Euskaltel-Euskadi taldeko zuzendaria

Jorge Azanza: «Aldaketak aldaketa, inork ezingo du ukatu gurea euskal taldea dela»

UCIren puntukako sistemara egokitu nahian dabil Euskaltel-Euskadi, eta norabide berri bat hartuko du datorren urtean. Azanza xehetasun guztiak prestatzen ari da, taldeari nahiz egutegiari dagokienez. Egun bakarreko probei zukua atera nahi die.

Jorge Azanza. IÑIGO URIZ / FOKU
Jorge Azanza, Euskatel-Euskadi taldeko auto baten ondoan. IÑIGO URIZ / FOKU
enaut agirrebengoa
2024ko urriaren 22a
05:00
Entzun

Denboraldi amaieran bileraz bilera ibili ohi da, baina aurten bereziki lanpetuta dabil Jorge Azanza (Altsasu, Nafarroa, 1982). Izan ere, eraldaketa prozesu betean da Euskaltel-Euskadi taldea. Kirol arloari dagokionez, atea zabaldu zaie atzerriko ziklistei, UCI puntuen peskizan. «Denek ez dute gogoko izango, baina talde orekatu eta motibagarria izango dugu datorren urtean». Instituzio mailan, berriz, proiektua «esku onetan» dagoela uste du. «Iñaki [Isasi] taldekide eta gelakide izan nuen, baita zuzendari ere. Lasaigarria da niretzat bera izatea Euskadi fundazioaren presidente berria». 

UCIren sailkapeneko lehen 40 taldeen artean egon arren, denboraldiak zapore mikatz samarra utzi dizu. Zergatik?

Uste dut aurten geneukan taldeak gauza gehiago lortzeko gaitasuna zuela. Ez da urte oso txarra izan: gauza politak egin ditugu, eta helburua bete dugu UCIren sailkapenari dagokionez. Baina, esan bezala, ez gara guztiz konforme gelditu. Gainera, UCIren puntuen harira, ikusi dugu aldaketak egin beharrean garela. Datorren urtean 30 onenen artean egon nahi badugu, ez zaigu beste aukerarik gelditzen. Taldearen erdia aldatuko dugu.

Puntuetan oinarritutako sistemak dena aldatu du, ezta?

Hala da. Ez gara talde aberats bat, eta toki mugatuak ditugu. Soilik hogei txirrindulari inguru izanik, puntuak eskainiko dizkizutenen alde egin behar duzu apustu. Harrobiari etengabe begiratu behar zaio, noski, gure taldearen giltzarria baita. Badira etxeko ziklistak puntuak lor ditzaketenak, baina ikusi dugu beste batzuekin zailagoa dela. Alde horretatik, norabidea apur bat aldatuko dugu datorren urteari begira. Hemen ez bada agertzen daukaguna hobetzen duen txirrindularirik, kanpora begiratu beste aukerarik ez da gelditzen. 

Beraz, harrobia garrantzitsua izan arren, lausotu egingo da etxeko ziklisten aldeko apustua?

Hamalau edo hamabost euskal txirrindulari izango ditugu, beraz, aldaketak aldaketa, inork ezingo du ukatu gurea euskal taldea denik. Gainera, uste dut atea zabaltzea ez dela txarra. Begira futbolean: Reala harrobian oinarritutako talde bat da, baina atzerriko jokalariak ere baditu. Ordea, etorkizunean, kanpoko bat baino hobea den etxeko bat fitxatu badezakegu, ez dugu zalantzarik izango. 

Maila falta zaie euskal txirrindulari gazteei?

Ez dut uste hori denik kontua. Ni juniorra nintzenean, inork ez zuen zuzenean jauzi egiten profesionaletara. Ordea, gauzak zeharo aldatu dira. Horren ondorioz, onenak puntako taldeetara doaz, eta amateurretan jaitsi egiten da maila. Baina uste dut Euskal Herrian beti harrobi ona edukiko dugula. Kontua da onenak nola erakarri. Aurten pare bat junior fitxatu nahi izan ditugu harrobi talderako, baina oso zaila da, goian punta-puntako talde bat eduki ezean. 

«Euskal Herrian beti harrobi ona edukiko dugu. Kontua da onenak nola erakarri, junior gisa puntako taldeetara baitoaz»

Aurten, egutegiaren erdia World Tour eta Pro Series mailako lasterketekin osatu duzue. Plan alternatibo baten beharra ikusi duzue?

Egin ditugun lasterketa guztiak maila handikoak izan dira, eta hor dago izan ditugun zailtasunen gakoa. Uste dut guretzat egokiagoak diren lasterketak aukera ditzakegula, ikusi baitugu maila handiko probetan arazoak ditugula puntuak eskuratzeko. Aukeraketa hobea egin beharra dago. Lasterketa on horiek lehiatzen jarraituko dugu, noski, baina txirrindularirik onenak guretzat aproposenak diren probetara eramango ditugu. Lasterketa gehiago izango ditugu, eta klasikoei garrantzi handia emango diegu.  

Espainiako Vuelta izan da aurtengo proba nagusia. Sei etapatan sartu zineten hamar onenen artean, baina itzalpean utzi zintuzten Kern Pharmaren goraldiak. 

Emaitza aldetik, gure Vueltarik onena izan zen, baina Kern Pharma beste maila batean izan zen. Lasterketa ikaragarria osatu zuen. Hori ez zegoen gure esku. Ordea, Arabako etapan oso eskas aritu ginen, onartu beharra dago. Hiru txirrindulari gaixo jaiki ziren, eta haize kontra aritu ginen hasieratik. Egunik txarrena momenturik okerrenean izan genuen. Hala ere, alde onarekin geratzen naiz ni: 400 puntu batu genituen.

Emaitzak alde batera utzita, momentu gogorrak izan dituzue aurten: Ibai Azurmendik erretiratu egin behar izan zuen, bihotzeko arazoen ondorioz; eta Mikel Iturriak, berriz, oso eroriko larria izan zuen, eta erretiratu egingo da.

Txirrindularitzaren alderik txarrena da hori, dudarik gabe. Biekin harreman estua dut, eta oso gogorra izan da. Ibairekin ospitalean egon nintzen berria eman ziotenean. Zorionez, osasuntsu eta ilusioz dago orain. Eta Mikelena ere ustekabe latza izan zen. Zure ibilbidearen azken zatian zaudenean, halako eroriko larri batek jota uzten zaitu. Biak bihotzean eramango ditut beti. 

Orbearen irteerak ere dardarka utzi du taldea. Zertan da orain babesle tekniko berriaren bilaketa?

Ezusteko tristea izan zen. Euskaltelera iritsi nintzenetik, beti Orbea bizikletak erabili ditugu. Oso penatuta utzi ninduen berriak. Ez daukat negoziazioetan gertatu den guztiaren berri, eta erabakia onartu besterik ezin da egin. Eskertuta egon behar dugu hainbeste urtez taldeari emandako babesarengatik. Alde horretatik ere aro berri bat hasiko dugu, eta laster dena itxita egon beharko litzateke. Bada garaia, eta azarorako gauzak lotuta edukitzeak lasaitasuna emango digu. 

«Egindako aldaketa guztien ostean, egitura egonkorra izango dugu aurrera begira. Babesleek gugan sinesten jarraitzen dute»

Kirol arloan, zu izango zara aro berriaren gidaria. Nola sentitzen zara?

Oso motibatuta nago. Zuzendari gisa lan egiten hasi nintzeneko sentsazioak berritu zaizkit. Ilusio handia eragiten dit osatzen ari garen taldeak, eta uste dut antzera sentitzen dela egitura honetan lanean ari den jende guztia. Hogei urte daramatzat jada talde honetan, txirrindulari gisa sartu nintzenetik, eta denetarik ikusi izan dut. Ziklista nintzela, filosofia aldaketa izan zen, egoerara moldatu ahal izateko. Eta orain ere, antzeko zerbait gertatuko da. Jendea ez da zure tokian jartzen. Guk, aukeran, taldea soilik euskal ziklistekin osatuko genuke, eta onenak hemen izango genituzke. Baina hori ez da posible. 

Presioa eragingo dizue lehen 30 postuetan sartu behar izateak. Halere, taldeak berme sendoa du etorkizunera begira?

Puntu premiak estutu egingo gaitu, baina talde guztiok egongo gara egoera berean. Gainera, egindako aldaketa guztien ostean, egitura egonkorra izango dugu aurrera begira. Babesleek gugan sinesten jarraitzen dute. Euskaltelen babesa da oinarri nagusia, eta, haiei esker, beste hainbat urtez lasaitasunez lan egiteko aukera izango dugu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.