Txirrindulari txikia eta arina da Eider Merino (Balmaseda, Bizkaia, 1994): 1,54 metro eta 40 kilo. Baina ahalmen eta anbizio handia du. Lointeken bost urtez aritu ondotik, aurten Movistarren ariko da. Nazioarteko egutegian lehiatzeko gogoz dago, baina helburu nagusietako bat etxean izango du: iaz podiumean sartzear izan zen Biran, eta aurten irabaztera joango da. «Hirugarren egitera banoa, azkenean laugarren egingo dut». Bihar ez da izango Strade Bianchen, World Tourreko estreinakoan. Bai, ordea, Lourdes Oiarbide, taldeko beste euskal herritarra.
Joan zen astean hasi zenuen sasoia, Valentzian. Zer moduz?
Talde gisa lan ikaragarria egin genuen. Gure lehen lasterketa zen, eta oso ondo moldatu ginen. Nik erritmo falta sumatu nuen. Sasoi bat sekula ez dut hasi itzuli batekin, eta nabaritzen da. Baina, tira, Alicia Gonzalez hirugarren izan zen, eta bigarren talderik onena izan ginen. Beraz, oso pozik nago.
Movistarren emakumezko talde sortu berrian ari zara. Ilusiorik ez zaizu faltako.
Ilusio hitza etengabe ari gara errepikatzen. Talde berria da, eta guretzat berriak diren lasterketetan hartuko dugu parte. World Tourreko proben barruan, ni Flandriako Tourrean izan naiz bakarrik. Sekulako aldaketa izango dugu aurten. Ilusioz beterik gaude.
Ezezkorik ezin esan Movistarri. Finean, koska bat igotzeko aukera eskaini dizu. Nolako baldintzak dituzue?
Aurrerapausoa eman nahian nenbilen. Atzerrira joateko prest nengoen. Lointeken oso gustura egon naiz, baina oso zaila zen World Tourreko probetara joatea. Sekulakoa da urratsa etxeko talde batean egin ahal izatea. Orain atzerrian lehiatu ahalko gara, horretarako baldintza ekonomiko aproposak daudelako. Gonbidapenak edukiz gero, edozein probatan aritzeko moduan izango gara.
Talde sendoa duzue.
Atzerrikoek esperientzia emango digute, orokorrean talde gaztea baikara. Mavi [Garcia] eta Lorena [Llamas] ez dira horren gazteak, baina ez dute eskarmentu handirik. Beraz, garrantzitsua da alboan Jasinska [Malgorzata Jasinska] eta antzeko jende zaildua izatea.
Aurrerapauso nabarmena eman zenuen iaz, behin Kimika ikasketak bukatuta. Zeure burua gai ikusten duzu gora egiteko?
Kirolariok beti nahi dugu gehiago; inoiz ez gara gure lorpenekin konformatzen. Iaz, denbora gehiago izan nuen atseden hartzeko, eta horrek eragin handia izan zuen nire errendimenduan. Atzerrira gehiago joatea falta izan zitzaidan soilik, txirrindulari onenekin aurrez aurre lehiatu ahal izateko. Aurten aukera askoz ere gehiago izango ditut horretarako, eta maila ematea espero dut. Urtero hobera egitea da nire helburua.
Seigarren urtea duzu profesionaletan, 2013an Lointekekin debuta egin zenuenetik. Asko aldatu al zara txirrindulari moduan?
Beti ondo moldatu izan naiz igoeretan, eta, era berean, beti izan ditut arazoak ordekan, haizeak gogor jotzen duenean. Ahulgune hori pixkanaka gainditzen ari naiz. Bestalde, erlojuaren kontrakoetan nahiko ondo moldatzen naiz, nahiz eta txirrindulari txikia izan. Diziplina horretan hobetzen segitu nahi dut. Itzulietan aurrean izateko, erlojupekoetan ondo moldatu beharra dago.
Zer egutegi izango duzu?
Ohi bezala, itzuliei erreparatuko diet. Giroa eta Frantziako Bira lasterketetan jarriko dut arreta. Orain, klasikoen denboraldia hasi da, baina ez dago nire helburuen artean. Hurrena Alfredo Binda egun bateko lasterketan hartuko dut parte, martxoaren 18an.
Emakumeen Bira ere izango da zure xede nagusietako bat, edo?
Bai, begiz jota daukat Bira, beti bezala. Etxeko lasterketa garrantzitsuena da, eta ibilbidea egokia du niretzat. Beti gorriz biribiltzen dut egutegian Bira. Giroa eta Bira bera dira hobekien datozkidan lasterketak.
Podiumaren atarian gelditu zinen iaz. Aurten zer asmo duzu?
Ez naiz podiumarekin konformatuko; irabazteko gogoz aterako naiz. Hirugarren egitera banoa, azkenean laugarren egingo dut.
Bertan ezingo dute parte hartu Bizkaia Durango-Euskadi Muriasek eta Sopelak, antolatzaileek hala erabakita. Zein iritzi duzu?
Oso erabaki txarra da. Etxeko taldeak dira, eta ez dute kanpoan geratzerik merezi. Talde hauen maila aipatuko da, baina atzerriko ziklistekin ez badira lehiatzen, inoiz ez dute aurrera egingo. Nik uste dut azkenean joango direla Birara. Edo hori pentsatzea gustatuko litzaidake.
Movistarrek eta Euskadi Muriasek emakumezkoen ziklismoa hauspotzea erabaki dute. Zerbait mugitzen ari da.
Hala da. Orain, Bizkaia Durangok oso proiektu polita sortu du Euskadi Muriasekin. Talde ederra du, eta espero dut Biran eta atzerrian aritzea. Pozgarria da gizonezkoen taldeak emakumezkoen ziklismoan sartzea. Pauso handiak eman dira. Orain, errepidean erantzutea dagokigu guri.
Eider Merino. Movistarreko txirrindularia
«Aldaketa itzela izango dugu aurten»
Iazko sasoi arrakastatsuaren ostean, Eider Merinok ez du bertan goxo gelditzeko asmorik: «Urtero hobera egitea da nire helburua». Movistarren beste koska bat igotzen saiatuko da. «Begiz jota» dauka Emakumeen Bira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu