Alavesek denboraldia alda diezaiokeen garaipena lortu du gaur. Mendizorrotzan Eduardo Coudetekin lorturiko lehena da; azkenekoz azaroaren lehenean gailendu zen etxean, hots, duela lau hilabete luze. Gotorlekuan pitzadurak izanik, gasteiztarrak sailkapenean hondoratuz joan dira. Bada, gainbehera etetea lortu dute gaur, bisitari gisa distiratsu zebilen aurkari baten aurka.
Vila-real azpiratzea oso erronka zaila zen Alavesentzat. Baina lortu du. Eta nola lortu, gainera: bederatzi jokalarirekin bukatu du lehia, lehenik Siverak eta gero Blancok txartel gorria ikusi baitute. Gainera, Siverak kolpe latza hartu du kaleratua izan aurretik, eta partida luzaro egon da geldirik. Hori hala, partidari ordu laurdena erantsi dio epaileak. Sufrikarioak, ordea, amaiera zoriontsua izan du Alavesentzat. Manu Sanchezek lehen zatian sartutako golak premiazko hiru puntu eman dizkio Arabako taldeari.
Neurketa hasi eta gutxira iritsi da gola. Merezitako saria izan da etxekoentzat, indar betean abiatu baitute neurketa. Aurkariaren zelaian egin dute presio, eta bizkor mugitu dute baloia. Golaren jokaldia Pau Cabanesen oinetan hasi da. Coudetek hasieratik jokatzeko aukera eman dio Vila-realek utzitako jokalariari, Carlos Vicente aulkian utzita. Ezusteko aldaketa izan da. Baina teknikari argentinarra ez zen erabakiaz damutuko, eragin handia izan baitu Cabanesek. Borrokarako prestasun handia erakutsi du, eta hark eskuin hegalean baloiari kemenez eutsi ondoren iritsi da Alavesen gola. Tenagliak zehatz bidali du baloia areara, eta Manu Sanchezek, aurkariaren atzeko lerroa ezustean harrapatu, eta Conde atezaina buruz gainditu du.
Golaren ostean apaltzera egin du arabarren grinak, baina ondo paratuta izan dira zelaian, eta deseroso sentiarazi dute Vila-real lehen zatiko fase gehienetan. Hori bai, estu izan dira Alex Baenari lanpara igurzteko aukera eman diotenean. Erdilariak, alde batetik, Ayozeren jaurtiketa indartsu batekin amaitu den jokaldia abiatu du; sorbaldarekin gelditu du Siverak. Eta jarraian, fantasiazko pase bat bidali du atzelarien bizkarrera. Arindua hartu du Alavesek: errematea gora joan zaio Yeremy Pinori. Etxekoak onik eta osorik iritsi dira atsedenera.
Siveraren zorigaitza
Irudi beldurgarri batekin hasi da bigarren zatia. Sivera atepetik atera da, Ayozeren korrikaldia geldiarazteko asmoz, eta Vila-realeko aurrelariaren belaunak Alaveseko atezainaren buruarekin egin du talka. Zerraldo erori da Sivera, eta azkar sorotsi behar izan dute. Azkenean, bere kasa altxatu, eta oinez utzi du zelaia. Ospitalera eraman dute jarraian, garezur traumatismoarekin. Zorigaitza ez da hor bukatu Siverarentzat, epaileak txartel gorria erakutsi baitio, VAR sistemaren esku hartzea tarteko: min hartu duen jokaldian, atezainak Ayozeren jaurtiketa eskuarekin moztu du, areaz kanpo.
58. minutuan gertatu da hori. Ordu erdi luzea falta zen arauzko denbora amaitzeko, eta argi zegoen luzapenak oso luze joko zuela. Hamabost minutu izan dira azkenean. Denbora hori guztia harrobiko Adrian Rodriguezek igaro du atepean. Debuteko partidan, apenas izan duen lanik atezain gazteak, Vila-realek ez baitio atera behin ere jaurti. Alavesek zain eta muin defendatu du markagailuko abantaila, altxorra balitz bezala. Eta soilik luzapenean sufritu du, bederatzi jokalarirekin geratu ondotik; Antonio Blancori bigarren txartel horia erakutsi dio epaileak. Vila-realek oker errematatu du, eta irabazi ondotik, bidea zuzentzen hasi da Alaves.