Mendizorrotzan kamuts dabil oraindik ere Alaves. Azkenekoz azaroaren lehenean irabazi zuen bertan, Mallorcaren aurka. Geroztik sei taldek egin diote bisita Arabako taldeari, eta denek lortu dute puntu bat gutxienez. Espanyolek hiru sartu ditu gaur zakuan, Getafek duela bi aste egin bezala. Hots, Alavesek kale egin du aurkari zuzenen kontrako partidetan. Gaurko neurketa, gainera, oso modu mingarrian galdu du. Minutu luzez jo eta ke aritu da garaipenaren bila, baina ez du asmatu azken metroetan. Hori aski ez, eta falta batean esku hutsik utzi du Espanyolek. Etxetik at lorturiko lehen garaipena izan da kataluniarrentzat. Arabarrak, berriz, jaitsiera postuetan iltzatuta gelditzeko arriskuan daude.
Bi taldeek asko zuten jokoan, eta, halakoetan, partidak katramilatu egin ohi dira. Akatsak saihestea eta aurkariari erraztasunik ez ematea izaten da lehentasuna. Alavesek jokoa ehuntzeko pazientzia eta ausardia izan zituen Leganesen zelaian, baina gaur estilo zuzenagoa erabili du, lehen zatian batez ere. Eduardo Coudetek bi jokalari ipini ditu aurreko lerroan, Kike Garcia eta Toni Martinez, eta haiei baloi luzeak bidaltzeko agindu die beste jokalariei. Espanyolek, berriz, nahiko atzean paratu ditu lerroak, eta espazioak baliatzen saiatu da, jokaldi azkarren bidez.
Hasieran, erosoago aritu dira kataluniarrak, baina ez dute Sivera estu hartzerik izan. Alaves, ordea, Espanyolen areara inguratzen hasi da pixkanaka. Bizitasunaren bidetik hasi zaio aurkariari gailentzen. Ordu laurdena beteta, Aleñak kosk egin du presioan, eta haren erdiraketa pozoitu egin da aurkari batek ukitu ostean. Ez du inork errematatu, eta gauza bera gertatu da ondorengo kornerrean; Jordanek bidalitako baloiak, hori bai, arazoak sortu dizkio Joan Garciari. Espanyoleko atezaina atepetik atera da gero Kikeren erdiraketa bat urruntzen saiatzeko, eta baloia Tenagliari iritsi zaio. Atea hutsik zegoen, baina behartuta iritsi da argentinarra, eta indarge errematatu du buruz.
Hurrengo bi aukeretan, Alaveseko bi aurrelariak izan dira protagonistak. Lehenik, Toni Martinezek kanpora jaurti du area ertzetik, orpoz Kikeri pase dotore eta zitala ematen saiatu ondoren. Eta jarraian, Kikek ezin izan du baliatu Jordanek zehaztasunez ateratako falta bat. Erdiraketak lozorroan harrapatu ditu Espanyoleko jokalariak, eta Kikek bikain bereganatu du, bularrez. Kale egin du, ordea, baloia sareratzeko garaian.
Amaierako ahulezia
Alavesek erritmo handiagoa eman dio jokoari bigarren zatian, eta guztiz zokoratu du Espanyol. Atsedenean, Carlos Vicente aulkian utzi du Coudetek, eta Cabanes sartu du zelaian. Eta geroago, Villalibreri eman dio jokatzeko aukera, Toni Martinezen tokian ipinita. Bada, erasoko jokalariak aldatuta ere, aurkariaren atea zulatu ezinda jarraitu dute gasteiztarrek. 64. minutuan gertu egon da Aleña, area barruko jokaldi nahasi batean, baina haren ezkerkadari ondo erantzun dio Joan Garciak. Eta hamar minutu geroago, beste gelditu erabakigarri bat egin du Espanyolen atezainak. Aleñak erdiraketa neurtua egin du bigarren zutoinera, eta Villalibrek eta Mouriñok elkarri traba egin diote. Hala ere, atera jaurtitzea lortu du Mouriñok, baina ezin izan du Garcia gainditu.
Okerrena etortzeko zegoen oraindik. Lehenik, Rocak lanean jarri du Sivera. Alavesi atera egin dioten lehen jaurtiketa izan da. Eta bigarrenak sarean bukatu du, 86. minutuan. Calerok gogor zigortu ditu arabarrak, falta batean, burukada indartsu baten bidez. Partiden azken zatian gol gehiegi ari zaizkio sartzen Alavesi: 80. eta 90. minutuen artean hamar egin dizkiote jada. Garaipenak nekez lor daitezke horrela; Coudeten lehen hamar partidetan, bakarra lortu du Arabako taldeak.
Alaves-Espanyol
Alaves. Sivera; Tenaglia (Manu Sanchez, 83. min.), Abqar, Mouriño, Diarra (Guridi, 92. min.); Antonio Blanco (Gebara, 83. min.), Jordan, Aleña, Carlos Vicente (Pau Cabanes, 46. min.); Toni Martinez (Villalibre, 61. min.) eta Kike Garcia.
Espanyol. Joan Garcia; El Hilali, Kumbulla, Cabrera, Carlos Romero; Urko, Kral, Pol Lozano (Pere Milla, 56. min. Roca, 73. min.), Jofre (Tejero, 67. min.), Puado (Calero, 67. min.); eta Roberto.
Golak. 0-1: Calerok (86. min.).
Athleticek eta realak bihar jokatuko dute
Txuri-urdinek urratsa egin nahi dute Europarako sailkatzeko bidean, eta zuri-gorriek goiko postuetan sendo segitu nahi dute. Bihar jokatuko dute bi taldeek, etxean. Athleticek Valladolid azken sailkatuaren bisita jasoko du San Mamesen (14:00, DAZN), eta Realak Leganesen aurka neurtuko ditu indarrak Anoetan (21:00, DAZN). Zaleen babesean hiru puntuak eskuratu nahi dituzte biek. Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borroka betean dago Athletic, eta aukera ona du gaur beste kolpe bat emateko: sailkapenaren zuloan dagoen Valladolid izango du aurkari. Realak, berriz, amaiera eman nahi dio ligako bolada eskasari. Azken bost partidetatik bakarra irabazi dute txuri-urdinek.