Alaves 2-1 Sevilla

Alavesek garaipen garrantzitsua lortu du Sevillaren kontra

Itxura sendoa eta lehiakorra erakutsi dute arabarrek, beste behin. Carlos Vicentek eta Carlos Martinek sartu dituzte golak, eta, hamar puntu dituen honetan, Alaves gora begira jartzeko moduan da.

Carlos Vicente, Sevillari sartutako gola ospatzen, alboan taldekideak dituela. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Carlos Vicente, Sevillari sartutako gola ospatzen, alboan taldekideak dituela. ENDIKA PORTILLO / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko irailaren 20a
23:03
Entzun

Denboraldia bikain hasi du Alavesek. Aurreko jardunaldian Espanyolen aurka 3-2 galdu arren, onbidera itzuli da gaur, Sevilla 2-1 mendean hartuta. Hala, sei jardunaldi igaro diren honetan, hamar puntu pilatu ditu Luis Garcia Plazaren taldeak, eta asteburuko emaitzen zain, goiko postuei begira jartzeko moduan da.

Mendizorrotzan talde sendoa dela berretsi du Alavesek. Orain arte hiru partida jokatu ditu bertan: bi irabazi, eta bat berdindu. Ondo lehiatzeaz gain, ederki baliatu da Sevillak baloia ateratzean eta atzeko lerroaren bizkarrean dituen arazoez. Hori izan da garaipena lortzeko gakoetako bat. Bestea, azken minutuetan ondo eutsi izana Sevillak estutu arren. Itxura sendoa eman dute arabarrek, eta jokalariek beste behin erakutsi dute guztiz bat egiten dutela Luis Garcia Plaza teknikariak proposatzen dien jokatzeko moduarekin.

Neurketako lehen minutuak parekatuak izan dira. Baina, 9. minutuan, Isaac Romero Sevillako aurrelariak min hartu du orkatilan, eta aldatu egin behar izan dute. Hura da Espainiako taldearen goiko erreferentzia, eta igarri dute haren falta. Garcia Pimientaren taldeak behera egin du, eta Alaves nagusitzen hasi da. 17. minutuan jaso du saria. Tenagliak eta Carlos Vicentek bat egin dute eskuin hegaletik. Baloia jaso, eta Carlos Vicentek berak errematea egin du lehen zutoinera. Nyland atezaina ez da fin aritu, ez baitu eskua ondo sartu, eta baloia sareetara joan da.

Hurrengo minutuetan, Alaves erraz nagusitu da. Aldea handitzeko bi aukera argi izan ditu; lehenengoa Toni Martinezek izan du, 20. minutuan. Siverak luze atera du, Kike Salasek ez du ondo aldendu baloia, eta aurrelariak bikain irabazi die bizkarra Sevillako atzelariei; errematea gutxigatik joan da kanpora. Bigarrengoan, 24. minutuan, Stoichkovek gola sartu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du, jokaldiaren hasieran Carlos Vicente jokoz kanpo zegoelako. 

Alavesek kontrolpean zuen partida. Sevilla, berriz, kontrakarrean ari zen, eta sendotasunik gabe atzean. Baina etxekoek ezin izan dute hori baliatu aldea handitzeko. Lehen zatiko azken minutuetan, bisitariak zertxobait gerturatu dira Alavesen atera, baina aparteko arriskurik sortu gabe.

Bigarren zatian, Sevilla hobeto

Bigarren zatiari hobeto ekin diote bisitariek. Alavesek partidaren kontrola galdu du, neurri batean. Sevillak, berriz, baloia atzetik atera beharrean, luze jokatzea erabaki du. Baloia eduki behar zuen Alavesek, eta partida patxadatsuagoa izatea lortu. Sevilla estutzen ari zen, eta gertu izan du berdinketa, Saulek area txikian egindako erremate batean. Hurrengo jokaldian, ordea, arabarrek bigarren gola sartu dute.

Siverak luze atera du, eta baloia Carlos Vicenteri ailegatu zaio. Eskuineko hegaletik buruz buruko jokaldi bikaina egin du erdiko hegalekoak, eta atzean utzi du Pedrosa. Haren erdiraketa neurtua Stoichkovek errematatu du, buruz. Baloia langara joan da, baina aldaratzeak aldakan jo du Carlos Martin, eta, hala, baloia atean sartu da. Ordu erdi falta zela, 2-0ekoarekin, arnasa hartu du Alavesek. Izan ere, Sevilla hobeto zegoen. Stoichkovek ia hirugarrena sartu du, Pedrosari aurrea hartuta. Baina Nylandek ondo sartu du eskua.

Arabarrek ondo bideratua zuten norgehiagoka, eta Luis Garcia Plazak ez zuen ezusterik nahi. Hala, zelai erdia sendotu eta partidako aginte makila ziurtatzeko, Guridi zelairatu du Stoichkoven ordez. 

Sendo zegoen Alaves, eta bazirudien partida amaiera lasaia izango zuela. Sevilla azken bi denboraldietan izandako gabeziak erakusten ari zen. Baina gol batek dena aldatzen du, eta Garcia Pimienaten taldeak lortu du sartzea. Manu Sanchezek huts egin du zaintza lanetan. Lukebakiok ondo hartu dio bizkarra, eta, Saulen pase sakon bat hartu eta gero, area ertzetik jaurti, eta gol ederra egin du. 

Zazpi minutu falta ziren partida amaitzeko, eta Sevilla eginahalean aritu da Alaves estu hartzeko. Baina arabarrek ondo eutsi diote, eta hiru puntuak Mendizorrotzan geratu dira. 

ALAVES-SEVILLA

Alaves: Sivera; Tenaglia, Abqar, Sedlar, Manu Sanchez; Jordan (Mouriño, 89. min.), Gebara (Blanco, 71. min.); Carlos Vicente, Stoichkov (Guridi 71. min.), Carlos Martin (Rebbach, 77. min.) eta Toni Martinez (Kike Garcia, 76. min.).

Sevilla: Nyland; Carmona, Nianzou (Bade, 70), Kike Salas, Pedrosa (Barco, 66. min.); Agoume (Ejuke, 66. min.) Sow, (Gudelj, 70. min.), Saul; Peque, Lukebakio eta Isaac Romero (Iheanacho,10. min.)

Golak: 1-0: Carlos Vicentek (17. min.). 2-0: Carlos Martinek (60. min.). 2-1: Lukebakiok (83. min.)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.