Alaves 2-1 Eibar

Alavesek Eibarri pasa dizkio arazoak

Mendizorrotzako derbian, Pedro Leonek aurreratu ditu armaginak hasi eta berehala, eta gero, atsedenaldiaren aurreko azken minutuetan, Edgar Mendezek eta Deyversonek irauli dute emaitza. 

jarraia191551.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko abenduaren 24a
00:21
Entzun

Alavesek irabazi zion atzo gauean euskal derbia Eibarri (2-1). Arazoekin eta kezkatuta ekin zion partidari etxeko taldeak, baina norgehiagokaren akaberan, estutasunak armaginentzat izan ziren. Eta izango dira. Batetik, ondo ekin ziolako partidari, aurretik ere jarriz, baina atsedenaldira galtzen joan zelako; eta bestetik, bigarren zati oso eskasa egin zuelako, aspaldiko txarrena. Alavesi kontrakoa gertatu zitzaion: lehen zati apala egin zuen, baina irabazle joan zen atsedenaldira; bigarren zatian, aldiz, defentsako lan oso ona egin zuen, nahiz eta emaitza handiko aukera garbi pare bat alferrik galdu azkeneko minutuetan. 

Pedro Leonek sartu zuen Eibarren gola laugarren minutuan. Kornerretik zuzenean. Pacheko Alaveseko atezainari jo zion baloiak hanketan, eta barrura zihoan baloia atean sartu zen. Erosotasuna eman zion golak Jose Luis Mendilibarren taldeari, eta pare bat aukera on ere sortu zituen partida ia erabakita uzteko. Ez zuen asmatu, ordea. Alavesek bai gero. 41. minutuan, Edgar Mendezek berdindu zuen partida, nola eta Eibarren aldeko korner batean kontraerasoan gola sartuz. Bigarren gola 47. minutuan egin zuen Deyversonek, bakarrik zela area txikian, Joseluk area barrutik buruz egindako pasea baliatuz. Edozein haserretzeko moduko golak jaso zituen Eibarrek, eta batere uste ez zuenean, galtzaile zen. 

Bigarren zatian, Alavesek menderatu zuen aurkaria. Ondo lotu zituen Eibarren erasoko sormen lekuak: hegaletako atzelariak, batetik, eta Bryan Gil, bestetik. Atzeko lerroa asko aurreratu zuen, eta armaginei ez zien utzi lerro horren bizkarrera baloia botatzen. Horretarako aukera izan zutenean atzo kanpotarrak izan zirenek, gainera, ez zuten baliatu. 

Partidaren azkeneko zatian, Alavesek aukera garbiak sortu zituen, baina hutsak garbiagoak egin zituen. Luis Riojak eta Joseluk Dmitrovicen aurrean huts egin zituztenak oso aukera gardenak izan ziren. Halakoak barkatu eta gero, ohikoa izaten da aurkariak aukera bat izan eta barrura sartzea, eta izan zuen Eibarrek berdintzeko aukera garbia. Azkeneko jokaldietako batean izan zen, korner batean, eta Kikeren burukada kanpora joan zen. 

Arnasa hartu zuen Alavesek atzoko garaipenarekin. Hamahirugarren jarri da, 17 punturekin, etxeko bigarren garaipena eskuratu eta gero. Jaitsiera hiru puntura dauka. Eibar, aldiz, azken-laugarren dago, 15 punturekin, eta zuloa puntu bakarrera du. Hurrengo partida Bartzelonaren zelaian dauka, datorren asteartean. Alavesek beste derbi bat izango du gaur zortzi: Sadarren, Osasunaren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.