Alavesek kargutik kendu du Mendilibar

Zaldibarkoa aulkian izan den hamabi partidetan, taldeak zazpi aldiz galdu du, lau aldiz berdindu, eta behin irabazi. Arabarrak azken lekuan dira

Jose Luis Mendilibar, aginduak ematen, partida batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Hiru hilabete baizik ez du iraun Alavesen eta Jose Luis Mendilibarren arteko harremanak. Gasteizko klubak atzo gauean iragarri zuenez, teknikariarenkontratua etetea erabaki zuten bi aldeek. 2021eko abenduaren hondarrean hasi zen Mendilbar Gasteizkoen entrenatzaile, Javi Callejaren ordez. Orduko hartan azaldu zutenez, argia zen Zaldibarkoari jarritako helburua: taldearen egoera irauli eta mailari eustea.

Ordea, ez da izan suspertzerik: taldea jaitsiera postuetan sartua da gaur egun. 22 puntu ditu Alavesek, eta azken lekuan dago sailkapenean. Sei puntura ditu mailari eusteko postuak. Klubak aitortu duenez, emaitzak «ez dira esperotakoak»; horregatik erabaki dute Mendibilar kargutik kentzea.

Tenikari bizkaitarrak kargua hartu zuenetik, hamabi partida jokatuta, garaipen bakarra lortu du Alavesek, Valentziaren kontra lortutakoa. Lau aldiz berdindu du, eta zazpi aldiz galdu. Golei dagokienez, bederatzi baizik ez dituzte sartu, eta23 sartu dizkiete haiei.

Klubak azaldu duenez, «beti da zaila» teknikari baten kontratua etetea. Ordea, oharrean zehaztu dute «sinetsiak» direla badela egoera iraultzeko aukerarik. Azken sei denboraldietan 11 teknikari izan ditu Alavesek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.