Binakako Txapelketa

Aldaketa edo segida

Bihar jokatuko da Binakako txapelketako azken-aurreko partida, Astelenan. Bertan erabakiko da finalean arituko den bigarren bikotea: Altuna-Martija, edo Artola-Imaz.

(ID_13704806) (Jon Urbe/@FOKU) 2023-12-26, Tolosa. Pilota
JON URBE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko martxoaren 16a
05:05
Entzun

Kale edo bale. Lau hilabete iraun duen txapelketako azken-aurreko partidan erabakiko da zein bikote arituko den finalean, Peio Etxeberriaren eta Jose Javier Zabaletaren aurka. Alde batetik, Baikokoak: Iñaki Artola eta Ander Imaz. Inor gutxik espero zituen finalaren atarian, baina gehien maitatutako bikoteetako bat izan da txapelketan. Beren lanak eraman ditu finalerdietaraino, eta inoiz baino gertuago dute finala. Beste aldean, Aspekoak: Jokin Altuna eta Julen Martija. Duela bi urte irabazi zuten txapela, eta lorpena berritu nahi dute. Mikel Olaetxea pilotari ohiak eta Tolosako Pilota Klubeko teknikariak (Lizartza, Gipuzkoa, 1985) neurketa aztertu du, eta partida berdindu bat aurreikusten du. Kontuak ezin argiagoak dira: Bihar garaile ateratzen denak jokatuko du final handia. Bi bikoteek atera beharko dituzte beren babak eltzetik.

Bien ibilbidea errepasatzerakoan, Aspekoen gorabeherak nabarmendu ditu Olaetxeak; Altunarenak batez ere: «Lesioekin hainbat partidatan ordezkatu behar izan dute, eta, alde horretatik, irregularragoa izan da. Zorte txarra izan du, baina amaierara oso ondo iritsi da». Baikokoei erreparatuta, oso bikote «solidoa» direla nabarmendu du: «Langileak dira biak, eta, gaizki hasi arren, bigarren zatian gora egiten dute».

Binakakoan hiru partida jokatu dituzte elkarren aurka, aurten, eta, hiruretan, Aspekoak nagusitu dira. Aurrenekoan, lehen fasean, 22-13 irabazi zuten. Bigarrenean, lehen fasean oraindik ere, Javier Zabalak jokatu zuen, Altunaren lesio bat tarteko, eta 22-12 gailendu ziren. Kanporaketetan Artolak ezin izan zuen jokatu, gastroenteritisak jota. Mikel Urrutikoetxeak jokatu zuen, eta 22-11 nagusitu ziren Aspekoak.

Bi aurrelariak, Tolosaldekoak biak, ondo baino hobeto ezagutzen ditu lizartzarrak. Loreak izan ditu bientzat. Haren ustez, oso zaila da Altunari «estrategikoki» partida bat irabaztea: «Bikain irakurtzen ditu partidak». Artolari dagokionez, aldiz, «ezkutuko lana» egiten duela nabarmendu du: «Lan handia egiten du Imazi pilotak kentzeko, eta eragina izan dezake partida honetan ere».

Bi atzelariengan ere jarri du begirada pilotari ohiak: «Biak oso sendo ikusi ditut txapelketa hasieratik, oso gogotsu. Oso desberdinak dira, baina biak dira oso lehiakorrak, eta sendo aritu dira. Partida zailetan ez dute amore ematen, amorrua erakusten dute, eta bigarren zatian gora egiten dute». Berdintasun horretan, ordea, Altuna ikusten du besteen gainetik: «Atzelarien arteko berdintasun hori ikusten denean, oso zaila da Altuna bati irabaztea. Eta joera ikusita, oso zaila da Altunari horrelako partida batek eskuetatik alde egitea». Hala ere, Baikokoen aukeretan ere sinesten du Olaetxeak. Haren hitzetan, Artolak «distira berezi bat» erakutsi du binakakoan, batez ere «tantoa amaitzeko orduan». Une bikainean dagoela goraipatu du.  

Poza, bikoitza

Finalaurrekoari begira, bakoitzak bere kartak jarri beharko ditu mahai gainean, eta dena eman beharko dute 22ra heltzeko. Horretarako oso garrantzitsua izaten da neurketaren prestaketa. Taktika onena zein den jakiten, ordea, ez da erraza izaten. Neurketa berdindua imajinatzen du Olaetxeak, eta, haren ustez, «edozeinek» irabaz dezake. Artola eta Imazen partida hasieretan jarri du arreta: «Altunaren aurka gaizki hasiz gero, garesti ordaindu daiteke. Ez du ematen beste batzuek eman dezaketen aukerarik, eta, are gutxiago, Martija atzelaria ondoan daukanean. Oso garrantzitsua izango da partidan ondo sartzea eta xuxen-xuxen joatea. Baina bi bikoteentzat».

Altunaren eta Artolaren laguna izateaz gain, Tolosako pilota eskolako teknikaria ere bada Olaetxea. Eta poza areagotu egin zaio. Alde batetik, pozik dago lagunak urrutira iritsi direlako. Beste alde batetik, Tolosako Klubeko teknikari baten begietatik, nabarmena da haren ilusioa. Biak goi-goian ikustea albiste ezin hobea da Tolosako eta inguruko herritarrentzat. Lizartzarraren arabera, nabarmena izan da zer eragin izan duen haur eta gazteengan. «Altuna goi-goian egoteak beti izan du eragina Tolosaldean. Baina, aurten, Artola hor ikusteak eragin dezente izan du. Haurrengan, entrenamenduetan, zaleengan… giroan antzeman egiten da. Beotibarrek oso ondo funtzionatu du txapelketa osoan zehar. Artola eta Altuna aurkariak dira, baina lagun minak. Eta horrek giro polit bat sortu du gure inguruan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.