Atano III.eko aldagela jendez lepo dago, eta Juan Martinez de Irujo (Ibero, Nafarroa, 1981), izerdi patsetan, entrenatu berria da. Jokin Etxaniz ere bertan dago, Eneko Yoldi pilotari afizionatua, Irujoren hainbat lagun, argazkilaria... Eta Iberokoaren alboan Patxi Eugi (Agoitz, Nafarroa 1971), eserita, labetxoaren epelean. Irujok bi laranja, platano bat eta sagar bat irentsi ditu solasaldian. Algara bat edo beste salbuetsita, zortzi-hamar lagunek adi-adi eta isilik entzun dituzte makina bat final jokatu dituzten pilotari eta botilleroaren kontakizunak.
Patxi, Juan egun hauetan ikusita, oroitzapenak bueltan al datoz?
Patxi Eugi: Beti datoz burura azken entrenamendu haiek. Finalaren aurrekoak bereziak dira, Atanora zatoz, ondo zaude, ilusioarekin lan egiten duzu...
Urteekin finalak hobeto jasaten ikasten al da?
Juan Martinez de Irujo: Badakizu zer datorkizun; zorionez, final gehiago jokatu ditut, eta final guztiak berdinak dira. Itxaronaldi luzeak, hamabost egun, entrenamendu labur eta biziak, eta eguna iristeko irrika.
Bezperak luzeak al dira?
P. E.: Bai, oso luzeak egiten dira. Finala noiz iritsiko... Nahi duzuna jokatzen hastea da, kirioak aldentzea, eta ondo bazaude, hobe.
Final asko jokatu dituzue biek, ohitura berezirik bai bezperetan?
M.I.: Azken hiru lau egunetan jende askorekin ez topatzen saiatzen naiz, gai bakarra baitago. Pilota ez den edozein gauzari buruz hitz egin nahi duzu.
P. E.: Egia da; topo egiten duzun jende guztiak, nahi eta nahi ez, finalari buruz hitz egiten dizu, eta azkenean ia txarrera har dezakezu. Niri lasai egotea gustatzen zitzaidan, hiruzpalau lagunekin edo bikotekidearekin...
Juan egun hauetan ikusita inbidiarik sentitzen al duzu?
P. E.: Ez, harengatik pozten naiz. Nire garaiak pasatu ziren eta kito, eta halako asko izan ditzala.
Ez duzu horren faltik sumatzen?
P. E.: Pilotari ohi guztiek sumatuko dute faltan, finalak jokatu dituztenek, zaharrenek ere. Denei etorriko zaizkie burura euren garaiak. Mina izaten duzu, baina zentzu onean, hor egon zarelako.
Finalak aldatu al dira?
P. E.: Ez, partidarik garrantzitsuenak dira, eta kitto. Ikusmin handia, bi onenak...
Debuta egin berritan final bat halakoa zela uste al zenuten?
M.I.: Aurrenekoa jokatzen duzun arte ez dakizu zer den: hedabideei kasu egin, sarrerak, ondorengo afaria... Gauza asko dira.
Ondorengo afaria txarra al da?
M.I.: Ez. Baina hori ere antolatu behar da. Eta kantxara irtetean... lehen finalean, hori harrigarria da, zirrara hori sentitzen duzun arte ezin duzu imajinatu.
Arazo maiteak.
M.I.: Bai, bai, urtero halako hiru buruhauste egon daitezela luzaroan. Baina bada ardura, batekin gelditu, bestearekin, lasai egon nahi eta ezin... baina tira, egon daitezela hiru urtero.
Finalek egun lehen baino oihartzun handiagoa al dute?
P. E.: Finalak beti izan dira garrantzitsuak. Gure garaietan ere asko entzuten zen pilotari buruz, telebista zegoen astean bitan...
M.I.: Nik uste Bartzelonaren eta Real Madrilen futbol partidak bezalakoak direla, beti dira mendeko partida. Orain honi dagokio, eta hiru hilabete barru beste bat izango da.
P. E.: Lehen ere finalek ikusmin ikaragarria sortzen zuten. Agian pilotalekuko giroa aldatu da; orain zarata gehiago dago harmailetan. Pilotalekuko giroa bada desberdina, baina ikusmina bera. Niri ere eskatzen zizkidaten ehundik gora sarrera, eta zortea izan nuen, herrikoek beti jarraitu nindutelako.
Botilleroaren finala nolakoa da?
P. E.: Desberdinak da, eta tentsioa txikiagoa. Hori baino ez zen falta, botillero bezala ere sufritzen egotea! Nire kasuan bera lasai egotea bilatzen dut. Nik zortea izan nuen Martin [Ezkurra] eta Julian [Retegi] izan nituelako alboan, eta biengandik ikasi nuen.
Botillero batek partida alda dezake?
P. E.: Ez, ez... Botilleroa une jakin batean laguntzeko dago, agian pilotariak ikusten ez dituen gauzak edo sentsazioak bideratzeko, edota xehetasunen bat aldatzeko. Baina garrantzitsua pilotaria da.
Badago botillero batek partida bat alda dezakeela dionik.
P. E.: Ba oker dabil. Lagun dezake, gidatu, pilotaria piztu, lasaitu... Baina «lehenbizi errebotera jo eta gero dejada puntan utzi» esateko... Hori pilotariak ere badaki.
M.I.: Botilleroak lagun zaitzake. Urduri bazaude, lasaitzeko esan diezazuke, baina zu zure kasa ez bazara lasaitzen, ezin duzu irabazi.
Diotenez Patxirekin zaudenetik lasaiago jokatzen duzu? Klasikoago, botera.
P. E.: Aurrekoan hemeretzi tanto egin zituen eta! Abelen aurka.
M.I.: Eta Titinen aurka ere bai. Nik uste dut halakoak garela, baita ni ere; gauza bat esaten digute, eta etengabe errepikatzen dugu. «Patxirekin dago, eta joko klasikoagoa egiten du»... Nik uste betiko jokoa egiten dudala.
Kasu egiten al dizu partidetan?
P. E.: Nik behintzat gauzak kontatzen dizkiot.
M.I.: Baietz dirudi... Botilleroa horretarako dago; kasurik egingo ez banio, ez nuke eramango.
Eta zuk, Patxi, kasu egiten al zenuen?
P. E.: Ni beti saiatzen nintzen entzuten, baina gero zu bakarrik zaude kantxan. Aholkuak onak badira, kasu egin behar zaie.
Juani aholkuren bat ematen diozu bereziki?
P. E.: Ezer berezirik ez; lasai jokatzeko, eta gauzak egiteko unea ondo aukeratzeko.
Nola gogoratzen duzu Juan Aspera iritsi zenekoa?
P. E.: Nik aurretik ez nuen inoiz jokatzen ikusi; trinketean bakarrik, Munduko Txapelketan, eta, Labriten debuta egin zuenean, asko gustatu zitzaidan. Asko jokatu zuen, nik ez nuen uste hainbeste jokatuko zuenik, zoritxarrez, eta etxera joan nintzen zera pentsatzen: «Honekin jai diagu...». Eta hasieran asko egin zuen gora. Nik uste kasu bakarra dela historian, Lehen Mailan debutatu eta hain bizkor igo dena.
Aldagelan sartu eta Eugi ikusi zenuen. Errespetua ematen al zizun?
M.I.: Guztiek bezala, txapelduna izana zen. Baina ondo gogoan dut Uhartera hauekin entrenatzen joaten hasi nintzenean, beterano asko zeuden: Patxi, Lasa, Fernando, Chafee, Eulate..., eta, tira, hasieran lotsatuta, baina, hamabost egunen buruan, bat gehiago nintzen. Zortea izan nuen multzo hura aurkitzearekin.
P. E.: Eta halako multzoak gutxi egongo dira, ala?
M.I.: Multzo hori bezalakoak, ezta bat ere munduan.
Gogoan al duzue elkarren aurka jokatu zenuten lehen aldia?
M.I.: [Bat-batean eta barrez] Azkoitian, abuztuaren 15ean.
Zeinek irabazi zuen
M.I.:[Keinu bidez bere burua seinalatu du, laranja zatia du ahoan].
P. E.: Ze partida zen?
M.I.: [Presaka irentsi du] Hi eta Apeztegia.
P. E.: Eta hi, Barriolarekin, ezta?
Juan, abantaila zenuen atzean.
I: Ba! Barriola pattal zebilen orduan [Barre algara handia sortu dio aldagelan dauden guztiei].
P. E.: Bai zera! Eta emaitza?
M. I: Hamasei, hamazazpi...
P. E.: Gainera, Azkoitian, pilotaren sehaskan. Afizio handia dago han.
Juan Azkoitian oso maitea da gainera.
M.I.: Azkoitiko apaizak niri buruz ongi hitz egiten duelako da; ezagutzen dut. Partida harekin oroitzen naiz, Iberoko jaiak baitziren.
P. E.: Esan behar da ere, partida hartan Agoizko jaietan geundela eta eragina izango zuela horrek... [Barreak berriz ere aldagelan, Irujo, lehertzear]. Ongi oroitzen naiz.
Buruz buru jokatu zenuten noizbait?
Biek: Ez.
M.I.: Entrenatu askotan, baina jokatu ez. Ligaxkan min hartuta zegoen bera.
Etxanizek kontatzen du egun batean Patxik hankapean ibili zintuela entrenamendu batean.
P. E.: Behin bakarrik! [algara aldagelan], ez pentsahain zaila zenik, e... [algara handiagoa].
Garai haietan espero al zenuen Juan hain urrun iristerik?
P. E.: Ez, baina ez nik, eta ezta inork ere. Kasu bakarra izan da, hain denbora gutxian hainbestekoa egitea... Debuteko urtean izan zen txapeldun. Inork ezin du espero txapeldun izango denik. Gazte batek asko jokatuko duela espero daiteke, baina txapeldun izatea... Debutatu zuen egunean nik ikusi nuen asko jokatu behar zuela.
Biek irabazi dituzue finalak, eta sentsazioa zein den imajina daiteke, baina galdu ere egin dituzue. Zer da final bat galtzea?
P. E.: Sekulako bizkarrekoa zen, atsekabe izugarria, baina gero, urteekin, final gehiago jokatuko ez dituzula jakitean, «nahiko nuke gehiago galdu izan banitu» pentsatzen duzu. Denborarekin gehiago baloratzen duzu finalera iritsi izana. Jokatzen nuenean, hain handia zen atsekabea, neure buruari zera esaten nion: «Hobe zenuen finalerdietan galtzea, hau ez pasatu behar izateko», baina urteekin pentsatzen duzu gustura galdu izango zenituela pare bat gehiago.
Nolakoa da hurrengo eguna?
M.I.: Galtzen baduzu, ez zaitu inork deitzen. Irabazten baduzu, hedabideak hor dituzu atean, mundu guztia. Baina, galtzen baduzu, asko jota lagunen batek deitzen dizu, ea etxera nola iritsi zaren jakiteko, eta ea buruko mina duzun galdetzeko.
P. E.: Begira, galdu edo irabazi, gorputza berdin duzu: leher eginda.
M.I.: Bestondo latza izango bazenu bezala.
Bihar galduz gero, nik deituko zaitut.
M.I.: Orduan ez nazazu deitu.
P. E.: Begira, final baten ondoren beti parranda egin behar da.
Galdu edo irabazi?
M.I.: Noski!
P. E.: Bai, bai...
M.I.: Txapelketa batek hiru hilabete irauten du; egun osoa horretan pentsatzen zabiltza; behin bukatuta, final batera iritsita... Hori ospatzekoa da, eta ez zuregatik bakarrik, baita zu animatu zaituen eta afaltzera agertzen den jendearengatik ere bai.
Juan, baina zure kasuan, badirudi final bat galtzea porrota dela.
M.I.: Ez da hala, nik badakidalako edozeinen aurka gal edo irabaz dezakedala, eta asko kostatzen dela iristea.
Final batekin gozatzerik ba al dago?
M.I.: Gutxi. Gozatzen baduzu, irabaztera zoazela ikusten duzulako da, eta oso gutxitan izaten da partida hain kontrolatua.
P. E.: Irabazi eta podiumean zaudenean gozatzen da. Aise irabazten joanda ere, pilotaria tematia da, eta beti pentsatzen du behetik datorrenak harrapa dezakeela. Hogeita bira iritsi arte...
M.I.: Fernando Goñi da jokatu dituen final guztiak gozatu dituen pilotari bat. Nik bi jokatu ditut harekin, eta berotzen ere gozatu egiten zuen!
Biek jokatu duzue finalen bat Barriolaren aurka; nola irabazten zaio.
P. E.: Abel partida osoan hor dagoen pilotari bat da. Irabazi egin behar zaio; beti dago hor; eusten dio, eta lau t'erdian sakea oso, oso ondo baliatzen du.
M.I.: Berak baino gehiago jokatu behar duzu irabazteko, ez dizulako oparirik egingo. Bere estiloari fidel zaio; sakea baliatu, eta bi eskuekin luze jokatu.
Lesioaren ondoren orain bezain ongi jokatzera iritsiko zela uste al zenuten?
M.I.:Abel ezagutzen dugu, eta horretarako burugogorra da. Zerbaiten bila jartzen bada, lortuko du, eta bere ahalegin faltarengatik ez zen izango erabat ez osatzea. Gero, final batean sartzea, beste gauza bat da.
PILOTA. LAU T'ERDIKO TXAPELKETAKO FINALA
Alboko eserlekutik
Lagun onak dira, eta bihar elkarren ondoan eseriko dira Atano III.eko kontrakantxan. Juan Martinez de Irujo eta Patxi Eugi dira, finalak irabazi eta galdu dituzten bi pilotari, iraganaz, orainaz, botilleroez eta pilotaren egun handiez aldarte onean hizketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu