Alaves 1-0 Mallorca

Alavesek bolada txarra eten du, Mallorcari irabazita

Arabako taldeak balio handiko hiru puntu lortu ditu, Jon Guridik partida amaitzeko ordu laurden falta zela sartutako golari esker. Lehen zatian partida grisa jokatu du, baina bigarrenean nagusi izan da Alaves.

Alaveseko jokalariak, Guridik sartutako gola ospatzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Alaveseko jokalariak, Guridik sartutako gola ospatzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko azaroaren 1a
23:20
Entzun

Liga hasiera on baten ostean, Alaves burumakur zegoen azken jardunaldietan. Bost porrot zeramatzan segidan, eta gaurkoan hiru puntuak behar zituen etxean, Mallorcaren kontra, zalantzak uxatu eta bolada kaskarra amaitzeko. Bada, lortu du. Partida lehiatua eta distira gutxikoa izan da, eta Jon Guridiren golak erabaki du, amaierarako ordu laurden falta zela. Merezitakoa izan da garaipena. Izan ere, lehen zatia apartekoa izan ez bada ere, bigarrenean hobea izan da Luis Garcia Plazaren taldea, eta garaipenaren bila joan da. Atzean sendo egotea, eta aurrean eraginkor aritzea izan da beste behin emaitza ona eman dion formula.  

Luis Garcia Plaza entrenatzaileak bost aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan, Rayoren aurka ateratakoarekin alderatuz. Besteak beste, puntan Kike Garcia zelairatu du, Toni Martinezen ordez. Lehen minutuetan Alavesek izan du jokoaren ekimena, nahiko bizi jokatuz. Ondo ekin dio norgehiagokari. Baina minutuak aurrera joan ahala, neurketaren erritmoa jaitsi egin da apur bat, eta horrek mesede egin dio Mallorcari. Jagoba Arrasateren taldea Siveraren atera gerturatuz joan da, eta partidako lehen aukera garbia Robert Navarrok eduki du, 21. minutuan. Erremate ona egin du, baina kanpora joan zaio. Gainera, epaileak baliorik gabe utzi du, Larin jokoz kanpo zegoelako. Ia erreskadan Chiquinhok egin du ahalegina, baina haren errematea Siverak geratu du.

Dena den, aurrea hartzeko abagunerik argiena, partidaren lehen ordu erdian, Alavesek eduki du. Geldikako jokaldi batean, baloia Guridiri ailegatu zaio, eta, kanpora joan aurretik, erdiraketa egin du. Leo Romanen eta zutoinaren artean igaro da baloia, baina inor ez zegoen gol arrastoan oina sartu eta atea zulatzeko.

Hortik atsedenaldira bitarte partida asko orekatu da, eta ez talde batek ez besteak ez dute jokoaren ekimena lortu. Buruz buruko lehiak nagusitu dira, eta ez da abagunerik izan. Kaskarrak izan dira minutu horiek. Epaileak, gainera, dezentetan geratu du jokoa, faltak direla eta. Horrek zaleen haserrea ekarri du. Dena den, Mallorcari apur bat erosoago aritu da, eta neurketa nahi zuen tokian zuen sentipenarekin. Alavesi, berriz, bolada txar batean dagoen taldeak izan ohi duen argitasun falta antzeman zaio. Azkenerako, hasi bezala amaitu dira lehen 45 minutuak: 0-0.

Zuzenago jokatuz

Bigarren zatiari, lehenengoari bezala, bizi ekin dio Alavesek, oldarkor. Zuzenago jokatzen ahalegindu da, pase gutxiagorekin Leo Romanen atera gerturatzeko asmoz, eta 49. minutuan gol aukera ona izan du. Rebbachek gora egin du hegaletik, erdiraketa on bat egin du bigarren zutoinera, eta Tenagliak area ertzetik egindako errematea gutxigatik joan da kanpora. Ia segidan Kike Garcia Gebarak egindako erdiraketa errematatzear egon da, Mallorcaren erdiko bi atzelarien artean sartuz. Baina ez du lortu. Dena den, geldikako jokaldi batean erantzun du  Mallorcak. Siverak zalantza egin du irtetean, eta Larinek gutxiagatik errematatu du kanpora.

Alavesi atzean zalantzak sortzeko asmoz, Arrasatek Muriqi zelairatu du, eta 4-4-2ko marrazkiarekin jokatzen hasi da. Baina arabarrek ekinean eta estutzen jarraitu dute, eta korner batean aurretik jartzear egon dira. Carlos Vicentek ondo erdiratu du, eta Abqarren burukada ozta-ozta bidali du berriz ere kornerra Leo Romanek. Amaierarako ordu erdi falta zen, eta neurketako unerik onenean zegoen Alaves.            

Hortik aurrera, ez talde batek ez besteak ez dute arriskatu, eta zelai erdiko jokoa nagusitu da. Baina 76. minutuan saria jaso dute arabarrek. Guridik gola sartu du. Antonio Blancok baloia eman dio Tenagliari. Hark arean jarri du, eta Mascarellek huts egin du baloia urruntzeko orduan. Aurrera beharrean bere aterantz egin du, eta oparia ondo baliatu du Guridik area txikian Alaves aurretik jartzeko.

Mallorcak aurrerapauso bat eman behar izan du berdinketa lortzeko. Falta batean Muriqi buruz berdinketa egitear egon den arren, Alavesek ondo eutsi dio abantailari azken minutuetan. Areago, bigarren gola ere ez du aparte eduki. Carlos Martin buruz buru geratu da Leo Roman atezainarekin, baina hark ondo atera du baloia. Azkenerako, garaipena Gasteizen geratzea lortu du Alavesek, eta hala asteburuaz lasai gozatu ahal izango dute jokalariek, zaleek eta Luis Garcia Plaza teknikariak, hiru puntuak poltsikoan.

ALAVES-MALLORCA

Alaves: Sivera; Tenaglia, Abqar, Adrian, Manu Sanchez; Antonio Blanco, Protesoni (Gebara, 17. min); Carlos Vicente, Guridi (Stoichkov, 80. min), Rebbach (Carlos Martin, 92. min) eta Kike Garcia (Toni Martinez, 92. min).

Mallorca: Leo Roman; Maffeo, Raillo, Copete, Lato; Mascarell (Abdon Prats, 79. min), Morlanes; Robert Navarro (Antonio Sanchez, 68. min), Chiquinho (Muriqi, 57. min), Dani Rodriguez (Luna, 79. min) eta Larin (Darderk, 68. min).

Gola: 1-0: Guridik (76. min)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.