñaki Urrutia eta Roman Maldonado, aurrez aurre, Bilboko Bizkaia frontoian, finaleko pilota aukeraketan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko otsailaren 3a
05:15
Entzun

Aldaketa nabarmena gertatu da palan. Banakako Txapelketaren finala da horren erakusgarri: ez dute jokatuko azken hogei urteetako bi nagusiek: Pablo Fustok eta Esteban Gaubekak —zazpi txapel irabazi ditu Fustok, eta sei Gaubekak—; ez haien nagusitasuna bitan eten duenak: Ibai Perezek; ezta azken txapeldunak ere: Dan Necolek. Halako lanetan berriak diren bi palista ariko dira gaur Bilboko Bizkaia pilotalekuan (15:15, ETB1): Iñaki Urrutia (Armintza, Bizkaia, 1994) eta Roman Maldonado (Venado Tuerto, Argentina, 1999).

Ezin liteke esan sekulako ezustekoa denik. Bikain ari dira biak aspaldian. Binakako txapela irabazi zuten elkarrekin abendu amaieran, eta lehenak izan ziren Innpala enpresaren sailkapenean: argentinarra aurrelaririk onena izan zen; eta armintzarra, berriz, atzelaririk onena.

Urrutiak eskarmentu handiagoa du: sei urte pasatxo daramatza profesionaletan; Maldonaldok, ordea, bi eskas. Atzelariak garaipen zerrenda polita osatua du. Binaka nabarmendu da, bost aldiz irabazi baitu Liga. Banaka, ordea, zazpigarren ahaleginean sailkatu da finalerako. «Pablo eta Esteban nagusitasun handiz aritu dira, eta zaila izan da nabarmentzea. Baina, pixkanaka, aldaketa gertatzen ari da» 

Ekinaren ekinez lortu du berak aspaldiko helburua: «Urtero eman dut aurrerapauso bat. Iaz, adibidez, bi tantorengatik ez nintzen sailkatu finalerako. Aurten, ordea, beste aurrerapauso bat eman dut. Nagusiki, buruz hobetu dut: gehiago sinetsi dut neure buruarengan. Azkenaldian lortu ditudan emaitza onek mesede egin didate. Horrez gain, inoiz baino hobeto prestatu naiz. Horri esker nago finalean. Lan handia egin dut debutatu nuenetik, eta sekulako ilusioa piztu dit finala jokatzeak. Oso berezia da guztiontzat, txapeldunak elastiko gorria eramango baitu soinean urte osoan».

«Beste aurrerapauso bat eman dut. Nagusiki, buruz hobetu dut: gehiago sinetsi dut neure buruarengan».

IÑAKI URRUTIA Palista

Argi du nolako finala izango den: «Biok ondo aritzen bagara, final gogorra, luzea eta lehiatua izango da. Roman oso ona da, eta gero eta hobeto ari da. Ondo moldatzen da bi eskuekin, baita defentsan ere; erasoan, berriz, oso ongi bukatzen du tantoa». Argiago du zein izango den gakoa: «Lehenbizi, ondo sakatu behar dut: pilota gurutzatuz eta ezkerpareta ukituz. Gero, bigarren pilotakadarekin gailendu behar dut. Hura frontisetik ahalik eta urrunen izan behar dut. Hark, ordea, kontrakoa nahiko du: ni aurrean sartzea». Urrutiak irabaziko balu, Armintzak beste txapeldun bat izango luke Gaubekaz gain.

Ziztu bizian doa

Urrutiak pausoz pauso egin du bidea. Maldonadok, aldiz, ziztu bizian, duela bi urte eskas egin baitzuen estreinakoa profesionaletan. Bi urte eskas lehenago iritsi zen Euskal Herrira, Larrabetzura (Bizkaia). Argentinan bizi zela, ETBren Canal Vasco kanala ikusiz zaletu zen euskal pilotara, eta, bereziki, palara. Asmo handiko helburua jarri zion bere buruari. «Onenekin lehiatu nahi nuen». Esan, eta egin. Jada bi txapel ditu, azken bi urteetako binakakoak. 

Orain, banakakoa nahi du. «Hau beste gauza bat da: binaka, bikotekidearen laguntza duzu, eta egun txarra izanda ere irabaz dezakezu; banaka, ordea, zu bakarrik zaude, eta egun txarra baduzu, zureak egin du». 

«Oso zoriontsu nago. Ametsa betetzea da finala jokatzea. Txapela nahi dut, baina baita une hauetaz gozatu ere».

ROMAN MALDONADOPalista

«Oso gustura» dabil azkenaldian, baina ez zuen espero finalera iristea. «Elkarrekin entrenatzen gara txapelketan, eta onenen pare ikusten nuen neure burua. Baina ezustea izan zen Necoli irabaztea. Oso zoriontsu nago. Ametsa betetzea da finala jokatzea eta aste hau bizitzea. Txapela nahi dut, baina baita une hauetaz gozatu ere». 

Finalean «oldarkor» aritzeko asmoa du. «Nik izan behar dut ekimena. Iñaki oso ondo moldatzen da bi eskuekin, eta errebotean. Baina erasokor aritu behar dut, hura errebotera eramateko, eta nik gero aurrean bukatzeko. Sakea eta bigarren pilotakada erabakigarriak izango dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.