Alavesek eta Osasunak etxean jokatuko dute; Realak, aldiz, kanpoan

Alaves-Reala
Realeko Jon Pacheco eta Alaveseko Asier Villalibre, lehian, asteazkeneko derbian. JAVIER COLMENERO / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko irailaren 1a
05:05
Entzun

Bi aste eskas dira liga hasi zela. Baina dagoeneko lehen etena izango du hurrengo asteburuan. Horren aurretik, laugarren jardunaldiko partidak jokatuko dituzte Alavesek, Osasunak eta Realak. Arabarrek Las Palmas jasoko dute, (Dazn, 17:00) eta nafarrek, Celta (La Liga, 17:00); gipuzkoarrek, berriz, Getaferen zelaian jokatuko dute (La Liga, 19:15).

Alavesek hiru puntu baliotsu eskuratu zituen asteazkenean Realaren zelaian, eta gaur sasoiko lehen garaipena lortu nahi du etxean.  «Etenera zazpi punturekin iristea oso garrantzitsua litzateke», berretsi zuen atzo Luis Garcia Plaza teknikariak. Horretarako, Las Palmas hartu beharko du mendean.  «Baloia izatea eta lasai jokatzea gustuko du taldeak, baina aurreko sasoian baino zuzenago jokatzen du, eta jokaldi gehiago amaitzen ditu». 

Oso bestelako aho zaporearekin amaitu zuen aste barruko jardunaldia Osasunak. Gorritxoei bizkarrekoa eman zieten Gironan, 4-0 galdu baitzuten. Baina aurrera begiratzeko beharra nabarmendu zuen Vicente Morenok. «Taldeak bere ohiko ezaugarriak berreskuratu behar ditu». Ostegunean taldera iritsi zen atzelaria, Enzo Boyomo, deialdian da. 

Realak etxean jokatutako bi partidak galdu ditu, eta, zalantzak uxatzeko, Getafen irabazteko erronka du. Talde deserosoa da Jose Bordalasek zuzentzen duena. Haren inguruan ondorengo hau adierazi zuen Imanol Alguacilek. «Gauza asko egiten ditu ondo, eta errespetu handia diogu. Detaile txikiek erabakiko dute partida». Fitxaketen merkatua ixtear zela baieztatu zituen talde txuri-urdinak Nayef Aguerd atzelariaren eta Orri Oskarsson aurrelariaren fitxaketak. Biak atzo ailegatu ziren Donostiara, eta deialdian dira. «Oso gustura nago dudan jokalari multzoarekin; orain, nire lana da jokalari bakoitzari etekinik handiena ateratzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.