Etxeko taldea nagusitu da gaur gauean Alavesek eta Realak Mendizorrotzan jokatutako derbian: 1-0. Tenagliak 65. minutuan sartutako gol ederra erabakigarria izan da. Hari esker eskuratu ditu hiru puntuak Eduardo Coudetek entrenatutako taldeak, eta, hari esker utzi ditu atzean jaitsiera postuak. Biharko emaitzen zain, hamaseigarren postuan dago Alaves, 34 punturekin. Bi puntura du hemezortzigarren sailkatua, Las Palmas, eta hark baino gol alde hobea du. Bost partida falta zaizkio jokatzeko, eta gogor borrokatu beharko da oraindik ere mailari eusteko, baina gaur egindakoak arnasa emango dio, baita bultzada ere.
Reala, aldiz, suspertu ezinik dabil: puntu bakarra lortu du azken hiru partidetan, eta ia mirariz izan zen, aurreko igandean, Vila-realen zelaian. Horren ondorioz, asko ari zaio zailtzen seigarren urtez jarraian Europarako sailkatzea. Gaur-gaurkoz, bederatzigarren postuan dago, 42 punturekin. Lau puntura du zazpigarrena, Celta, eta bira zortzigarrena, Mallorca. Ez da alde erabakigarria, baina zuloa gero eta handiagoa egiten ari da. Gainera, baliteke Realak bi postu egitea behera jardunaldian, puntu bakarrera baititu Rayo Vallecano eta Osasunak, eta biek bihar jokatuko baitute. Gaur galduta, halaber, derbietan daraman ezina areagotu du: bost jokatu ditu denboraldi honetan, eta guztiak galdu ditu. Hain zuzen, derbia jokatuko du hurrengo jardunaldian, maiatzaren 4an, Anoetan, Athleticen aurka.
Ohiko derbia izan da gaurkoa, emozio askokoa eta joko gutxikoa. Ezer gutxi gertatu da lehen zatian. Realak hobeto ekin dio lehiari, eta bi aukera izan ditu hogeigarren minutuaren bueltan, baina ez Sergio Gomezek lehenbizi, ez Brais Mendezek gero ez dute asmatu. Ez dira izan gol aukera garbiak, baina bai arriskuko jokaldiak. Alaves, ordea, ez da ezta arriskua sortzeko gai izan ere. Gora egin du azken minutuetan, baina ez nahikoa Reala estu hartzeko.
Hori dela eta, Coudetek bi aldaketa egin ditu atsedenaldian, eta Gebara eta Conechny zelairatu ditu Jordanen eta Carlos Martinen ordez. Aldaketek on egin diote Alavesi, eta lehen aldiz, arriskuarekin gerturatu da Realaren areara. 59. minutuan, Tenagliari gutxigatik joan zaio kanpora buruz errematatutako falta jaurtiketa bat. Abisua izan da. Bost minutu eskas geroago, ordea, ez du huts egin, eta bikain jo du eskuin boleaz baloia korner batean. Ahaleginaren saria jaso dute etxekoek.
Gola jaso aurretik prest zuen aldaketa hirukoitza egin du Imanol Alguacilek, eta Aritz Elustondo, Sucic eta Oskarsson zelairatu ditu Arambururen, Brais Mendezen eta Kuboren ordez. Beste bi aldaketa egin ditu hamar minutu geroago: Beckerrek eta Mariezkurrenak Sergio Gomez eta Pablo Marin ordezkatu dituzte. Hamar minutuan ia talde erdia aldatu du Realeko entrenatzaileak. Ikusten ari zena batere gustatzen ez zitzaionaren seinalea zen.
Hala ere, aldaketek ezer gutxi aldatu dute Realean. Are gehiago, Alavesek izan du aukerarik garbiena: 82. minutuan, Antonio Blanco bigarren gola sartzear izan da, baina urrutitik egin duen jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora. 90. minutuan, Oskarssonek gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du, aurrelaria jokoz kanpo baitzegoen. Ez da egon aparteko beste jokaldirik. Azkenean, garaipen garrantzitsua etxekoentzat. Pozarren ospatu dute. Aldiz, burumakur amaitu dute bisitariek.
ALAVES-REALA
Alaves. Sivera; Tenaglia, Garces, Mouriño, Manu Sanchez; Jordan (Gebara, 46. min.), Blanco; Carlos Vicente, Guridi (Protesoni, 71. min.), Carlos Martin (Conachny, 46. min.); eta Kike Garcia (Toni Martinez, 78. min.).
Reala. Remiro; Aramburu (Aritz Elustondo, 66. min.), Jon Martin, Pacheco, Javi Lopez; Zubimendi, Brais Mendez (Sucic, 66. min.), Pablo Marin (Mariezkurrena, 76. min.); Kubo (Oskarsson, 66. min.), Oiartzabal eta Sergio Gomez (Becker, 76. min.).
Golak. 1-0: Tenagliak (65. min.).