Getaferen sarean erori da Alaves. Coudeten taldeak ez du partida txarra egin, hark sortu ditu gol aukerarik argienak, baina ez du asmatu ate aurrean. Madrilgo taldeak, berriz, ia areara heldu gabe lortu du gola, penaltiz. Arambarrik sartu du. Jaitsiera postuetan dago Alaves, 21 punturekin, azken-bigarren.
Bordalas, Getaferen entrenatzailea, partida hasi aurretik egin da biral sare sozialetan. Ospetsua da bere taldeak gogorrak izaten direlako, defentsa lehenesten duelako, baina gaurkoa inoiz baino nabarmenagoa izan da: printzipioz atzelariak diren sei jokalari zelairatu ditu.
Egoera horretan, baloiaren jabetza gehiago izan du etxeko taldeak, eta 20. minutuaren inguruan eman du lehen abisua Carlos Vicentek, area kanpotik. Ondo erantzun du David Soria atezainak.
Eta gauza gutxi gertatzen ari zela, geldikako jokaldi batean, Abqarrek salto egin du baloia urruntzeko, ukalondoarekin Getafeko jokalari bat jo du, eta penaltia adierazi du epaileak. Arambarrik sartu du, zaleen eta jokalarien protesta artean.
Egoera eskasa
Bigarren zatian gogotik saiatu da Alaves; aurrelari guztiak zelairatu ditu Coudetek. Getafe, ordea, eroso zegoen markagailuan abantaila izanda; partida moteldu du, faltak egin ditu, eta tartea handitzeko abagune bat edo beste ere izan du. Alavesek izan dituenak bikain aldendu ditu Soriak.
Babazorroek ez dute Mendizorrotzan irabazi azaroaren 1etik, eta entrenatzaile aldaketak ez du fruitu askorik eman. Gaurko porrotaren ostean, zuzendaritzaren aurkako eta Luis Garcia Plaza lehengo prestatzailearen aldeko oihuak entzun dira harmailetan.