Futbola

Alavesek Luis Garcia Plaza kargugabetu du

Taldeak lau puntu besterik ez du lortu azken bederatzi jardunaldietan, eta, hori dela eta, zuzendaritzak kontratua eten dio entrenatzaile espainiarrari. Bi urte eta erdian zuzendu du taldea. Klubak Eduardo Coudet argentinarra fitxatu du.

Luis Garcia Plaza. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Luis Garcia Plaza, denboraldi honetan Alavesi zuzendutako partida batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko abenduaren 2a
19:38
Entzun

«Alavesek Lehen Mailan jarraituko du, eta ni izango naiz haren entrenatzailea». Horixe esan zuen Luis Garcia Plazak aurreko ostiralean, Mendizorrotzan Leganesen aurka jokatu bezperan. Ikusteko dago Arabako taldeak Lehen Mailan jarraituko duen, baina ziurra da Garcia Plaza ez dela izango haren entrenatzailea. Klubak gaur arratsaldean kendu du kargutik, taldeak azkenaldian lortu dituen emaitza txarrak direla eta.

Beraz, amaitu da entrenatzailearen aroa Arabako taldean. Bi urte eta erdi iraun du. Tarte horretan, 108 partida ofizialetan zuzendu du taldea. Laugarrena da Alaves partida gehienetan zuzendu duten entrenatzaileen artean. Jose Manuel Esnal Mane (280 partida), Txutxi Aranguren (218) eta Manuel Etxezarreta (149) bakarrik ditu aurretik. Garcia Plaza zerbaitengatik oroitua izango bada, haren esanetara taldea Lehen Mailara itzuli zelako oroitua izango da. 2022-2023ko denboraldian izan zen. Hurrengo denboraldian, berriz, 2023-2024an, taldeak estutasunik gabe eutsi zion mailari: hamargarren postuan bukatu zuen, 46 punturekin. Gertuago izan zuen Europa jaitsiera baino.

Emaitza txarrek kondenatzen dituzte entrenatzaileak, eta Garcia Plazaren kasuan ere horrela izan da. Taldeak bikain ekin zion denboraldiari, eta lehen sei jardunaldietan hamar puntu lortu zituen: hiru partida irabazi zituen (Realari Anoetan eta Las Palmasi eta Sevillari Mendizorrotzan), eta bat berdindu: hutsean, etxean, Betisekin. Baina, ordutik, ezinean ari da Alaves, eta ligako hurrengo bederatzi partidetan lau puntu besterik ez du lortu: Mendizorrotzan Mallorcari irabazita lortu zituen hiru, eta bestea joan den larunbatean eskuratu zuen, etxean Leganesekin bana berdinduta. Beste zazpi partidak galdu egin ditu. Taldeak oso joera txarra darama, eta sailkapenean ere larri dago, puntu bakarrera baitu jaitsiera. Horregatik, taldea susper dadin kargugabetu du klubak Garcia Plaza.

Hori egin eta gutxira jakinarazi du ordezkoa zein den: Eduardo Coudet Chacho argentinarra. Denboraldi bukaerara arte sinatu du, eta helburuak lortuz gero beste baterako luza dezake kontratua. Coudetek ia bi urtez zuzendu zuen Celta, 2020ko urte bukaeratik 2022ko azarora. Egun, langabezian zegoen, Inter Porto Alegre Brasilgo taldeak kargugabetu baitzuen joan den udan. 50 urte ditu, eta, Celta eta Inter Porto Alegrez gain, Atletico Mineiro (Brasil), Rosario Central, Racing (Argentina) eta Tijuana (Mexiko) zuzendu ditu. Nortasun handiko entrenatzailea da. Alaveseko zuzendaritzaren arabera, hura da aproposena taldea suspertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.