Futbolean ezinezkorik ez dagoela esan zuen Luis Garcia Plazak Santiago Bernabeun Real Madrilen aurka jokatu bezperan. Baina, aldi berean, Alaveseko entrenatzaileak aitortu zuen beldurra ematen zuela Espainiako taldeak ligan zeraman boladak. Datu bat nabarmendu zuen: Real Madrilek etxean jokatutako azken 23 partidetatik 22 irabazi zituen, eta bakarra berdindu. Ez zen ezinezkoa hura ezustean harrapatzea, baina oso zaila bai. Aukera bakarra zegoen Garcia Plazaren ustez. «Lehiatu beharra dugu; lehiatzen bagara, aukeraren bat izango dugu agian».
Arrazoi zuen, eta gaur ikusi da hori. Alavesek, lehiatu denean, aukera izan du Real Madril estu hartzeko. Kontua da lehiatu denerako Real Madrilek hiru golen aldea zuela. Hala ere, Garcia Plazak entrenatutako taldeak gogotik sufriarazi dio Carlo Ancelottik zuzendutakoari. Bi gol egin dizkio azken minutuetan, eta beldurra barruraino sartu dio. Meritu handia du Alavesek egindakoak. Talde gutxik esan dezakete azkeneraino borrokatu direla Bernabeun. Galdu arren, gaurkoak konfiantzaren zakua betetzen jarraitzeko balioko die arabarrei. Nahiko betea dute, oso ondo ari baitira denboraldi hasiera honetan.
Bezperan aurreratu bezala, Garcia Plazak aldaketa asko egin ditu azken partidarekin alderatuta: zortzi guztira. Sivera, Abqar eta Manu Sanchez bakarrik aritu dira berriro hasieratik. Mouriño, Diarra, Hugo Novoa, Benavidez, Antonio Blanco, Conechny, Luka Romero eta Villalibre izan dira berritasunak. Carlo Ancelottik, berriz, eskura dituen jokalari onenen alde egin du. Ez du ezer utzi kanpoan.
Minutu eskas bat behar izan du Real Madrilek barkatzeko ez zegoela erakusteko. Lucas Vazquezek etxekoen jokaldi landua biribildu du. Alavesentzat oso gogorra izan da horren goiz gola jasotzea. Arriskua zegoen halako kolpe batek taldea jota uzteko. Hala ere, espero baino lehenago suspertu da, eta, pixkanaka, aurrera egin du. Ez du arrisku handirik sortu, baina, gutxienez, gai izan da zenbait minututan etxekoen erauntsiari aurre egiteko.
Baina jokalari bikainak ditu Real Madrilek, eta edozein jokalditan sar dezakete gola. 22. minutuan, adibidez, gola sartu du Mbappek, baina epaileak baliogabetu egin dio, jokoz kanpo zegoelako. 40. minutuan, ordea, arantza atera du aurrelari frantziarrak. Orpoz eman dio pasea Bellinghami, hark baloia itzuli dio, eta berak errematatu du sarera. Halaxe amaitu da lehen zatia. Real Madrilek bideratua zuen garaipena; Alavesek, aldiz, maldan gora zuen neurketa.
Eta aldapa are eta pikoagoa egin zaio bigarren zatia hasi eta berehala, hirugarren minutuan hirugarren gola sartu baitute etxekoek: Rodrygok egin du. Beste gol bat hasi eta gutxira. Ia bigarren zati osoa falta zen, baina itxura zuen erabakita zegoela partida. Real Madrilek, gainera, egurrean jarraitu du. Une batez, gol gehiago ez jasotzea bilakatu da Alavesen helburua.
Baina Real Madril lasaitu egin da minutuek aurrera egin ahala, eta arabarrek ondo baliatu dute gora egiteko. Rebbachek eman du lehen abisua, 76. minutuan, baloia zutoinera botata. Hamar minutu geroago, Benavidezek ez du huts egin, eta urrutitik jaurtita lortu du 3-1ekoa. Minutu eskas geroago, berriro protagonista izan da erdilari uruguaitarra: pase ederra eman dio Kike Garciari, eta aurrelariak maisuki errematatu du sarera. Bost minutu falta ziren, eta beste sei gehigarri.
Azken minutu horietan, Endrickek gertu izan du laugarren gola lehenbizi, baina ez du asmatu. Jarraian, Connechny berdintzear egon da, buruz. Baita Gebara ere, area kanpotik, neurketa amaitzear zela. Izarrez betetako talde bati sufriarazten bukatu du Alavesek. Oso kontuan hartzekoa da hori.
REAL MADRIL-ALAVES
Real Madril. Courtois; Lucas Vazquez, Ruediger, Militao (Vallejo, 80. min.), Mendy; Valverde (Modric, 69. min.), Tchouameni, Bellingham; Rodrygo (Endrick, 69. min.), Mbappe (Gueler, 80. min.) eta Vinicius (Fran Garcia, 90. min.).
Alaves. Sivera; Mouriño, Abqar (Guridi, 46. min.), Diarra, Manu Sanchez (Pica, 71. min.); Hugo Novoa, Benavidez, Blanco (Gebara, 60. min.), Conechny; Luka Romero (Rebbach, 60. min.) eta Villalibre (Kike Garcia, 71. min.).
Golak. 1-0. Lucas Vazquezek (lehen minutua). 2-0: Mbappek (40. min.). 3-0. Rodrygok (48. min.). 3-1. Benavidezek (85. min.). 3-2. Kike Garciak (86. min.).