Alavesek Real Madrili irabazteko abagunea galdu du Mendizorrotzan. Zuriak ez daude bolada onean, Vinicius eta Bellingham aulkian utzi ditu entrenatzaileak, eta 37. minutuan, gainera, epaileak txartel gorria atera dio Kylian Mbapperi, Antonio Blancori egin dion sarrera itsusi batengatik. Manu Sanchezi ere, ordea, txartel gorria atera dio epaileak bigarren zatian, eta indarrak berdindu dira orduan. Azkenean, Real Madrilek irabazi du (0-1).
Alaves gogotsu zelairatu da, baina bisitariek izan dituzte lehen bi abaguneak. Lehenengoan ez du asmatu Gulerrek, eta bigarrengoan gola sartu du Asenciok; Mendizorrotzako zaleen txistuak entzun ditu Real Madrileko jokalariak. Askoren pozgarri, baliogabe utzi dute gola Rudigerren falta bat dela medio. Gutxi iraun du pozak, ordea: Camavingak 33. minutuan sartu du partidako gol bakarra area kanpotik.
Lau minutu geroago iritsi da sareetan birala egin den jokaldia: Mbappek sekulako sarrera egin dio Blancori, eta, VAR-ean begiratu ostean, aldageletara bidali du epaileak. Horren ondoren, Carlos Vicenteren jaurtiketa bat izan da etxekoen aukerarik onena.
🟥 La expulsión de Mbappé. #LALIGAEASPORTS#LaCasaDelFútbolpic.twitter.com/FXYeU8G9Jp
— Fútbol en Movistar Plus+ (@MovistarFutbol) April 13, 2025
Bigarren zatian, atzean sartu da Espainiako taldea. Coudetek Toni Martinez eta Kike Garcia elkartu ditu aurrealdean, erdiraketen bidez bilatu dituzte taldekideek, baina ezin izan dute sarean sartu burukada bat bera ere.
Partida amaitzeko hogei minutu falta zirela, kontraeraso batean, Manu Sanchezek falta egin dio Viniciusi, eta hura ere kalera bota du epaileak. Jokaldi horretan ere VAR-aren laguntza behar izan du. Orduantxe amaitu dira Alavesen indarrak.
Sailkapen nagusian larri dago Gasteizko taldea: hamazazpigarren da 30 punturekin, jaitsiera postuetatik puntu bakarrera.