Ordu erdian hautsi du partida Bartzelonak. Alavesek Lehen Mailako liderra hartu du gaur Mendizorrotzan, eta hark argi utzi du bi taldeen arteko tartea. Joan den astean Sadarren hartu zuten kolpetik ikasi dute kataluniarrek, eta sasoi betean daudela erakutsi dute. Are hobean dago taldeko aurrelaria, Robert Lewandowski, ligako pitxitxia.
Poloniarrak sartu ditu bisitarien hiru golak. Lehenengoa seigarren minutuan, buruz, falta bat errematatuta; bigarrena, Raphinhak gidatutako kontraeraso batean; eta hirugarrena, Eric Garciaren pase bat baliatuta. Lehen ordu erdian sartu ditu hirurak, eta hortxe amaitu da lehia.
Mendizorrotzan bildu diren zaleei argi geratu zaie Bartzelonak erabat aldatu duela bere estiloa; Flicken jokamoldeak ez du zerikusirik Guardiolaren garaikoarekin. Alemaniarrak joko zuzenaren aldeko apustua egin du, pase gutxian iristen da areara haren taldea, eta hori erakutsi du Gasteizen. Oraingoz, bikain dabiltza.
Onena, Sivera
Alavesi dagokionez, Sivera atezaina izan da taldeko jokalaririk onena. Hiru gol sartu dizkioten arren, geldiketa ikusgarri mordoxka egin ditu. Lehen zatiaren amaieran gol bat baliogabetu diote Toni Martinezi, eta bigarren zatian gehiagotan heldu da etxeko taldea Bartzelonaren areara, baina ez da fin ibili azken metroetan. Irudia, bederen, lehen zatian baino hobea izan da.
Sailkapen nagusian 13. postuan dago Alaves, 10 puntu lortuta.