Hiru urte dira erretiroa hartu zuela eta ez du ezkutatu oraindik inbidia sentitzen duela pilota ikustean. Ruben Belokik (Burlata, Nafarroa, 1974), gainera, teknikari begiekin ikusten ditu partidak.
Ezusteko finalerdiak al dira?
Txapelketa hasi aurretik esan baligute, inork ez zuen sinetsiko. Baina aldaketak dira, pilotan nahi genituenak, jende berria eskatzen genuen, eta iritsi egin da.
Aspaldiko partez atzelarien txapelketa izaten ari da.
Atzelari handiak egon dira. Zabaletak aldeak markatu ditu, Albisuk eta Zubietak txapelketa handia egin dute, Untoria sendotu egin da... Baina tira, aurrelariak ere agertu dira: Urrutikoetxea, Altuna, Artola... Oro har, aurpegi berrien txapelketa izan da.
Aztertu finalerdietako bikoteak: Bengoetxea VI.a-Untoria.
Oinatzek nik oroitzen diodan txapelketarik onena egin du. Eta Untoria, bagenekien borrokalaria zela, baina goian egoteko horrekin ez da aski. Orain, hortaz gain, pilotakada luzatzen ari da, kolpea askatzen... Denbora luzea egin du geldirik, eta berriz ere erritmoa hartu du. Onartzen dut ez genuela espero, baina ezusteko ona da. Txapelketako ustekabekoa da.
Asegarcek Zubieta eskatu zuen utzita. Hori horrela, Untoriak bere burua aldarrikatu du.
Ea gehiagotan gertatzen den! Atzelarien artean ez geneukan aurrean adina jende, eta erabaki hori hartu genuen. Untoriarena oso ona da, baina ez txapelketarako bakarrik, urte osorako baizik.
Artola-Albisu.
Albisuk pixka bat erregularragoa izan beharko luke; klase eta maila horrekin, gauza bakarra falta zaio: egun handietan zortzi huts egin beharrean bost egitea. Atzelari onena ez bada, bigarrena da, eta hor du hobekuntza tartea. Baina hori urteekin ikasten da, eta gaztea da. 29 urte dituela dirudi, baina 24 ditu bakarrik. Eta Artola: 9,5eko nota. Ezin gehiago eskatu.
Berasaluze II.a-Zubieta.
Oso goiz sailkatzen zarenean erlaxatu egiten zara, nahi gabe, eta agian horrek eragin die. Aurrekoan euren mailatik urrun egon ziren, eta 22-9koa zama handia izan daiteke. Baina tira, Zubietak txapelketa oso ona egin du, eta Berasaluzek, 38 urterekin, bere maila eman du. Ondo ikusi dut. Ez dakigu duela hiru urtekora itzuliko den, baina adin horrekin, agian, hau da bere maila.
Ezkurdia-Zabaleta.
Elkar ondo hartzen badute, bikote indartsuena da. Euren %90 ematen badute, faboritoak dira. Zabaletak ondo jokatzen duenean, onena da. Batez ere orain ez duelako hutsik egiten, eta hari eustea zaila da. Eta Ezkurdiak ondo ikasi du bere lana egiten, pilota txarrak kentzen...
Txapelketa oro har?
Olaizola eta Irujorenak pena eman dit, lesioengatik. Baina oro har oso polita izan da ikusleentzat. Belaunaldi berria hemen da, dena den, Irujok eta Olaizolak oraindik txapel asko irabaziko dituzte. Hori bai, ez dut uste euren zanpagailuak jarraituko duenik.
Binakako Txapelketa. Ruben Beloki. Asegarceko teknikaria
«Albisuri gauza bakarra falta zaio: erregularragoa izan beharko luke»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu