Eutsi, etsi gabe. Alaves kinka larrian dago, baina ez du amore emateko asmorik. Babazorroek zaila dute Lehen Mailari eustea, baina prest daude beren aukerei lotzeko. Agerian utzi zuten hori Vila-realen aurka jokatutako neurketan. Gasteiztarrek mendean hartu dituzte Herrialde Katalanetakoak: 2-1.
Julio Velazquez entrenatzaileak eskaera bat egin zien bere jokalariei, partida jokatu bezperan: Ā«Belarra jateko gogoz aritu zaitezteĀ». Esan eta egin. Garaipen gosez abiatu da Alaves, hutserako tarte txikia duela jakinda. Hala, etxekoak laugarren minutuan aurreratudira markagailuan. Victor Laguardia kapitainak egin du estreineko gola, korner jaurtiketa bateko alderatzea baliatuta.
Alavesek bere legea ezarri du lehen minutuetan. Estragietako jokaldietan soilik ez, baita zelaian ere. Behin aurrea hartuta, galdu ezinezko aukera zabaldu zaio parez pare. Hala, nagusitasunari eutsi dio hurrengo mintuetan, eta berandu baino lehen jaso du ordaina. Gonzalo Escalantekegin du bigarren gola, 31. minutuan. Argentinarrak gasteiztarren suspertzaile izaten segitzen du.
Ruben Duartek ondu du goleko jokaldia. Ezker hegaletik egindako saialdian, hondoko marraraino ailegatu da, eta hark emandako pasea probestu du Escalantek. Baloi jabetza Vila-realena izanagatik, Alaves aurretik joan da atsedenaldira.
Bigarren zatian, ordea, majo sufritu dute etxekoek. Etenetik itzuli orduko aldeak murriztu ditu Vila-realek. Samu Chukwuezek Fernando Pachecoren huts bat probestu du aldeak murrizteko. Alaves atezaina trakets aritu da, nola lehen zatian, hala bigarrenean.
Ordutik aurrera, Vila-realek izugarri estutu du Alaves, eta partida berdintzeko nahiz garaitzeko adina aukera izan ditu, baina ez dute lortu. Horri esker, bizirik segitzen du Alavesek.