Alavesek puntu ona eskuratu du Mallorcari egin dion bisitan (0-0). Arabarrek izan dituzte gola sartzeko aukerak, baina, partidako jokalaririk onena euren atezain Sivera izan dela kontuan izanda, ontzat jo dezakete puntua. Sailkapen nagusian hamabigarren postuan daude, hamasei punturekin.
Etxeko taldea garaipenaren bila atera da gaur. Javier Aguirre entrenatzaileak bost defentsarekin jokatu ohi du, baina gaur atzean lau lagun utzi ditu, zelai erdian bat gehiago izan zitezen. Hasieran, apustua ez zaio bereziki ongi irten. Mallorcarena izan da baloi jabetza, baina Alaves sendo zegoen defentsan, eta aukerak izan ditu kontraerasoan. Luis Rioja, Samu Omorodion eta Guridi saiatu dira, baina ez dute asmatu Rajkovicen aurrean.
Bigarren zatian, Larin zelairatu du mexikarrak, eta aurrelari kanadarrak goitik behera aldatu du neurketa. Aukera argiak izan dituzte etxekoek, baina heroi bilakatu da Sivera, eta Alavesentzat garrantzitsua den puntu bati eustea lortu du.
Mallorca: Rajkovic; Valjent, Raillo, Jaume Costa (Lato, 66'), Gio Gonzalez (Maffeo, 75'); Darder, Mascarell, Amath (Llabres, 85'), Samu Costa (Morlanes, 66'), Sanchez (Larin, 45') eta Abdon.
Alaves: Sivera; Gorosabel, Javi Lopez, Marin, Abqar; Rioja (Hagi, 74'), Gebara (Benavidez, 82'), Guridi (Duarte, 74'), Rebbach (Sola, 66'), Blanco; eta Samu (Kike Garcia, 82').