Betis 1-3 Alaves

Alavesek garaipena lortu du Betisen zelaian

Arabarrek Coudeten aroko lehen garaipena eskuratu dute, partida ona jokatuta. Kike Garciak sartu ditu Alavesen hiru golak, eta Betis jokalari bat gutxiago zuela aritu da 57. minututik.

Kike Garcia Betisi sartutako goletako bat ospatzen. JOSE MANUEL VIDAL / EFE
Kike Garcia, Betisi sartutako goletako bat ospatzen. JOSE MANUEL VIDAL / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko urtarrilaren 18a
20:41
Entzun

Behar zuen, eta iritsi da. Alavesek Eduardo Coudeten aroko lehen garaipena lortu du azkenean. 1-3 irabazi dio Betisi, eta arnasa apur bat hartu du sailkapenean. Partidako protagonista Kike Garcia izan da, hark sartu baititu arabarren hiru golak. Aurrelariak zortzi daramatza sasoi honetan. Alaves nagusi izan da, eta, nahiz eta atsedenaldira banakoarekin iritsi, ederki baliatu du Betis jokalari bat gutxiagorekin aritu izana 57. minututik.

Presioa zuen Alavesek. Izan ere, herenegun Espanyolek irabazi ostean, jaitsiera postuetatik ekin dio norgehiagokari. Etxekoek eman dute lehen abisua, partida hasi eta berehala, bigarren minutuan. Baina Vitor Roquek lo hartu du, Owonoren aurrean bakarrik geratzear zela. Abqarrek ondo kendu dio baloia. Dena den, Alavesek ondo erantzun du, eta Guridik gertu izan du gola, urrutiko jaurtiketa batekin. Adrian atezainak ondo gelditu du. Hala ere, hurrengo jokaldian iritsi da arabarren lehen gola (11. min). Penaltiz izan da. Bartrak eragin dio penaltia Kike Garciari, korrikaldi bat irabazi ostean. 11 metroetatik aurrelariak ez du huts egin. Atezainaren eskuinetara jaurti du, eta, atezainak asmatu egin duen arren, baloia bizi-bizi zihoan, eta sareetara joan da azkenean. Gol horrek patxada eman dio Alavesi: ondo eutsi dio Betisi, eta ahal izan duenean bizi atera da erasora. 

Lehen golaren antzeko jokaldi baten ostean, epaileak VAR-era joan behar izan du beste penalti bat egon den ikusteko. Protagonistak berberak izan dira: Kike Garcia eta Bartra. Penaltiak argia zirudien, baina oraingoan, ordea, ez du adierazi. Alaves nagusi zen, eta bigarrena gertu izan du Coudeten taldeak. Manu Sanchezek erdiraketa egin du, eta Tenagliak bitan pentsatu gabe errematatu du area kanpotik. Adrianek ozta-ozta bidali du kornerrera. Baina Alaves ondoen zegoenean iritsi da Betisen berdinketa. Iscok motzean atera du kornerra, eta baloia Jesus Rodriguezi iritsi zaio arean. Erremate suabea egin du, baina, zutoinean jo ostean, Owonok zaindutako atean sartu da (28. min). 

Kolpea hartu arren, berean jarraitu du Alavesek. Presio estua egin dio Betisi baloia atera duenean, eta berreskuratu duen aldiro bizi atera da erasora. Etxekoek, berriz, nahiago izan dute jokoaren erritmoa moteldu eta zelai erditik aurrera dituen jokalarien buruz buruko jokaldiekin min egin: Abde, Isco, Fornals... Pixkanaka nagusituz joan da, eta lehen zatiko luzapeneko minutuetan estutu egin du. Dena den, Alaves sendo aritu da defentsan. Horrenbestez, banakoarekin amaitu da aurreneko zatia.

Txartel gorria

Bigarren zatiaren hasiera parekatua izan da, nahiz eta Alavesek aukeraren bat izan. Azkenean, 57. minutuan, Owono atezainak luze atera du baloia. Carlos Vicente bizkor ibili da buruz jotzeko, eta Perraudek trabatu egin du bakarrik joateko aukera zuenean. Epaileak gorria atera dio Betiseko hegalekoari. Bat gehiago zutela baliatu behar zuten arabarrek. Hala ikusi du Coudetek, eta Toni Martinez zelairatu du, Antonio Blancoren ordez. Bestalde, zelai erdian agintea izateko, Guridi Gebararengana gerturatu du. 

Hurrengo minutuetan, aurrera egin ezinik aritu da Betis. Baina etxekoek ondo eutsi diote, baloiaren kontrola hartu dute, eta pixkanaka arnasa hartuz joan dira. Coudeten taldeari, berriz, kostatu egin zaio erasoko jokoan argitasuna izatea eta hutsuneak topatzea. Alderantziz, Abqarrek Owonori atzera emandako pase txar baten ostean, Iscok gertu izan du gola. Coudetek Protesoni eta Stochkov atera ditu, eta hegaletatik saiatu da min egiten. Hala iritsi dira Kike Garciaren beste bi golak. Bigarrena 81. minutuan sartu du, eta hirugarrena, 84.ean, buruz. Carlos Vicentek erdiraketa neurtua jarri du, eta, atzetik indarrez etorrita, erremate ikusgarria egin du aurrelariak. Etxera baloia eramango du aurrelariak, eta haren golei esker, Gasteizera hiru puntuak Alavesek.

Betis: Adrian; Sabaly (Natan, 46. min), Llorente, Bartra, Ricardo Rodriguez (Perraud, 41. min.); Cardoso, Fornals (Mateo, 71. min.); Jesus Rodruguez (Marc Roca, 71. min.), Isco, Abde (Altimira, 60. min.); eta Vitor Roque.

Alaves: Owono; Tenaglia, Abqar, Diarra, Manu Sanchez; Blanco (Toni Martínez, 64. min.), Gebara; Carlos Vicente, Conechny (Stoitchkov, 77. min.), Guridi (Protesoni, 77. min); eta Kike Garcia (Mouriño, 88. min).

Golak: 0-1: Kike Garciak (12. min). 1-1: Jesus Rodriguezek (28. min.). 1-2, m. Kike Garciak (80. min). 1-3: Kike Garciak (84. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.