ALAVES 2-3 VALLADOLID

Alaves burumakur dabil oraindik, eta galdu egin du Mendizorrotzan

Etxeko taldeak gola sartu du partida hasi eta berehala, baina Valladolidek emaitza irauli du. Bisitariek bi gol sartu dituzte penaltiz; epaileak gol bat baliogabetu dio Guridiri, eta Kike Garcia kanporatu du.

Alaves. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
Valladolideko jokalariak, lehen gola ospatzen, gaur gauean, Mendizorrotzan. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
Julen Etxeberria.
2024ko urriaren 18a
23:07
Entzun

Alaves suspertu ezinik dabil oraindik. Luis Garcia Plazak entrenatutako taldeak galdu egin ditu jokatu dituen azkeneko lau partidak. Gaur gauean galdu du azkenekoz, Mendizorrotzan, 2-3 Valladoliden aurka, Espainiako Lehen Mailako hamargarren jardunaldian.

Galdutako aurreko hiru partidetatik bi aurkari indartsuen aurka izan ziren: Real Madrilen aurka Bernabeun, eta Bartzelonaren aurka Mendizorrotzan. Tartean, Getafen (Espainia) galdu zuen. Gaur, ordea, ustez koska bat beherago dagoen talde bati eman dio amore. Ezinean ari baitzen aspaldian Valladolid, zortzi jardunaldi baitzeramatzan irabazi gabe, eta 24 puntutatik bi besterik ez baitzituen eskuratu. Baina gaur hiru lortu ditu Mendizorrotzan, eta esku hutsik utzi du Alaves.

Nekez espero zitekeen halakorik Alavesek partidari zein ondo ekin dion kontuan hartuta. Seigarren minutuan, Mario Martin Valladolideko erdilariak huts larria egin du, eta Toni Martinezi eman dio baloia. Aurrelaria ziztu bizian joan da arearantz, zartako bikaina jo du area kanpotik, eta gola sartu du. Golak etxekoen nagusitasuna areagotu du.

Hala ere, gutxien espero zenean, Valladolidek kolpea eman du. Hamabosgarren minutuan, bisitarien lehen arrisku jokaldian, Anuar bakarrik geratu da Siveraren aurrean, eta Alaveseko atezainak penaltia egin dio. Syllak, Alaveseko jokalari ohiak, ez du huts egin, eta berdinketaren gola sartu du. Golak bisitariak hauspotu ditu, eta etxekoak indargabetu. Banakoarekin amaitu da lehen zatia.

Lehen zatian egin bezala, Alaves indartsu zelairatu da. 49. minutuan, Luis Perezek Conechny zangotrabatu du area barruan, baina ez zelaiko epaileak, ez VARekoak ez dute penaltia adierazi. Bi minutu geroago, Guridik gola sartu du, epaileak ontzat eman du, baina iritzia aldatu du segituan, VAR epaileak esan baitio erdilaria jokoz kanpo zegoela.

Garcia Plazak freskotasuna eman nahi izan dio taldeari, eta, horretarako, bi aldaketa egin ditu 60. minutuan: Jordanek Blanco ordezkatu du, eta Luka Romerok Conechny. Hala ere, aldaketek ez dute eman esperotako emaitza. Valladolidek neurketaren aginte makila hartu du, eta estutzen hasi da.

Halako batean, 70. minutuan, VAReko epaileak zelaikoa deitu du, eta esan dio Javi Sanchezek buruz errematatutako baloi batek Guridiren besoa jo duela. Besoa baino gehiago, Alaveseko erdilariaren sorbalda jo du baloiak, baina, hala ere, epaileak penaltia adierazi du. Amallahak ez du huts egin 11 metrotik.

Garcia Plazak bi aldaketa egin ditu bigarren gola jaso eta berehala: Rebbach eta Villalibre zelairatu ditu Guridiren eta Toni Martinezek ordez. Gola nahi zuen Alaveseko entrenatzaileak. Baina Valladolidek sartu du, hirugarrena, handik hiru minutu eskasera. Kontraeraso batean, Syllak baloia jaso du, eta haren erdiraketa ezin hobeto errematatu du Anuarrek. Ordu laurden besterik ez zen falta, eta etxekoek oso maldan gora zuten norgehiagoka.

Alavesek ekinean jarraitu du, eta, 97. minutuan, Kike Garciak aldea murriztu du. Gol horrek bizia eman die etxekoei, eta Valladolid estu hartu dute azkenerako. Baina ez dira gai izan gola sartzeko. Hori gutxi ez, eta epaileak Kike Garcia kanporatu du, protesta egiteagatik.  

ALAVES-VALLADOLID
Alaves. Sivera; Manu Sanchez, Diarra, Abqar, Tenaglia; Gebara (Kike Garcia, 77. min.), Antonio Blanco (Jordan, 60. min.); Conechny (Luka Romero, 60. min.), Guridi (Rebbach, 73. min.), Carlos Vicente; eta Toni Martinez (Villalibre, 73. min.).
Valladolid. Hein; Luis Perez, Javi Sanchez (Juma, 74. min.), David Torres, Raul Chasco; Raul Moro, Comert, Mario Martin (Kike Perez, 74. min.), Anuar (Juric, 89. min.); Amallah (Meseguer, 74. Min.) eta Sylla (Latasa, 84. min.).
Golak. 1-0. Toni Martinezek (6.  min.). 1-1. Syllak, penaltiz (17. min.). 1-2. Amallahk (72. min.). 1-3. Anuarrek (76. min.). 2-3. Kike Garciak (97. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.