Alaves nagusitu da denboraldiko lehen derbian. Luis Garcia Plazak entrenatutako taldeak 1-2 irabazi dio gaur gauean Realari, Anoetan, Espainiako Lehen Mailako hirugarren jardunaldian. Hala, Arabako taldeak sasoiko lehen garaipena lortu du. Lau puntu ditu bederatzitik, aurreko jardunaldian berdindu egin baitzuen Betisekin, Mendizorrotzan. Uzta oso ona da.
Realak, ordea, ezin izan dio segida eman azken jardunaldian Espanyolen zelaian lortutako garaipenari. Berriro galdu du etxean, aurreneko jardunaldian ere esku hutsik geratu baitzen Anoetan, Rayoren aurka galduta. Hiru puntu ditu bederatzitik. Uzta eskasa da.
Partida bizi-bizi hasi da, eta lehen hamar minutuetan talde bakoitzak bi aukera izan ditu gola sartzeko. Realak izan ditu lehen biak, baina ez Kubok ez Oiartzabalek ez dute asmatu. Alavesek aukera argiagoak izan ditu, biak korner jaurtiketetan, baina Remirok ederki gelditu ditu Picaren eta Villalibreren burukadak.
Norgehiagokaren erritmoak behera egin du gero. Reala aritu da deserosoen tarte horretan, partidaren aginte makila hartu ezinik. Alavesek, berriz, ez zuen arriskatzeko inolako beharrik. Etxean jokatuta, Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak zuen presiorik eta premiarik handiena.
Halako batean, zelai erdiko jokaldi batean, Oiartzabal eta Benavidez lurrera erori dira oinekin tupust egin eta gero. Sanchez Martinez epaileak Realaren aldeko falta adierazi du, eta txartel horia atera dio Alaveseko erdilariari. Baina, handik gutxira, jokaldia telebistan ikustera joan da, eta irudietan zera ikusi du: nahi gabe, baina Oiartzabalek orkatila zapaldu dio Benavidezi. Hala, erabakia aldatu du: baliorik gabe utzi du uruguaitarrari ateratako txartel horia, eta txartel gorria atera dio eibartarrari. Oso zorrotz jokatu du epaileak. 28. minutua zen, eta Realak jokalari bat gutxiagorekin jokatu beharko zuen. Kolpe gogorra zen etxekoentzat.
Lau minutu eskasean, baina, etsipena zoramen bihurtu da, Brais Mendezek gola sartu baitu Oiartzabalek zelaia haserre bizian utzi eta ia hurrengo jokaldian. Bikain errematatu du area barruan Sergio Gomezek ezkerretik egindako erdiraketa neurtua. Partida nola okertua zitzaion kontuan hartuta, sekulako bultzada zen Realarentzat. Alavesentzat, aldiz, kolpe gogorra zen, lehia aldeko jarri baitzitzaion jokalari bat gehiagorekin arituta.
Baina, Realari gertatu bezala, Alaves beltzetik zurira pasatu da minutu gutxian. Lehen zatiaren hondarrean, 49. minutuan, korner batean, Zubeldiak heldu egin dio Abqarri, eta epaileak penaltia adierazi du. Villalibrek bota du, eta ez du huts egin: neurketa berdindu du horrela. Halaxe amaitu da lehen zatia: etxekoak etsita joan dira aldageletara; bisitariak, berriz, konforme.
Toni Martinezen gol erabakigarria
Imanolek eta Garcia Plazak aldaketak egin dituzte atsedenaldian. Realeko entrenatzaileak sendotasunaren alde egin du, eta Jon Martin zelairatu du Pachecoren ordez —min hartuta egon da azken egunetan, eta epaileak txartel horia atera dio lehen zatian—. Alaveseko teknikariak, bestalde, erasokor jokatu du, Stoichkov atera baitu Benavidezen ordez. Hain zuzen, zelairatutako bi jokalariek izan dituzte lehen aukerak bigarren zatiaren hasieran.
Ezer gutxi gertatu da hurrengo 25 minutuetan, partida askotan eten baita, faltak direla eta. Zerbait aldatzeko asmoz, bi entrenatzaileek aldaketa gehiago egin dituzte: Garcia Plazak Manu Sanchez, Kike Garcia eta Toni Martinez zelairatu ditu Diarraren, Villalibreren eta Rebbachen ordez; Imanolek, berriz, Sadiq atera du Beckerren ordez.
74. minutuan, Toni Martinez bakarrik geratu da Remiroren aurrean, baina haren jaurtiketak zutoina jo du, atezainak ukitu eta gero. Hiru minutu geroago, ordea, arantza atera du: aldaratze bat jaso du area barruan, eta gola sartu, 1-2koa. Aurrelari espainiarra lehen aldiz aritu da Alavesekin, eta estreinako ederra izan du. Are ederragoa izan zitekeen, gola sartu eta bi minutura berriro gola egitear egon baita, buruz. Nagusi ziren bisitariak, eta sufritzen ari ziren etxekoak.
Hori ikusita, 81. minutuan Imanolek hiru aldaketa egin ditu kolpe batez: Turrientes, Olasagasti eta Pablo Marin zelairatu ditu Brais Mendezen, Sergio Gomezen eta Zubeldiaren ordez. Erdizka lortu du helburua: Realak sufritzeari utzi dio neurri batean, baina ez da gai izan arriskua sortzeko.
Azkenean, hiru puntuak bisitarientzat, eta alerik ez etxekoentzat. Partidak talde baten eta bestearen inguruko usteak indartu ditu: Alavesek itxura ona du; Reala, ordea, ahulagoa da Le Normand eta Merino gabe geratu eta gero. Indartu beharrean da. Klubak badu lana hurrengo bi egunetan, fitxaketak egiteko epea amaitu aurretik.