Handia egiteko zorian izan da gaur Alaves: bi hamarkada geroago, gertu izan du garaipena Atletico Madrilen zelaian. Ordubete baino gehiagoan markagailuan aurretik egon da. Neurketa hasi orduko sartu du gola, eta tinko heldu dio sariari. Azkenean, baina, eskuetatik egin dio ihes, esku baten ondorioz: lehia bukatzeko ordu laurdena falta zela, epaileak penalti eztabaidagarria adierazi die arabarrei, eta banakoa egin du Atleticok. «Zaharrak berri», pentsatuko zuten, antzeko beste zenbait egoera bizi izan baitute azken partidetan. Kasketak kasketa, berdinketa emaitza ona zen. Alabaina, nekeak eta frustrazioak eraginda, punturik gabe gelditu da azkenean Luis Garcia Plazak gidaturiko taldea. Sorlothek eman dio azken kolpea, luzapenera iristeko bost minuturen faltan.
Gainbehera betean daude gasteiztarrak. Hamar puntu mamitsu bildu zituzten lehen sei partidetan, baina, geroztik, beste hiru baino ez dituzte zakuratu. Galdu eta galdu dabiltza. Gaur irudi duina eman dute txapelketako zelairik zailenetako batean. Saria merezi zuen Alavesen defentsako lan koordinatu eta engaiatuak. Ordea, joera ezkorrean egonik, zorigaitza ate joka du beti. Epailearen erabaki zorrotz bat aski izan da arabarren harresia txiki-txiki eginda uzteko. Diego Simeoneren aldaketek ere zerikusi handia izan dute; 700. neurketa zuzendu du gaur Atleticoren aulkian, eta bete-betean asmatu du Giuliano semea, Sorloth eta De Paul zelairatuta.
Alavesek bekoki alaiarekin hasi du neurketa, eta aurkaria ezustean harrapatu du. Hainbeste, ezen Atleticok oparia egin baitio 6. minutuan: Carlos Vicenteren erdiraketa besoarekin moztu du Galanek, nabarmen. Arabarrek etekina atera diote 11 metroko jaurtiketari. Jon Guridi ez da espezialista, baina patxada handiz gainditu du Oblak, penaltiak astero jaurtiko balitu bezala. Hortik gutxira, kontraeraso arriskutsua antolatu du Alavesek, baina ezerezean gelditu da, Vicentek erabaki txarra hartu baitu. Aurrerantz jarraitu du, itsu, taldekideei erreparatu ordez.
Hortik aurrera, gasteiztarrek oso urrun ikusi dute kontrarioaren area. Beren zelaian gotortu dira, eta ordena lehenetsita, arazo handiak sortu dizkiote Simeonek zuzendutako taldeari. Emaitzaz harago, txukun aritu da Alaves: ondo kokatu da zelaian, eta jokaldiak bizitasun handiz defendatu ditu. Hori horrela, baloia batetik bestera mugitzeak ez dio askorako balio izan Atleticori. 19. minutuan, baina, horman pitzadura izan dute arabarrek, eta garesti ordaintzear izan dira. Bigun ibili dira area barruko jokaldi nahasi batean, eta Linori langara joan zaio jaurtiketa, Siverak aurpegiarekin desbideratu ondoren.
Pikotxa eta mailua
Alavesen atezainak beste zenbait geldiketa garrantzitsu egin ditu. Lehen zatian, apenas kezkatu duten Llorentek urrunetik egindako saiakerek. Ordea, egoera aldatu egin da atsedenetik bueltan, Giuliano eta Sorloth zelairatu ondotik. Argentinarrak pikotxa hartu du, eta behin eta berriz saiatu da arriskua sortzen. Jokalari itsaskor eta txinpartatsua da, atzelariak une oro deseroso sentiarazten dituzten horietakoa. Eta 68. minutuan, estu hartu du Sivera, trantsizioan bizi atera eta indartsu jaurti ondoren. Atezainak hankarekin gelditu behar izan du baloia.
Hortik gutxira iritsi da Alaves ernegatu eta abaildu duen jokaldia. Abqarrek baloia besoarekin ukitu du, Sorlothekin talka egin eta airean oreka galdu ondoren. Penaltia adierazi du epaileak, eta gola sartu Griezmannek. Siverak jaurtiketaren norabidea asmatu du, baina ez da gelditzeko gauza izan. Sorlothen zartakoa, berriz, ez du usaindu ere egin. Norvegiarrak mailua atera du patrikatik, eta azken iltzea sartu dio partidari, De Paulen pase zehatza jaso ostean. Alavesek ez du suspertzerik izan; datorren astean beharko du, etxean, Leganesen aurka.
ATLETICO MADRIL-ALAVES
Atletico Madril. Oblak; Azpilikueta, Witsel, Lenglet, Galan (Sorloth, 46. min); Llorente (G. Simeone, 46. min), Pablo Barrios, Koke (R. Roquelme, 70. min.), Samu Lino (R. de Paul, 64. min); Angel Correa eta Griezmann. Alaves. Sivera; Sanchez (Stoichkov, 88. min), Muriño, Abquar, Tenaglia; Ander Guevara, Blanco, Guridi (Diarra, 72. min); Vicente, Martin (Conechny, 85. min.), Kike Garcia (Martinez, 73. min).
Golak. 0-1. Jon Guridik (7. min). 1-1, Griezmannek (76. min). 2-1. Alexander Sorlothek (86. min).