LAS PALMAS 2-2 ALAVES

Garaipenak ihes egin dio Alavesi azken minutuetan Las Palmasen

Arabako taldea 0-2 ari zen irabazten 90. minutuan, baina etxeko taldeak bi gol sartu ditu luzapenean. Azkenean puntu bakarra eskuratu duen arren, Alaves jaitsiera postuetatik kanpo dago jardunaldiko gainerako partidetako emaitzak jakin artean.

Carlos Vicente. ELVIRA URQUIJO / EFE
Carlos Vicente, baloia jaso nahian. ELVIRA URQUIJO / EFE
Julen Etxeberria.
2025eko martxoaren 14a
23:12
Entzun 00:00:0000:00:00

Alavesek puntu bakarrarekin konformatu behar izan du Las Palmasen (Espainia). Sari eskasa da, 90. minutuan bi golen aldea baitzuen Arabako taldeak. Toni Martinezek lehen zatian, eta Guridik bigarrengoan abantaila polita eman diote Eduardo Coudetek entrenatutako taldeari, baina, luzapenean, etxeko taldeak ezerezean utzi du aldea, bi gol sartuta.

Txarrari onena aterata, lortutako puntuarekin Alaves jaitsieratik atera da: hamaseigarren postuan dago. Baina, puntuazioari dagokionez, berdinduta dago atzetik dituen bi talderekin —Valentziarekin eta Leganesekin—, eta bi talde horiek ez dute oraindik jokatu jardunaldi honetan. Beraz, baliteke arabarrak jaitsierako postuetan egotea berriro asteburuaren bukaeran. Hala ere, gaur hanka sartu duten arren, Coudeten taldea beste itxura bat ematen ari da. Horri heldu behar diote mailari euts diezaioketela sinesteko.   

Kike Garcia funtsezko jokalaria da Alavesen. Hura da taldeko golegile nagusia. Gaur, ordea, ez du jokatu. Aulkian egon da, baina ez da zelairatu, ez baitzegoen erabat osatuta. Toni Martinezek ordezkatu du, eta bikain aritu da. Hura izan da protagonista nagusia lehen zatian: lehenbizi, zazpigarren minutuan, gola sartu du, bolea ikusgarriaz. Horri esker, aspaldiko bolada txarra eten du, ia bost hilabete baitzeramatzan golik sartu gabe. Gehiago sartzear egon da, baina 21. minutuan haren erremateak zutoina jo du. Hurrengo jokaldian, gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du, jokoz kanpo zegoelako. Hala, 0-1 amaitu da lehen zatia. Bide onetik zihoan partida.

Eta are hobeto jarri da neurketa, 61. minutuan zelaira irten berri zen Guridik bigarren gola sartu baitu. Harekin batera irten den Villalibrek pase ederra eman dio, eta erdilaria bakarrik geratu da Cillesen aurrean: ez du aukera alferrik galdu. Carlos Vicenteren eta Toni Martinezek ordez zelairatu ditu Coudetek Guridi eta Villalibre, eta bete-betean asmatu du.

Bi goleko desabantaila izanda, Las Palmas itsu-itsuan joan da erasora. Alaves, ordea, atzean sartu da. Etxekoek ahaleginaren saria jaso dute azken minutuetan: 90. minutuan, Facundo Garcesek eskuarekin ukitu du McBurniek buruz errematatutako baloia, eta epaileak penaltia adierazi du. Fabio Silvak bota du, eta gola sartu du. 94. minutuan, berriz, binakoa lortu du Moleirok area kanpotik egindako jaurtiketa bikainari esker. Etxekoen bigarren gola kolpe gogorra izan da bisitarientzat, garaipenik gabe geratu baitira bat-batean.

LAS PALMAS-ALAVES
Las Palmas.
Cillesen; Alex Suarez (Marvin, 60. min.), Herzog, McKenna, Alex Muñoz (Mika Marmol, 46. min.); Bajcetic (McBurnie, 46. min.), Campaña (Fuster, 80. min.); Sandro (Januzaj, 70. min.), Javi Muñoz, Moleiro; eta Fabio Silva.
Alaves. Adrian; Tenaglia, Abqar, Mouriño, Manu Sanchez; Carlos Vicente (Guridi, 61. min.), Jordan (Protesoni, 76. min.), Gebara, Aleña; Toni Martinez (Villalibre, 60. min.) eta Carlos Martin (Garces, 77. min.).
Golak. 0-1. Toni Martinezek (7. min.). 0-2. Guridik (63. min.). 1-2. Fabio Silvak, penaltiz (91. min.). 2-2. Moleirok (94. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.