Atsekabe handiz, kapitainaren besokoa kendu, eta Alaveseko elastikoa erantzi behar izan du Manu Garciak (Gasteiz, 1986). Kazetarien deiak bata bestearen atzetik erantzuten ari da egunotan: «Gaia alde batera utzi nahiko nuke, baina zor dizuet eman didazuen maitasun guztiaren zati bat itzultzea».
Ez duzu Alavesen jarraituko. Sinestea kosta egiten zaizu oraindik?
Astebete igaro da klubak erabakiaren berri eman zidanetik, eta egoera berrira egokitzen ari naiz pixkanaka. Berriro ilusioa piztuko didan erronka baten bila nabil orain. Oso oroitzapen onekin eta harro noa Alavesetik, gauza handiak lortu ditugulako urte hauetan guztietan.
Nola sentitu zara egunotan?
Banekien noizbait iritsiko zela amaiera, baina ezin duzu imajinatu zure gogoak nola erantzungo duen behin momentua iritsita. Tristura handiko egunak izan dira. Bizitako une guztiak datozkizu gogora, etorkizunari buruzko zalantzekin batera. Aldatu egingo da orain arte izan dudan bizimodua eta errutina. Oso gutxi egin dut lo, eta sentimendu asko nahastu zaizkit: poz handia ematen dit taldea Lehen Mailan utzi izanak, baina goibel ere banago, banoalako. Une lasaiak eta alaiak, eta negarraldiak, denetatik izan dut.
Alavesen jarraitzeko itxaropena zenuen. Sinetsita zinen oraindik ekarpena egin zenezakeela zelaian.
Sasoi zaila izan da. Hasteko, lesio bat izan nuen. Operazio glatik pasatu nintzen, pentsatuz pare bat astean prest egongo nintzela jokatzeko, baina, azkenean, zortzi aste izan ziren. Denboraldi-aurrea eta ligako lehen partidak galdu nituen. Behin zelaira itzulita, eta nire onera itzultzen ari nintzela, koronabirusa harrapatu nuen. Eta, gero, taldea oso bolada irregular batean sartu zen. Bukaerarekin, ordea, oso pozik nago, taldeak salbazioa lortu duelako, eta tentsio handiko partidetan maila eman dudalako. Harro nago oztopoak gainditzeko izan dudan gaitasunaz. Argazkietan gutxiago agertu naiz aurten, baina nik ondo dakit zeinen garrantzitsua izan naizen. Sentitzen nuen oraindik gauza asko eman niezazkiokeela Alavesi.
Eta zer arrazoi eman zizuten erabakiaren berri ematean?
Balorazio bat egin zutela, eta, kirol mailan, hobe zela ez banuen jarraitzen, beste zerbaiten bila zebiltzalako. Ez zidaten xehetasun handirik eman, eta nik ere ez nituen eskatu. Nik nire iritzia eman nien jokalari gisa dudan balioaz. Esan nien hanka sartzen ari zirela, bai kirol arloan, eta baita maila pertsonalean ere, Alavesetik beste modu batean irtetea merezi nuelako. Banindoala jakinda jokatu nahiko nukeen azken partida. Oraintxe, min apur bat ematen dit horrek. Era berean, ulertzen dut haiek kudeatzaile gisa erabaki zailak hartu behar dituztela, esku artean duten informazioan oinarrituz. Negozioaren parte da. Erabakia onartu besterik ez zait gelditzen.
Bederatzi denboraldi, 308 norgehiagoka. «Opari bat», agurrean esan zenuen bezala.
Bai, ondo dakidalako zeinen zaila den zure hiriko taldean halako ibilbide bat izatea, eta Lehen Mailako jokalari bihurtzea. Elitean onenek bakarrik dihardute. Ia ezinezkoa da hainbeste urtez klubaren, entrenatzaileen eta taldekideen konfiantza edukitzea, eta nik lortu dut. Gainera, partiden erdiak, gutxi-asko, gorenean jokatu ditut, eta hor ez da minutu bakar bat ere oparitzen.
Pazientzia handia izan duzu. Izan ere, 27 urterekin iritsi zinen futbol profesionalera, Alavesen beraren eskutik, Bigarren B Mailatik igo ostean.
Bizitzan erabakiak hartu behar dira, eta oso gazterik Donostiara joatea deliberatu nuen nik [Realaren harrobian aritzeko]. Erabaki ausarta izan zen, eta uste dut asmatu egin nuela. Asko hazi nintzen pertsona eta futbolari moduan, goi mailako profesionalei esker. Gerora asko balio izan didaten esperientziak bizi izan nituen han. Eta bizitzaren joan-etorriak zer diren: gazte mailan entrenatzaile izan nuen batek, Javier Zubillagak eman zidan Alavesekin fitxatzeko aukera. Geroztik, batera hazi ginen kluba eta biok. Bidaia zoragarria izan da: asko sufritu dugu, talde txikia baikara, baina helburuak denboraldi guztietan bete ditugu. Arrakasta handia da urtez urte kluba elitean mantentzea. Balio handia eman behar zaio.
Gai zara une on guztien artean bat aukeratzeko?
Ezinezkoa da. Hor daude Lehen Mailako debuta, Kopako finala, Real Madrili egindako gola... Baita Alavesekin jokatu nuen lehen partida, Mendizorrotzan aritu nintzen aurreneko aldia eta Jaengo igoera eta salbazioa ere. Solaskidearen arabera, une batzuk edo beste batzuk berritzen ditut, anekdotak eta bizipenak gogora ekarriz.
Zerk egin zaitu zoriontsuen bederatzi urte hauetan?
Elastikoa jartze soilak. Kirol honetaz nire taldean gozatu ahal izatea sentipen ikaragarria da. Gauzak oker zirenean, armarriari so egiten nion, eta indar handia ematen zidan. Lagunak eta senitartekoak ondoan egotea ere oso garrantzitsua izan da. Zorte handia izan dut Alaves barrutik bizi ahal izan dudalako, eta beti egon naiz oso eskertuta.
Aurreiritzi asko izan da zure inguruan: adibidez, zenbaiten aburuz, ez duzu elitean aritzeko kalitate nahikorik. Nola hartu izan dituzu halako kritikak?
Aurreiritzi subjektiboak eta zentzugabeak dira, gaur egun oraindik indarrean direnak. Oso zaila da halakoak jendeari burutik kentzea. Ni beti arduratu nauena teknikarien eta taldekideen balorazio objektiboa izan da. Eta taldearen barruan sekulako konfiantza sentitu izan dut beti. Munduko ligarik onena da hau, lehiakortasuna sekulakoa da, eta interes handiak daude. Hortaz, sentimentalismoek ezer gutxirako balio dute. Maila eduki ezean, jai daukazu.
Baina ezin daiteke ukatu balio sentimental handia izan duzula kapitain moduan.
Eboluzio handia izan dut zentzu horretan ere. Eredu handiak izan nituen Alavesera iritsi aurretik: hala nola Iñaki Berruet eta Lluis Codina. Eta, behin Alavesen, asko erreparatu nion Sendoa Agirreri. Nire irudiz, Alaveseko kapitain izateko, garbi izan behar duzu eguneroko lana negoziaezina dela, eta taldea beti banakakotasunen gainetik dagoela. Filosofia horri esker gainditu ditugu gu baino talentu handiagoko taldeak. Hori nire errezeta da, baina ez du esan nahi balio duen bakarra edo onena denik. Dakidana da balio izan digula Bigarren B Mailatik Lehen Mailara eta Kopako final batera iristeko. Ideia horiekiko fidela izaten saiatu naiz beti.
Lekukoa Pachecok eta Laguardiak hartuko dute orain, eta, etorkizunean, Martinen txanda helduko da, ala?
Izaeraz, nirekiko ezberdinak dira Pacheco eta Laguardia, baina nire antzeko pentsaera dute. Nik bizitakoa bizi izan dute haiek ere. Rodrigo Elyz ere gauza bera esango nuke. Martini dagokionez, heldutasun handia du, gaztea izanagatik. Oso garbi ditu gauzak, eta gaitasun handia du lan egiteko eta oztopoak gainditzeko. Oso argia da, gainera. Badu gaia kapitain izateko. Baina esperientzia hartu behar du oraindik. Nire hutsunea agian nabarituko dute hasieran, baina ziur nago ildo onari eutsiko diotela.
Zelaia alde batera utzita, kluba norabide egokian ikusten duzu?
Zalantzarik gabe. Uste dut bere historiako garairik onenean dagoela. Gasteiztarren atxikimendua gero eta handiagoa da, eta instituzionalki egoera egonkorrean gaude. Orain behar dena zaleak Mendizorrotzara itzultzea da. Jendearen berotasuna falta izan zaigu azken urte eta erdian, eta horrek zerikusi handia izan du taldeak izan dituen estutasunetan. Nire agurra zaleen aurrean izatea gustatuko zitzaidakeen, baina ez da posible izan. Dena den, salbazioa lortu dugu mendeurrenaren denboraldian, eta gogobeteta utzi nau horrek.
Eta orain, zer? Lehen Mailan jokatzen jarraitzeko itxaropena duzu?
Ziurgabetasuna hor dago, baina nire burua prest ikusten dut goi mailan lehiatzen jarraitzeko. Hori da nire asmoa. Solasaldi batzuk izan ditut dagoeneko, baina ulertzen dut oraindik goizegi dela, eta nahiko nukeena baino pazientzia handiagoa izan beharko dut.
Manu Garcia. Alaveseko jokalaria
«Alavesen elastikoa janzte soilak egin nau zoriontsuen bederatzi urte hauetan»
Kapitaina egindako guztiaz «harro» doa Alavesetik. Aitortu du min eman diola klubaren jokabideak: «Banindoala jakinda jokatu nahiko nukeen azken partida». Gorenean jokatzen jarraitu nahiko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu