Alavesek duela astebete lortu zuen denboraldiko helburu nagusia: mailari eustea. Valentzian (Herrialde Katalanak) irabazita ziurtatu zuen bigarren urtez jarraian Espainiako Lehen Mailan jokatzea. Baina taldeko kideek etxekoekin ospatu nahi zuten, Mendizorrotzan. Nahi, eta lortu. Gironarekin bina berdinduta ospatu dute gaur.
Berdinketa gozoa izan da, Luis Garcia Plazak entrenatutako taldea bitan joan baita atzetik markagailuan, baina bietan izan da gai suspertu eta berdintzeko. Jon Guridik sartu ditu bi golak, bigarrena, partida amaitzear zela, 99. minutuan. Giro ederra egon da harmailetan neurketa osoan, baina bigarren gol horrekin goia jo du.
Ondo bukatu da gaizki hasi dena, neurketa hasi eta berehala, laugarren minutuan, Eric Garciak aurretik jarri baitu Girona. Gola kolpea izan da, baina etxekoek oso gutxi behar izan dute berdintzeko, zortzi minutu eskas geroago banakoa sartu baitu Guridik.
Berdinketak eta zaleen animoek hauspotu egin ditu etxekoak, eta gol aukera garbiak izan dituzte bigarren gola sartzeko. Baina ez dute asmatu. Bai, ordea, bisitariek. Lehen zatia amaitzear zela 1-2koa sartu du Yangel Herrerak. Bigarren zatia falta zen jokatzeko. Denbora zegoen Alaves susper zedin.
Baina, Gironak, indartsu ekin dio bigarren zatiari, eta aukera garbiak izan ditu hirugarren gola sartu eta partida ia erabakita uzteko. Sufritzen ari zen Alaves, baina zorigaiztoko jokaldi batean, Miguel Gutierrez Gironako atzelariak lesio larria izan du, eta horrek neurketaren erritmoa eten du. Baita entrenatzaileek egindako aldaketek eta jokalarien arteko ika-mikek ere.
Gola, iristekotan, jokaldi bakartu batean iritsi behar zuen. Eta halaxe izan da. Azken jokaldian, areara erdiratutako baloi batean, Guridik buruz sartu du bigarren gola. Eromena izan da harmailetan.
Eibarrek berdindu, eta Athleticek galdu
Emakumezkoetan, berriz, Eibarrek eta Athleticek jokatu dute gaur. Gipuzkoarrek bana berdindu dute Vila-realen (Herrialde Katalanak), eta, horri esker, ia ziurtatu dute bigarren urtez jarraian Espainiako Lehen Mailan jokatzea.
Gutxigatik ez dute gaur bertan lortu denboraldiko helburua. Laura Caminok Eibarren gola sartu du 86. minutuan, baina Yerai Martinek entrenatutakoek garaipena eskura zutenean, Vila-realek penaltiz berdindu du luzapenean, 97. minutuan.
Eibar puntu batekin itzuliko da etxera. Athletic, ordea, gabe. Erronka itzela zuen, Bartzelona ahalguztidunaren zelaian. Lehiakor izan nahi zuen gutxienez, baina hori ere ez du lortu, eta astindu handia jaso du: 7-0. Hiru gol jaso ditu lehen zatian, eta lau bigarrengoan.
Gaur galdu eta gero, David Aznarrek entrenatutako taldeak oso zail du Txapeldunen Ligarako sailkatzea. Lau puntura du hirugarren sailkatua, Atletico Madril. Bizkaitarrei hiru partida falta zaizkie jokatzeko. Espainiarrei, berriz, lau.
Realak, berriz, igandean jokatuko du, Tenerifen (Espainia), 12:00etan (Gol eta Dazn). Txuri-urdinek bolada txarra eten nahi dute datorren larunbatean Bartzelonaren aurka Espainiako Kopako finala jokatu aurretik. Natalia Arroyok entrenatutako taldeak hamar partida daramatza irabazi gabe ligan.