Aldabek eta Apezetxeak 27-35 irabazi zioten Etxarri-Martirenari eta Berria Erremonte Txapelketako finalaurrekora sailkatu ziren B multzoan, lehen postuan.
Urrutia II-Labakak, Susperregi-Zubiri bikotea 35-16 gainditu zuten eta A multzoko bigarren postuan sailkatu ziren finalerdietara, Susperregi eta Zubiri kanporatuta geratu ziren bitartean. A multzo honetan Goikoetxeak eta Odeik osatutako bikotea geratu da lehen postuan. Finalerdiak martxoaren 25ean (ostirala) eta apirilaren 2an (larunbata) jokatuko dira. Goikoetxea-Odei, Loitegi-Zalduaren aurka, eta Aldabe-Apezetxea, Urrutia II-Labakaren aurka.
Jaialdiari hasiera emateko, Aldabe-Apezetxeak garaipena lortu zuen Etxarri-Martirenaren aurka, 27-35. Garaipen hori 0-14ko partzialari esker gauzatu zen. Etxarri-Martirena 19-17 irabazten ari ziren, baina urdinek 19-31 alde egitea lortu zuten. Aldabek 16 tanto eta 3 huts egin zituen berriro, aurrean nagusi izan zen, eta atzean Apezetxeak profesional mailarako prest dagoela erakutsi zuen sakez egindako bost tantorekin, zazpi piloteoan eta huts bakarra egin eta gero. Gorrietan Etxarrik pilotakada bikainak eta hutsak tartekatu zituen eta 12 tanto eta bost huts egin zituen. Martirenak bost tanto egin zituen saketik, bost piloteoan eta hiru akats.
Jaialdiko hirugarren partidan Urrutia II-Labakaren eskarmentuak garaipen argia eman zien, 35-16. Hori bai, partida hasieran abantaila urdinen aldekoa zen. 4-10 ere irabazten zuten, baina partziala izugarria izan zen hortik aurrera. 31-6ko partzialarekin partidua erabat gorrien aldekoa izan zen. Labaka guztien gainetik nabarmendu zen sakez egindako bederatzi tantorekin, sei piloteoan eta huts bakarra egin zuen.