«Azken urteotako lanaren fruitua» da Realaren denboraldi honetako maila on-ona, eta gozatzen ari da Garbiñe Etxeberria idazkari teknikoa (Hernani, Gipuzkoa, 1967). Udan apustua egin zuten Igor San Miguel fitxatuta, eta «pizgarri» izan dela esan du. «Reala sentimendua» indartu, eta Gipuzkoako jokalariak erakarri nahiko lituzke Etxeberriak.
Hamabi partida irabazita, hiru berdinduta eta lau galduta. 19 partidatan 39 puntu. 37 gol alde eta 20 kontra. Hortxe datuak.
Oso-oso onak dira. Uste dut inoiz ez garela iritsi garai honetara egoera horretan. Aurreko denboraldian, esaterako, puntu gutxiagorekin amaitu genuen liga. Datu horiek islatzen dute taldea zer-nolako lana egiten ari den. Hasieran, agian, ez genuen uste hain ondo ibiliko ginenik, baina esparru guztietan ari gara oso lan ona egiten. Oso itxura ona du taldeak.
Ohitu al zarete Reala hain goian ikusten? Erregulartasun harrigarria lortu du taldeak.
Bai... Aurrekoa hobetzeko helburuarekin erabaki genuen aldaketaren aldeko apustua egitea, jokalariak fitxatzea... Ez da kasualitatea laugarren postuan egotea. Hasieratik egonkortu ginen postu horretan, eta hor mantentzen ari gara; alde handiarekin, gainera. Ilusio ikaragarria sortu digu egoerak. Uste dut klubak behar zuela, baita Gipuzkoak ere. Hamabi urte kluba sortu zela, hamar Lehen Mailan hasi ginela... Ez da erraza hainbeste denboran hor goian mantentzea.
Kasualitateak puntu gutxi ematen ditu normalean. Reala zer ari da ondo egiten?
Faktore asko daude tartean. Oinarri ona dauka taldeak, lan egiteko ohitura batzuk ere bai, klubaren babes handia... Lasaitasuna eta exijentzia uztartzen asmatu dugu. Ardura handia da, Gipuzkoako futbolaren erreferentzia delako Reala. Zertan asmatu dugun? Mugimenduak izan dira denboraldi honetan, eta talde itxura polita lortu dugu; entrenatzaileek ere zerikusi handia daukate; egutegiak zer esanik ez...
Egutegia aldeko noiz izango ote zenuten zain zeundeten, ezta?
Zalantzarik gabe. Eragin handia dauka liga hasierak. Talde gaztea izan da beti gurea, eta talde gazteak konfiantza handia behar izaten du beti. Egutegiak ia inoiz ez digu egin mesede, eta aldapa gora hasi izan dugu beti liga. Itota hasi eta itota amaitu dugu gehienetan. Patxadarik ez, antsietatea, kezka, inguruaren eragina... Gazteari kosta egiten zaio hori guztia kudeatzea. Denboraldi honetan, berriz, lasai hasi ginen, eta horri gazteen ilusioa gehituta, oso dinamika ona lortu dugu.
Unai Gazpioren aroa amaituta, zeren bila joan zineten Igor San Miguel fitxatu zenutenean?
Beste era bateko entrenatzaile bat nahi genuen, aurrekoa gutxietsi gabe, noski. Unaik oso lan ona egin zuen, eta gauza asko mantendu ditu Igorrek. Taldeak partida on asko jokatu zituen aurreko denboraldian ere, baina aurka izan genituen emaitza asko: 1-0, 0-1... Emaitzarik gabe, akabo. Motibazio berriren bat behar genuen; ilusioa, indarra eta beste estilo bat, beste esku bat, azken finean. Errendimendua eman digu Igorrek, exijentzia, intentsitatea... Jokalariak, batzuetan, egonkortu egiten dira egoera jakin batzuetan. «Guk hau horrela egiten genuen» esanez aritu gara, baina beste pertsona bat etorri da esanez ezetz; «nik horrela egiten dut eta horrela egitea nahi dut». Horrek eragin egiten dio jokalariari, nahiz eta ezinezkoa den denen gustukoa izatea. Elitean gaude, eta etekina atera behar zaio taldeari.
Arrisku txiki bat bazeukan aldaketak, emakumezkoen talde bat inoiz entrenatu gabea zelako.
Kezka denok geneukan, eta Igorrek berak ere bai. Baina apustuak egin behar izaten dira tarteka. Emakumezkoen futbola ez zuen ezagutzen, baina futbola bai. Hasieratik esan zigun futbol ikuspegia izango zuela berak, eta jokalariek erantzun beharko zutela gero.
Defentsako lanean sendotu egin da taldea. Lehen hirurei soilik sartu diete gol gutxiago.
Hor ere nabari da Igorren ukitua. Atzelari postuan jokatutakoa da, eta diziplina eta arreta gehigarria eskaini dizkio taldeari.
Puntuak gora eta puntuak behera, baina puntuez haratagoko hobekuntza izan da Realarena, ezta?
Bai, bai. Azken urteotan gainerako taldeek errespetu handia izan diote Realari. Beldur pixka bat ematen du Zubietara jokatzera etortzeak. Hori lortu dugu. Eta etxean sendo egon ez ezik, etxetik kanpo irabazten hasi gara denboraldi honetan. Beste indar bat ematen du horrek. Norberak eskatu egin behar izaten dio bere buruari, eta exijentzia horrek lagundu digu honaino iristen.
Bosgarren sailkatua zortzi puntura dagoela ez, hirugarrena zortzira dagoela begiratu behar dela, alegia?
Hori da. Aldaketa txiki bat izan dugu buruan. Eta ez dugu ahaztu behar goiko hiruren aurka jokatu behar dugula oraindik, eta bik Zubietara etorri beharko dutela. Lasai gaude, gauzak ondo egiten ari garelako, baina kontu horiei ere begiratzen diegu.
Aurrean Nahikari Garciaren gisako jokalari bat dagoenean, samurragoa izango da erregulartasun hori lortzea, ezta?
Nahikarik martxoaren 10ean bete zituen 19 urte. Oso-oso gaztea da oraindik. Lehen ardura handiegia zeukan, agian, eta orain lasaiago dabil, ardura hori banatu egin delako. Egia da Nahikarik gola daukala, jokalari berezia dela. Baina inguruan dauzkan jokalariek ere asko laguntzen diote.
Realak noiz arte euts diezaioke horrelako jokalari bati?
Gipuzkoarrek talde honetan joka dezaten lortu behar du Realak; sentimendu hori lortu behar dugu. Gipuzkoar asko daude beste taldeetan. Bartzelona-Athletic partidan, esaterako, bost zeuden zelaian. Beti leporatu izan zaigu proiekturik ez dagoela, baina denok bat egindakoan lortzen dira emaitzak. Niri gustatuko litzaidake guztiok Reala gure zerbait gisa hartzea. Hemen horrela hartu eta sentituz gero, ziurrenik denbora askoan eutsi ahal izango diegu Nahikariren gisako jokalariei.
Irene Paredes, Naiara Beristain, Maite Lizaso, Ainhoa Vicente, Ane Bergara, Leire Landa... Realean hazi diren jokalari horiek Realetik kanpo ikusteak minik ematen dizu?
Ez, minik ez. Kirolaria izan naiz ni ere, eta badakit kirolari batek zer nahi duen. Baina gustatuko litzaidake Realak egin duena ere ulertzea eta baloratzea. Sentimenduei buruz ari naiz hizketan, ordea, eta eliteko kirolean zaila da hori.
Sentimenduak... eta profesionalizazioa. Baldintzak ez dira berdinak leku guztietan.
Hala da, bai, baina jokalari gehienak kirol emaitzengatik edo proiektuengatik joan dira beste talde batzuetara; liga irabaztea edo Txapeldunen Liga jokatzea amesten zuten. Eta ulergarria da. Baina Realak liga edo Kopa irabaz dezakeela edo Txapeldunen Liga joka dezakeela sinetsi behar dugu. Beste baldintza guztiek ere eragina daukate, baina ez dut uste arlo ekonomikoari bakarrik begiratu behar zaionik. Gaur egun oso jokalari gutxi bizi dira futboletik, eta gauza gehiago eduki behar dira kontuan. Realeko jokalaria oso ondo zainduta dago; ahaztu arlo ekonomikoa. Profesionalak dira; ez dirutan, baina inguruko beste hainbat arlotan bai: erreferentzia dira, gizarte ekintzetan parte hartzen dute, mediku zerbitzu ona daukate... Eta ea ekonomikoki ere beste pauso bat ematea lortzen dugun.
Aurreko denboraldian aldatu zuen filosofia Realak, Cristina Pizarro Chini madrildarra fitxatuta. Eta Nuria Mendoza eta Paola Soldevilla kataluniarrak iritsi ziren joan den udan. Hausnarketarik egon zen horren harira?
Nori eta niri egin didazu galdera hori! Nik ere ez nuen uste honaino iritsiko ginenik. Denak etxekoak, gipuzkoarrak... Oso polita zen hori. Baina dena hazten ari da. Gipuzkoako futbola oso ondo ari da lanean, baina ez dago denborarik jokalari gazte bati behar duen egokitzapena eskaintzeko. Une jakin batean ikusi genuen beste pauso bat eman beharra geneukala kirol arloan, eta horri tiraka sortu ziren aukerak. Etxean ez geneukan horren bila joan ginen kanpora. Orain eztabaida izango da zenbat gehitu edo kendu behar diren urtero, baina beharrak esango digu hori. Gure filosofiari eutsi nahi diogu, eta horregatik aipatu dut jokalari gipuzkoar horiek Realean egotea nahiko nukeela.
Tituluen lehiatik oso urrun al dago egungo Reala?
Oso urrun ez gaude, jokoz batez ere. Baina gauza asko kudeatu behar izaten dira denboraldian. Lezamara joateko irrikan geunden, adibidez, inoiz baino hobeto geundelako... Eta izugarrizko kolpea hartu genuen: 5-0. Gaztea da taldea, eta denborarekin lortzen da esperientzia.
Athletic Txapeldunen Ligara joateak eraginik eduki dezake Realaren etorkizunean?
Etxean zer daukan ikusi behar du bakoitzak lehenengo. Athleticek ere hantxe dauka harrobia, bigarren taldea ere badaukalako, baina Txapeldunen Liga jokatu gabe ere etorri izan dira. Baina, tira, eduki dezake eragina, bai. Bartzelona Ane Bergararen bila etorri zen bezala, Athletic ere etor daiteke besteren baten bila. Baina gure proiektuari denbora pixka bat ematen utzi behar digute. Proiektu horretatik piezak erortzen hasten badira, eraikitzeko lanean murgilduta egongo gara beti.
Laugarren postuan oso sendotuta dago Reala. Hasi al zarete Kopari begira lanean? Helburu zehatza al da Kopa?
Ez. Hain urruti dago ekaina! Ligan hain ondo ari gara lanean eta hain polita ari da izaten dena, beste ezer ez daukagu buruan.
Athleticek lau urterako kontratua sinatu du Euskaltelekin, babesle gisa. Alderaketan hasteko tentazioa dago, berriz ere...
Albiste ona da hori. S21sec da gure babesle berria, eta elastikoan ageri da euren izena. Apustu serioa da hori, eta babesle bat sartuz gero, hurrengoa ere sartu egingo da. Euskaltel? Sona handiko enpresa da, eta lorpen polita da. Borrokan jarraituko dugu guk ere.
Gaztetxoekin entrenamendua amaitu berritan zaude. Zein lanketa egiten duzue horiekin, eta zein aurreikuspen daukazue etorkizunerako?
Guk gaztetxoekin ez dugu lan egiten Lehen Mailara iritsiko diren helburu argiarekin. Realak egiten duen lana erakusten diegu, Reala senti dezaten saiatzen gara, Reala barrutik senti dezaten... Entrenamenduak instalazio hauetan egitea bera motibazio iturri da gaztetxoentzat, baina adin tarte bakoitzak helburu zehatz batzuk dauzka. Haur mailakoek oso urrun ikusten dute lehen taldea, eta ezin gara erotu. Kadete-gazteei ere erakusten diegu bide onean doazela, baina Lehen Maila beste kontu bat dela. Ez diegu presiorik sortzen. Reala bizitzea da kontua, sentimendu hori sortzea.
Oiartzunen jokatutakoa zara zu, eta Lehen Mailan egurrean dabil orain taldea.
20 urte igaro nituen Oiartzunen, jokalari, entrenatzaile eta ordezkari gisa, eta argi geratu da futbolak Gipuzkoan zer-nolako maila daukan. Erreferentzia izan da beti, eta Lehen Mailan bi talde dauzkagu denboraldi honetan. Esperientzia handiko taldea dauka Oiartzunek, eta oso lan ona egiten ari da. Argi daukat mailari eutsiko diotela. Gerora ikusiko dugu zer gertatuko den, ilusioak denbora tarte baterako indarra ematen duelako. Harrobiko lanean jarraitu behar du Oiartzunek.
Lotuta daukazue hurrengo denboraldiko taldearen bizkarrezurra?
Lanean ari gara. Etorkizunera begira lan egin behar izaten da denboraldi guztian, eta gauza asko hartu behar izaten dira kontuan: jokalarien ikasketak, lan kontuak, ingurua, familia, bikotekidea... Bizi, jokalariak ez dira bizi futboletik, eta ondo neurtu behar izaten da dena. Ea gai garen oinarriari eutsi eta talde honi jarraipena emateko. Baina argi dauzkagu gauzak: are talde hobea egiten saiatuko gara.
Garbiñe Etxeberria. Realeko idazkari teknikoa
«Aldaketa txiki bat izan dugu buruan»
Asko falta da oraindik liga amaitzeko, 11 jardunaldi, baina Realak «oso itxura ona» daukala onartu du Garbiñe Etxeberriak. Erotu gabe, ezeri uko egiteko asmorik ez dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu