Iruñea munduaren erdigune bilakatzen da garai honetan. Sanferminek eta jai horietako entzierroek sona handia dute aspalditik. Munduko txoko guztietatik joaten da jendea jaietan gozatzeko asmoz. Iruindarrak ere jai giroan murgiltzen dira, nola ez, baina Osasunako jokalarientzat, ordea, lanerako garaia da uztailaren hasiera. Gorritxoak gaur itzuli dira Taxoarera, eta zaleen aurrean ekin diote 2024-2025eko denboraldiari.
Aldaketa garaia da Osasunan. Jagoba Arrasateren agurrak 180 graduko bira eman dio duela sei urte abiatutako proiektuari. Berriatuarrak Espainiako Bigarren Mailatik Konferentzia ligako atarikora eraman zuen Osasuna. Baina 256 partidaren ostean, beste jabe bat izango du Sadarko aulkiak: Vicente Moreno. Duela hilabete eskas aurkeztu zuten, eta gaur zuzendu du lehen lan saioa. Teknikari berriak ez du lan makala Arrasaterena berdintzen. Baina hark abiatutako bideari jarraipena eman nahi dio; hori bai, bere zigilua jarrita. Pozik agertu da lehen lan saioaren ostean: «Oso gustura nago jokalariek egin duten entrenamenduarekin. Gainera, oso harrera ona egin digute berrioi».
«Oso gustura nago jokalariek egin duten entrenamenduarekin. Gainera, oso harrera ona egin digute»
VICENTE MORENOOsasunako entrenatzailea
Udako merkatuan mugimendu gutxi egin ditu Osasunak. Braulio Vazquez kirol zuzendariak etxeko lanak eginda utzi zituen oporretara joan aurretik, eta udan denborak neurtzeko aukera dauka. Aurreko sasoiko taldearekin alderatuta, Johan Mojicak soilik utzi du taldea. Kolonbiako ezker hegaleko atzelariak utzita jokatu zuen elastiko gorritxoarekin, eta, kontratua amaituta, ez da Iruñera itzuliko. Abel Bretonesek hartuko du haren lekukoa. Langreoko (Asturias) atzelariak sasoi bikainak egin ditu Oviedon, eta gorritxoek 2,8 milioi euro ordaindu dizkiote Oviedori hura fitxatzeko. Bost urterako sinatu du, eta hura da orain arte Osasunak egin duen fitxaketa bakarra. Atzo egin zituen osasun probak, eta gaur taldekideekin batera agertu da taldeko argazkian; baina oporretan dago oraindik. Izan ere, duela bi aste eskas jokatu zuen Oviedorekin Lehen Mailara igotzeko kanporaketako finala. Datorren astean entrenatuko da taldekideekin batera.
Lehen lan saioan 23 jokalari elkartu ditu Morenok. Aurreko sasoian taldean zeuden jokalariez gain, utzita aritu diren laurak ere bertan izan dira: Javi Martinez, Diego Moreno, Nacho Vidal eta Iker Benito. Zail izango dute tokia egitea, baina teknikaria konbentzitzen ahaleginduko dira. Ez dira bakarrak izango. Bigarren taldeko bi jokalari ere aritu dira Morenoren esanetara: Dimitrios Stamatakis atezaina eta Ander Yoldi aurrelaria.
Haiekin batera aritu ez direnak Aimar Oroz eta Ante Budimir izan dira. Arazurikoa (Nafarroa) Espainiako selekzioarekin ariko da Parisko Olinpiar Jokoetan, eta Budimir oporretan dago, Kroaziako selekzioarekin Alemaniako Eurokopa jokatu ostean. Datorren astean itzuliko da gorritxoekin, Bretones bezalaxe. Bestalde, Kike Barja argazkian agertu da, baina ez da taldekideekin batera entrenatu, aurreko sasoian izan zuen lesiotik osatzen ari baita oraindik.
Entrenamenduari dagokionez, karga handirik gabeko eguna izan da aurrenekoa. Iragan astean osasun probak egin zizkieten jokalari batzuei, eta atzo egin zituzten beste batzuek. Horrela, gaur jokalari guztiak elkarrekin aritu dira zelaian. Beste hiru lan saio egingo dituzte gorritxoek asteon, eta datorrenean jokatuko dute lehen lagunarteko partida, Osasunaren bigarren taldearen aurka. Horrez gain, beste bost partida jokatuko ditu Morenoren taldeak abuztuaren 18an Leganesen aurka ligako lehen partida jokatu aurretik. Aurkari hauek izango ditu lagunarteko partidetan: Huesca, Mirandes, Reala, Athletic eta Alaves. Athleticen aurkakoa Euskal Herria Txapela txapelketako finala izango da.
Ibaian ere, lehen eguna
Alavesek ere ekin dio 2024-2025eko denboraldiari. Aurreko denboraldiko lan onaren ondorengo poztasuna oraindik gorputzean dutela, irribarrea ahoan abiatu du aurtengoa Luis Garcia Plazak. Aurreko bi urteetan lortutakoari jarraipena ematen ahaleginduko da teknikari espainiarra. Hogei urte dira Alaveseko entrenatzaile batek ez duela hirugarren urtez jarraian taldea zuzentzen. Jose Manuel Esnal Mane historikoa izan zen azkena; ez da seinale txarra. Arratsaldean bigarren lan saioa egingo dute.
Osasunak ez bezala, hainbat aldaketarekin ekin dio Alavesek denboraldiaurreari. Aurreko sasoian garrantzitsuak izan ziren hainbat jokalarik taldea utzi dute; Samu Omorodion, Rafa Marin, Ianis Hagi, Alex Sola eta Giuliano Simeone utzita aritu ziren, eta haien taldeetara itzuli dira. Hala ere, badirudi Simeonek, behintzat, Alavesen elastikoa jantzi dezakeela sasoi honetan ere. Bestalde, Andoni Gorosabelek Lezamarako bidea hartu du behin kontratua amaituta. Eta Miguel de la Fuente Leganesen gelditu da, han utzita aritu ostean. Atea ixten azkena Ruben Duarte izan da. 2017an iritsi zen Alavesera, eta zortzi urte egin ditu, azkenak kapitainaren besokoarekin. Mexikorako bidea hartu du, Pumas taldeak hiru milioi euro ordaindu ostean.
Jokalari berriei dagokionez, bakarra dauka oraingoz Garcia Plazak: Tomas Conechny. Erdilaria Godoy Cruz Argentinako taldetik iritsi da. Hegaleko jokalaria lehen aldiz ariko da Europan. Harekin aritu daitekeen bat Asier Villalibre da. Athleticeko aurrelari gernikarrak sasoi bikaina egin zuen Bigarren Mailan Alavesekin, eta, geroztik, haren atzetik dabil Gasteizko taldea. Aurreko sasoian Athleticen aritu zen, baina oso gutxi jokatu zuen. Astelehenean itzuli zen Athletic lanera, eta Villalibre ez zen taldekideekin aritu. Ondo bidean, Gorosabelek egin duen bidaia bera egingo du, baina kontrako noranzkoan.
Gainerakoan, Nikola Maras eta Abdallahi Mahmud taldekideekin entrenatu dira. Alavesek utzita aritu ziren biak iragan sasoian, eta ez dirudi bertan gelditzeko aukerarik izango dutenik. Haiekin batera izan dira bigarren taldeko bost jokalari: Julen Jon Guerrero, Alvaro Garcia, Eneko Ortiz, Egoitz Muñoz eta Dauda Dumbia.
Arabarrak Gasteizen entrenatuko dira hilaren 24ra bitarte. Egun horretan lagunarteko partida bat jokatuko dute Valentzian (Herrialde Katalanak), eta, jarraian, dagoeneko ohikoa duten egonaldia egingo dute Benidormen (Herrialde Katalanak), abuztuaren 2ra bitarte. Hiru partida jokatuko dituzte han. Aurkari hauek izango dituzte denboraldia hasi bitartean: Racing, Reala, Valentzia, Levante, Tenerife, Hercules, Huesca eta Osasuna. Abuztuaren 16an abiatuko dute liga, Vigon (Galizia), Celtaren aurka.