ERREMONTEA

Aldaketaren finala jokatuko dute Ansa II.ak eta Juaneneak

Aurrelari urnietarra eta atzelari saldiastarra lehen aldiz ariko dira Buruz Buruko Txapelketako finalean, larunbatean, Galarretan

Aritz Juanenea eta Imanol Ansa, gaur, Galarretan, finalerako pilota aukeraketa egin berritan. MAIALEN ANDRES
Julen Etxeberria.
2023ko irailaren 6a
16:45
Entzun

Aurtengo Erremonteko Buruz Buruko Txapelketari izen bat jarri nahi izanez gero, dudarik ez legoke: aldaketarena litzateke aproposena. Larunbatean jokatuko da finala, Galarreta frontoian (15:30, ETB1), eta aspaldiko partez, ez dira ariko ez Javier Urriza, ezta Endika Barrenetxea ere.

Urrizak aurreko 11 finalak jokatu ditu, eta zortzi txapel irabazi ditu. Barrenetxea IV.a, berriz, aurreko zazpi finaletatik lautan aritu da, guztietan Urrizaren aurka, eta bi txapel jantzi ditu. Baina, oraingoan, bidean geratu dira biak.

Imanol Ansak eta Aritz Juaneneak utzi dituzte bazterrean azken urteetako bi nagusiak. Aurrelari urnietarrak eta atzelari saldiastarrak jokatuko dute finala. Lehen aldia dute biek.

Inoiz ez dute arreta osoa bereganatu urteko egunik handienean, eta horrek «sekulako ilusioa» piztu die biei. «Ikaragarri pozik nago. Urte askoan Donostiako Sagardo Egunarekin bat egin du finalak, eta ni egun horretan lanean aritzen nintzen osabarekin. Lana amaitu ostean, Galarretara etortzen ginen. Gozatu egiten nuen nire idoloak ikusten. Aspaldiko ametsa, nahia eta motibazioa zen egunen batean finala jokatzea. Eta lortu dut. Gainera, Aritzen aurka jokatuko dut; lagun handia dut. Biribil atera da dena», esan du gaur Ansak, pilota aukeraketan.

Iritzi bera du Juaneneak. «Oso berezia da buruz buruko finala jokatzea; denok nahi dugu. Ezustean ariko naiz ni; ez nuen espero halakorik. Imanolek, agian, bai, hark nik baino gehiago prestatzen baitu buruz burukoa. Oso pozik nago; oraindik ez dut erabat sinetsi finalean nagoela».

Ona erremontearentzat

Ansaren ustez, erremontearentzat «ona da» hark eta Juaneneak Urrizari eta Barrenetxeari lekukoa hartu izana. Horri lotuta, Juaneneak azpimarratu du «garrantzitsua» dela beste txapeldun eta txapeldunorde bat egotea.

Biek aitortu dute elkarren aurka jokatu nahi zutela finala, eta elkarri animoak ematen aritu direla. «Jauzi egin nuen Aritzek Endikari finalerdia irabazi zionean. Izugarri poztu nintzen», azaldu du Ansak. Baina segituan jarri zen finalari begira. «Hurrengo egunean neure buruari esan nion finalean ez dagoela lagunik. Txapela nahi dugu biok». Hori dela eta, ia ez dute elkarrekin hitz egin azken egunetan, eta horrela jarraituko dute finala bukatu arte.

Gaur elkartu dira lehen aldiz, eta elkarri xaxatzen aritu dira. «Imanol da faborito, dudarik gabe. Ikaragarri ari da, eta niri egurra eman zidan [30-20]. Iaioa da buruz buru: egungo Masterseko txapelduna da. Ni saiatzen ari naiz hari presioa sartzen; hau esaten, adibidez [barrez]. Hala ere, faborito izateak ez du txapelik ematen. Egun eta ordu jakinean aritu behar da ondo. Ni bete-betean ariko naiz; ahaztuta ditut min denak».

Juaneneak esandakoak ez du ezustean harrapatu Ansa. «Oso ondo ezagutzen dut Aritz. Banekien hori esango zuela. Norberak jartzen dio presioa bere buruari, eta nik gaur Aritz presio gehiagorekin sumatu dut». Halere, onartu du «abantaila» duela bitan aritu baita Masterseko finalean. «Bera ez da inoiz etorri bakarrik final bat jokatzera, eta nik bitan egin dut; azkenekoa, gainera, irabazi egin nuen, eta txapel horrek mesede handia egin dit: neure buruari sinetsarazi diot onenekin aritu naitekeela. Eta txapelketa honetan segida eman diot horri: lehen aldiz irabazi diot buruz buru Urrizari. Arantza nuen, baina hori ere atera dut».

Aukeraketari dagokionez, pilota biziak aukeratu dituzte biek; batez ere, Juaneneak. «Ez dut nahi partida luzatzea. Imanolek sasoi hobea du, eta tanto luzeak harentzat izango dira. Saiatu behar naiz ekimena eramaten, baina zaila izango da, hura aurrelari bizia baita. Arriskatu egin behar dut, eta une oro kontzentrazioa eutsi. Alor horretan aurrerapausoa eman dut; finalerdian ikusi zen. Garrantzitsua izango da tanto erabakigarriak irabaztea».

Ansak adi-adi jarraitu zuen finalerdia, eta «oso argi» geratu zitzaion zer ezin duen egin. «Aritz onena da hanka-geldian. Eroso dagoenean kantxa dominatzen du. Mugiarazi egin behar dut, deseroso egon dadin. Bestela, egurra emango dit».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.