Alaves 0-0 Betis

Alavesek hutsean berdindu du Betisen aurka

Nor baino nor gehiago aritu dira bi taldeak, harik eta Sedlarrek 85. minutuan txartel gorria ikusi duen arte. Azken minutuetan emaitzari eustea lortu dute babazorroek.

Antonio Sivera Nabil Fekirri geldiketa bat egiten, gaur, Mendizorrotzan. L. RICO / EFE
Antonio Sivera Nabil Fekirri geldiketa bat egiten, gaur, Mendizorrotzan. L. RICO / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko abuztuaren 25a
21:45
Entzun

Alavesek lortu du denboraldiko lehen puntua. Luis Garcia Plazaren taldea hiru puntuak lortzeko asmoz zelairatu da Mendizorrotzan, eta gola sartu nahian ibili dira 85 minutuz, epaileak Sedlarri txartel gorria erakutsi dion arte. Hortik amaierara arte, nahikoa lan izan dute emaitzari eusteko, eta Sivera atezaina izan da heroia, bi geldiketa ikusgarri eginda. Emaitza, beraz, ontzat jo dezakete gasteiztarrek.

Bi taldeek joko zuzena baliatu dute aurkariari min egiteko, eta partida etenik gabekoa izan da, erritmo handikoa. Aukera argiak, ordea, ez dira asko izan lehen zatian. Indartsu zelairatu da Alaves, egin duen presioari esker Betis ez da eroso ibili, baina minutuek aurrera egin ahala itzaliz joan da babazorroen kemena. 

Etxekoen jokalari onena, ezbairik gabe, Carlos Vicente izan da; hegaletik, etengabe aritu da buruz burukoen bila, eta zenbait erdiraketa arriskutsu ere egin ditu. Gol bat ere sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du, Kike Garcia jokoz kanpo zegoela eta.

Sivera heroia

Bigarren zatian, aldaketei esker, Sevillako taldea nagusitzen hasi da. Osasunako bi jokalari ohi zelairatu ditu Pellegrinik, Chimy Avila eta Ez Abde, eta arriskua sortu dute biek ala biek. Geroz eta erosoago zebilen Nabil Fekir ere, bisitarien jokalaririk onena. Are erosoago, epaileak Sedlar atzelariari txartel gorria erakutsi dionean Avilari kontraeraso batean falta egiteagatik.

Betiseko hiru jokalari horiek izan dituzte gol aukerarik onenak. Fekirri buruz buruko bat gelditu dio Antonio Siverak, eta kanpora bota du beste jaurtiketa argi bat. Avilari, berriz, geldiketa ikusgarria egin dio atezainak luzapenean. Sivera izan da, azkenean, Mendizorrotzan bildutakoen heroia, eta berdinketa ospatzeko moduan izan dira.

Asteazkenean, Realari bisita egingo dio Alavesek (21:30, DAZN).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.