Real Madril 5-0 Alaves

Alavesek kolpea hartu du Bernabeun

Talde arabarra ondo lehiatu da partida hasieran, baita bigarren zatiaren tarte batzuetan ere. Baina Real Madril oso nagusi izan da, eta 5-0 irabazi du.

Ander Gebara eta Rodrygo, elkarri baloia kentzeko lehian. JUANJO MARTIN / EFE
Ander Gebara eta Rodrygo, elkarri baloia kentzeko lehian. JUANJO MARTIN / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko maiatzaren 14a
23:35
Entzun

Alaves bolada onean zen. Lau partida zeramatzan galdu gabe, eta ondo jokatuta. Baina eten da bolada, 5-0 galdu baitu Real Madrilen aurka, Bernabeun. Luis Garcia Plazak ondo ekin dio neurketari. Baina Real Madrilek sartu du lehen gola, eta hortik aurrera oso nagusi izan da. Alaves saiatu da, ez du partida txarra egin. Baina ezin izan dio aurre egin egungo liga txapeldunari.

Partida hasi aurretik, Real Madrilek liga titulua eskaini die zaleei. Alavesek ondo ekin dio norgehiagokari, eta lehen hamar minutuetan bi aukera argi izan ditu gola sartzeko. Baina Omorodionek ez du asmatu. Presio estua egin du Alavesek, eta hortik iritsi dira aukerak. Baina 10. minutuan gola sartu du Real Madrilek. Carlo Ancelottik zuzentzen dituen jokalariek jokaldi ona lotu dute. Baloia Krossi ailegatu zaio. Hark erdiraketa ona egin du, eta Bellinghamek, ia angelurik gabe, punpa laster errematatu du. Baloia, zori apur batekin, sareetara joan da.

Hortik aurrera, Real Madril nagusi izan da erabat. Baloi jabetza izan du, eta, partidari erritmo handirik jarri ez arren, erraz mugitu du. Horri esker, zuloak topatu ditu Alavesen defentsako egituran. Nahi eta ezin aritu da Arabako taldea. Are gehiago Real Madrilek aldea handitu duenean. Bigarren gola Viniciusek sartu du. Bellinghamek pase bikaina eman dio Camavingari lerro artean. Atzera pasea eman, eta brasildarrak baloia bultzatu besterik ez du egin behar izan. 28. minutua zen. 

Maldan gora zuen partida Alavesek. Baina ez du amore eman, eta Gorosabel gola egitear egon da. Baina ez du lortu. Bai, ordea, Real Madrilek, lehen zatia amaitzear zela. Valverdek erremate ikusgarria egin du urrutitik, eta Owonok ezin izan du ezer egin. 

Joan-etorriko partida

Lehen zatia 3-0 amaituta, partida ia erabakita zegoen, eta ireki egin da. Hala, bigarren zatiko lehen ordu laurdenean gola sartzeko aukerak izan dituzte bi taldeek. Baina atezainak agertu dira. Courtoisek Omorodionen eta Hagiren ahaleginak zapuztu ditu, bi gelditu onekin. Owonok, berriz, gelditu ona egin dio Rodrygori. Joan-etorriak etengabeak izan dira. Ondo aritu da tarte horretan Alaves, Real Madrilekin nor baino nor gehiago lehiatuz. Emaitza ikusita, hori zen helburua. 

Bigarren zati horretan Real Madrilek presarik gabe jokatzen jarraitu du. Baina aurreko hiru jokalarietako batek baloia hartzen zuenean, beste abiadura bat ematen zion. Hala, Valverdek, Gullerrek eta Bellinghamek lotutako jokaldi bat, gol ikusgarri batekin biribildu du Viniciusek, 73. minutuan: 4-0. Gertu izan du bosgarrena ia segidan, baina berriro ere Owono azaldu da Rodrygoren aurrean. Alavesek lanean jarraitu du, eta izan ditu pare bat aukera gutxienez gola sartzeko. Merezi zuen. Baina ez da posible izan. Etxekoen festa biribiltzeko, gainera, Gullerrek bosgarrena sartu du, aldaratze bat baliatuz (81. min.).  Emaitza horrekin bukatu da partida.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.