Alavesek puntu mingotsa lortu du Leganesen: 3-3. Arabarrei 88. minutuan egin diete ihes hiru puntuek, esku-eskuan zituztela. Orduan sartu du etxekoen hirugarren gola Munirrek. Gainera, zelaian erakutsitakoagatik merezita ari zen irabazten Alaves. Baina, aldi berean, balioa eman behar zaio puntuari. Bitan irauli du markagailua, eta ondo erantzun die partidan hartu dituen kolpeei. Neurketak denetik izan du, Gonzalez Fuertes epaileak bi penalti oso eztabaidagarri adierazi baititu Alavesen kontra; Leganeseko Munir ere kanporatu du. Irabazi izan balu, Alaves jaitsiera postuetatik at legoke, aurre hartuko baitzion Leganesi. Baina arabarrei burua jasotzea besterik ez zaie geratzen, mailari eusteko borroka luzea eta gogorra izango baita.
Ez da aste erraza izan Gasteizen. Aurreko igandean Getaferen aurka galdu eta gero, jaitsiera postuetan geratu zen taldea. Gainera, giroa gaiztotua zegoen, hainbat zalek Luis Garcia Plaza entrenatzaile ohiaren aldeko oihuak egin baitzituzten Getaferen partidan, eta egungoak, Eduardo Coudetek, bere lana ez zela aitortua izaten ari adierazi zuen atzo, partida aurreko prentsa agerraldian.
Coudeten hasierako hamaikakoan Aleña izan da berritasun nagusia. Neguko merkatuan fitxatu ostean, erdilariak gaur egin du debuta arabarren elastikoarekin. Hasieratik nabaritu da tentsioa, ez bakarrik Alavesen, baita Leganesen ere. Etxekoek ere puntu beharrean ziren. Alavesi hamargarren minutuan jarri zaio maldan gora partida. Etxekoek falta bat atera dute, eta Diarrak eta Nastasicek lehia bat izan dute area barruan. VAR sisteman begiratu ostean, Gonzalez Fuertes epaileak penaltia adierazi du, Alaveseko jokalariak besoa gehiegi zabaldu duelakoan. Eztabaidagarria izan da erabakia. 11 metroetatik, Rabak ez du barkatu.
Lehen kolpe horri ondo eman dio buelta Alavesek. Nahiz eta hasieran Leganesen presioa gainditzea kostatu zaien, pixkanaka Dmitrovicen atera gerturatuz joan dira jokalariak, eta erasoan jokaldiak sortuz. Hala, 23. minutuan norgehiagoka berdintzeko abagunea izan dute. Carlos Vicente hondoko marrara iritsi da, eta erdiraketa egin du atzera. Alaveseko hiru jokalarik egin dute errematea segidan, Aleñak, Manu Sanchezek eta Kike Garciak. Baina Leganeseko atzelariek aldendu dute baloia.
Alaves hobeto ari zen, eta saria jaso du, 25. minutuan gola sartu baitu Kike Garciak. Aleñak mugimendu bikaina egin du arean, baloia utzi dio aurrelariari, eta ezkerrez gol ona sartu du. Hamargarrena izan da sasoi honetan, eta bolada bikainean segitzen du. Berdinketarekin, Alavesek aukera ona zuen berdegunean nagusitzen jarraitzeko. Baina ez da posible izan, Leganesek bigarrena sartu baitu 37. minutuan. Berriro ere jokaldi eztabaidagarri batean izan da, eta, lehenengoa bezala, penaltiz. Alaveseko jokalariek ez dute ondo aldendu baloia, eta Diego bakarrik geratu da Siveraren aurrean. Hura lurrera joan da, Siverak ukitu duelakoan. Gonzalez Fuertes VAR sisteman begiratzera joan da. Zalantza asko izan ditu, ia bost minuturen ostean adierazi baitu penaltia. Berriro ere Rabak jaurti du, eta ondo engainatu du Sivera.
Hainbeste jokaldi eztabaidagarrirekin, jokoak ez du aise segitu, eta are gehiago trabatu da. Lehen zatiko luzapena 10 minutukoa izan da, eta bitarte horretan bi taldeek aukera bana izan dute aurkariaren ate aurrean; bat Kike Garciak, punpa laster egindako erremate batean; bestea, berriz, Rabak, erdiraketa zuzen batean. Baina emaitza ez da aldatu.
Jordan, erabakigarri
Aldagelatik bueltan hiru aldaketa egin ditu Coudetek, eta tartean Jordan zelairatu du. Haren jarduna erabakigarria izan da gerora Alavesentzat. Bigarren zatia bikain hasi dute arabarrek. Oraingo honetan, epaileak haien aldeko penaltia adierazi du 50. minutuan. Korner batean, Cisseren eskuan jo du baloiak, eta ez du zalantza egin. Jordanek hartu du baloia, eta Dmitrovicen ezkerrera jaurtiz, sareetara bidali du. Golak indarra eman dio Coudeten taldeari. Baloiaren jabetza eduki du, eta jokaldiak lotzen ahalegindu da. Baina Leganesek ere eman du sustoren bat; argiena Tapiak, urrutiko jaurtiketa batean. Baloia kanpora joan da, zutoinean jo ostean.
Baina Alavesek gola sartu du urrutiko jaurtiketa bati esker. Berriro ere Jordan izan da Leganesen atera urratu duena, Aleñaren beste pase baten ostean (68. minutua). Arabarrak aurretik ziren, baina ez dute asmatu neurketa ixten. Azken minutuetan Leganesek estutu egin du, eta, pare bat gerturatzeren ostean, gola sartu du. Alaveseko jokalari ohi batek sartu du, Munirrek, buruz, 88. minutuan. Zelairatu berria zen. Picak ez du jokaldia ondo zaindu, eta arabarrek berriro ere garesti ordaindu dituzte defentsan egindako hutsak.
Luzapenean, epaileak Munir kaleratu du, Mouriñori ukabilkada bat emateagatik; emaitza, ordea, ez da aldatu. Alavesek hurrengo partidan pentsatzen hasi beharko du orain. Datorren igandean jokatuko du, berriro ere aurkari zuzen baten kontra. Espanyol jasoko du Mendizorrotzan.
Leganes-Alaves
Leganes: Dmitrovic; Rosier, Sergio Gonzalez, Nastasic, Javi Hernandez (Chicco, 84. min); Cisse (Oscar Rodriguez, 71. min), Tapia (Munir, 84. min); Dani Raba, Brasanac (Duk, 71. min), Juan Cruz (Miguel de la Fuente, 71. min) eta Diego Garcia.
Alaves: Sivera; Tenaglia, Abqar, Diarra, Manu Sanchez (Mouriño, 46. min); Blanco, Gebara (Jordan, 46. min); Carlos Vicente, Guridi (Toni Martinez, 46. min), Aleña (Pica, 87. min) eta Kike Garcia (Protesoni, 75. min).
Golak: 1-0: Dani Rabak (penaltiz, 10. min). 1-1: Kike Garciak (25. min). 2-1: Rabak (penaltiz, 37. min). 2-2: Jordanek (penaltiz, 50. min). 2-3: Jordanek (68. min). 3-3: Munirrek (88. min).